Netanyahuren eta Gantzen koalizio gobernua hilaren 13an eratuko da

Israelgo Auzitegi Gorenak ebatzi du jarduneko lehen ministroak kargu horretan jarrai dezakeela, ustelkeriagatik inputatuta dagoen arren. Parlamentuak oniritzia eman dio bi agintarien akordioari

Netanyahuren eta Gantzen akordioaren aurkako manifestazioak izan dira asteotan. Irudian, iragan igandekoa, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE.
ander perez zala
2020ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak ustelkeria karguei aurre egin beharko badie ere, Israelgo Auzitegi Gorenaren ustez horrek ez dio eragozten agintean segitzea eta, hortaz, Benny Gantz Urdina eta Zuria koalizioaren buruzagiarekin adostu duen koalizio gobernua osatzea hilaren 13tik aurrera. Israelek jardunean dagoen gobernu bat du 2018ko abendutik, eta, beraz, datorren astetik aurrera gobernu berriak erabat funtzionatuko du.

Aho batezko erabakia izan da 11 epaileek herenegun gauean jakinarazitakoa, eta hori zen azken oztopoa Netanyahuren helbururako, hots, agintean jarraitzeko. «Diputatu baten aurkako akusazio formal batek ez du hura inhabilitatzen gobernua osatu eta gidatzetik, legeak ezarritako baldintzetan. Ez dugu lege arrazoirik aurkitu hori eragozteko», jasotzen du autoak. Ez hori bakarrik: epaileek legezkotzat jo dute bi agintariek adostu zuten akordioa; besteak beste, gobernuburu karguan txandakatzea.

Erabakiaren berri izan eta berehala, jarduneko lehen ministroak eta Gantzek jakinarazi zuten gobernu berria osatuko duten ministroek datorren astean hartuko dutela kargua. Egun horretan, hortaz, Netanyahu lehen ministro bilakatuko da, berriz ere, eta 2021eko urrira arte jardungo du postuan —1996tik 1999ra izan zen, eta berriz 2009tik aurrera, hamar urtez—; orduan hartuko du kargu hori Urdina eta Zuriaren buruzagiak —bien bitartean, lehen ministrorde eta Defentsa ministro izango da—.

Auzitegi Gorenarena garrantzi handiko erabakia izan da, Israelgo blokeo politikoa amaitzeko balio izan baitu. Jarduneko lehen ministroak ohartarazia zuen, izan ere, ebazpena kontrakoa balitz herrialdea urtebetean laugarrenez joango litzatekeela hauteskundeetara, baina bazirudien horretarako aukera gutxi zegoela, zeren Netanyahu ustelkeria kasuengatik inputatu duenak ere, Avichail Mandelblit fiskal nagusiak, iragan astean adierazi baitzuen gobernuburu karguan jarraitzeko aukera zuela.

Auzitegiaren baiezkoaz gain, Knesset-ek (parlamentua) atzo onartu zuen Netanyahuren eta Gantzen gobernabide akordioa: aldeko 71 boto izan ziren, eta kontrako 37. Ezinbesteko pausoa zen hori, besteak beste, lehen ministroaren kargua txandakatzea legezkoa izan dadin, eta legealdia lau urtetik hiru urtera pasatzeko.

Horrez gain, parlamentuak Netanyahu aukeratu zuen gobernua osatzeko hautagai gisa, eta, protokoloak agindu bezala, hari eman zion ardura hori Reuven Rivlin herrialdeko presidenteak; denbora aldetik nahiko justu ibili ziren, bart amaitzen baitzen Rivlinek parlamentuari hautagai bat aukeratzeko eman zion epemuga.

Gobernabide itunaren arabera, gobernu berriak osasun larrialdiari buruzko legedia besterik ezingo du sustatu agintaldiaren lehen sei hilabeteetan, eta Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko lege proiektua soilik uztailaren 1etik aurrera onarraraz dezake; azken horretarako, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) babesa behar du, eta hori «datozen asteetan» etor liteke, AEBen Israelgo enbaxadoreak herenegun adierazi zuenez.

Epaiketa, lehen froga

Lehen ministroaren kargua berriz hartu eta berehala, Netanyahuk bere aurkako epaiketari egin beharko dio aurre. Hilaren 24an hasiko da, eta fiskaltzak iruzurra, eroskeria eta uste onaren iruzurra egozten dizkio. Epaiketa hori, zalantzarik gabe, froga garrantzitsu bat izango da sortu berri den koalizio gobernuarentzat.

Israelgo legediaren arabera, jarduneko lehen ministroa legez ez dago dimititzera behartuta, baina, epaiketaren ostean erruduntzat joko balute, orduan bai, gobernuburu kargua utzi beharko luke.

Bi agintarien arteko akordioaren berri eman zenetik, kalean protestak izan dira adostasun horren kontra. Izan ere, Netanyahu agintetik botatzeko helburuarekin aurkeztu zen Gantz aurreko hiru hauteskundeetara, baina azkenean harekin ados jarri da, koronabirusak sorturiko osasun krisia aitzakia hartuta. Horrek, besteak beste, berekin ekarri zuen Urdina eta Zuria koaliziotik alderdi batzuk ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.