Buenos Airesko kaleak bete dituzte Milei presidentearen aurkako lehen protestek

Ultraeskuinak beste 30 arau berri iragarri ditu. Erabaki horren helburua da merkatua desarautzea eta estatuari boterea kentzea dela salatu du ezkerrak.

(ID_13443620) ARGENTINA PROTESTAS
Jendetza batu da bart Buenos Airesen, Javier Milei presidenteak onartutako neurri ekonomikoen aurkako protestetan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE
marcos tedin
2023ko abenduaren 21a
08:34
Entzun

Liskar handiak espero zituzten asteazken gauean —ostegun goizaldea Euskal Herrian— Buenos Airesko erdigunean egin ziren mobilizazioetan. Baina ez zen halakorik izan. Poliziak hartu zituen hiriko txoko guztiak, bai bide publikoak, bai garraio publikoa. Manifestariak hiriburura joan ziren, eta Maiatzeko Plazan batu ziren, bakean. Aipatzekoa da Poliziak bi lagun atxilotu zituela eta bi ofizial zaurituak izan zirela. Javier Milei presidentearen aurkako lehen protestak izan ziren, eta segurtasun indarren presentzia oso handia izan zen arren—diktaduraren aurkako ikur bilakatua den Maiatzeko Plazan, batez ere—, ez zen istilu larririk izan. Hala ere, kontuan hartu behar da peronismoak —Argentinako indar politikorik handiena— ez zuela parte hartu mobilizazioetan.

Argentinan, abendua hilabete biziki sutsua izaten da. Ikasturte amaiera, jaiak, bero kiskalgarria, gabonak, opariak erosteko diru nahikorik ez etxe askotan, oporrak, manifestazioak eta erabaki politikoak protagonistak izaten dira azken hilabete honetan. Tentsio hori igar daiteke, eta zerbait eztanda egiteko zorian dagoela ematen du beti. Batzuetan, halaxe da: 2001ean, krisi ekonomiko baten eta bi eguneko protesta larrien ondoren, abenduaren 20an Fernando de la Rua presidenteak dimisioa aurkeztu behar izan zuen, eta helikopteroz egin zuen ihes Etxe Arrosatik. Kalean, Poliziaren errepresioa basatia izan zen. Bi egun horietan, 39 pertsona hil zituzten. 2001eko abenduaren 20tik 2002ko urtarrilaren 1era, Argentinak bost presidente izan zituen.

Testuinguru horretan, Milei ultraeskuindarraren gobernuak atzo gainditu zuen lehenengo oztopoa. Luis Caputo Ekonomia ministroak aurretik grabatutako mezu batean neurri gogorrak iragarri ostean, ezkerreko elkarte eta alderdiek mobilizatzera deitu zuten. Jendearen erosahalmena urrituko duten neurrien artean, aipatu behar da garraio publikoari subsidioak kendu dizkiola egungo gobernuak. Presidenteak onartu zuenez, datozen hilabeteak oso zailak izango dira herriarentzat. Hori esatearekin batera, mobilizazioak amaitzerakoan, presidenteak jakinarazi zuen 30 arau berri sartuko direla indarrean datozen egunetan. Aurretik grabatutako mezu berri batean eman zuen horren berri —bigarren aldia da modu horretan jakinarazten dituena hartutako neurriak—. Onartutako arauen artean daude alokairuen legea ezeztatzea eta osasun zerbitzuak pribatizatzea. Erabaki horren helburua da merkatua desarautzea eta estatuari boterea kentzea dela salatu du ezkerrak.

Protokolo polemikoa 

Aurrekariak kontuan hartuta, Mileiren gobernuak erabaki zuen piketeen aurkako protokolo bat ezartzea, Patricia Bullrich Segurtasun ministroak aginduta. Besteak beste, protokolo horrek debekatzen du kaleak eta errepideak moztea, eta manifestariak identifikatzeko eskumena ematen die segurtasun indarrei. Hala, geltoki eta hiriko sarbide nagusietan ibili zen atzo Buenos Airesko Polizia, bertaratzen zirenak kontrolatzen. Argentinako hainbat elkartek eta alderdik salatu dute protokolo honek protesta «kriminalizatzen» duela, eta aldarrikatu dute jendeak mobilizatzeko eskubidea duela. 

Bullrichek ibilbide luzea eta aldakorra egin du Argentinako politikan. 70eko hamarkadan, Montoneros talde peronistako gerrillaria izan zen, klandestinitatean, Carolina Serrano ezizenaz. Bere militantzia politikoagatik, 1977an Brasilera erbesteratu behar izan zuen. Urteak igarota, ezkerretik eskuinerantz mugituz joan zen, eta 2001ean De la Ruaren gobernuan parte hartu zuen, hainbat kargutan. 2023ko hauteskundeetan, Juntos por el Cambio alderdi kontserbadorearen presidentegaia izan zen. Ez zuen lortu bigarren bueltara ailegatzea, eta, Mileik hauteskundeak irabazita, haren gobernuan sartu zen Segurtasun ministro gisa. Kargu horretan daramatzan hamar egunak nahikoak izan dira hortzak erakusteko: «Kaleak ez dira hartzen. Gogoan izan: kaleak hartzen badituzue, ondorioak izango dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.