Ekialde Hurbileko gatazka. Bozak Israelen

NETANYAHUREN AROA DAGO JOKOAN

Israelen parlamenturako bozak egingo dituzte bihar, urtebetean hirugarrenak. Oposizioko buruzagi baten jarrera aldaketak egoera desblokea lezake, Urdina eta Zuria koalizioaren mesederako. Jarduneko lehen ministroak Zisjordania bitan zatituko lukeen kokagune bat iragarri du kanpainan.

NETANYAHUREN AROA DAGO JOKOAN.
ander perez zala
2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ezer aldatuko al da oraingoan Israelen, urtebetean egingo dituzten hirugarren bozetan? Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen Ekialde Hurbilerako planak mesederik egingo al dio Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroari? Are, ustelkeriagatik inputatuta dagoen arren, Netanyahu biharko bozetara aurkezteak eraginik izango al du Likuden emaitzetan?

Ezinbestean, denak ezaguna dirudi parlamenturako hauteskundeen atarian, baina, aldi berean, aldagai batzuek izaera berezia eman diote biharkoari, batez ere jarduneko lehen ministroaren inguruan gertaturikoek; bada desberdintasunik, aurreko bi kanpainekin konparatuz gero.

Arrazoia edozein dela ere, Israelgo azken hamarkadako figura politikorik garrantzitsuenak eztabaidaren eta jokoaren erdigunean jarraitzen du; are gehiago hilabeteotan, iraupen politikoa jokoan baitu iragan apirileko bozetatik. Egutegia, gainera, ez du aldeko: parlamentu berria osatu eta hurrengo egunean hasiko dute haren aurkako epaiketa, hilaren 17an —ustelkeriagatik inputatu dute—. Horrek, zalantzarik gabe, zaildu egingo dio koalizioa osatzeko asmoa, eta, nork daki, are gehiago handitu lezake herrialdearen desegonkortasun politikoa.

Eta, bitxiki, gertakari judizial horrek aldarazi du Likuden lehen ministrogaiaren kanpainako estrategia; dena esanda dago, dena eginda dago, baina oraingoan moldatu egin behar izan du bere mezuak helarazteko modua. Aurreko bi kanpainetan, agintari kontserbadoreak sare sozialen bidez egin zituen adierazpen eta iragarpen ia guztiak; asteotan, aldiz, herriz herri izan da, egunero toki ezberdin batean, mitinetan eta ekitaldietan parte hartzen. Estrategia bera erabili zuen abenduko primarioetan, eta, garaipena ziurtatua zuen arren, bere oinarria sendotzeko balio izan zion.

Netanyahuk aurreko hauteskundeetan etxean geratu zirenak erakartzea izan du helburu, hura agintean dagoenetik herrialdeak izan duen egonkortasunean eta segurtasunean arreta jarrita; aurreko kanpainan Benny Gantz Urdina eta Zuria zentroko koalizioaren hautagaiaren aurkako erasoetara mugatu zuen estrategia, «ezkertiarra» dela, arabiarrekin gobernua osatuko duela eta palestinarren lurrak ez dituela anexionatuko argudiatuta.

Salaketa horiek, ordea, ez zioten askorako balio izan: bozen ondorengo inkesten arabera, Likuden boto emaileen, eta oro har haren aldeko blokearenen lehentasuna ekonomia eta bizi baldintzak direlako. Horren erakusle, hiru ordezkari galdu zituela azken bozetan, 32rekin geratzeko. Finean, aurrekoan abstentziora jo zutenen botoa lortzea ezinbestekoa du, lehen ministro karguan jarraitzeko, eta, fiskalaren inputazioei aurre egiteko, kargu horrek ematen dion blindatzeaz baliatzeko.



Haren sektorekoen parte hartzea handituta, agintariak espero du bere aldeko blokeak lortuko dituela gehiengo osora iristeko behar dituen 61 diputatuak: Likuden, Yamina koalizioaren —zazpi ordezkari—, Xas alderdiaren —bederatzi— eta Tora Judaismo Batua alderdiaren —zazpi— diputatuak batuta; egun, 55 dituzte.

Horretarako, Netanyahuk Palestinako lurren auzia erabili du kanpainan. Bi neurri iragarri ditu, kolono juduei begirakoak: batetik, Jerusalem ekialdean 6.200 etxebizitza eraikitzeko proiektua garatuko duela jakinarazi zuen iragan astean; eta, bestetik, asteon adierazi du Zisjordania bitan zatituko lukeen kokagune bat eraiki nahi duela Jerusalem ekialdean ere —Ramallah eta Betleem arteko eremuan, besteak beste—. Horiek eraikiz gero, ez luke errespetatuko Trumpen planean Palestinaren balizko estatuarentzat aurreikusitako lurraldea.

Esandakoa errespetatzea

Arraroa izan badaiteke ere, Israelen urtebetean hirugarren bozak egingo dituzte hautagai guztiek kanpainan esandakoari eutsi diotelako: Netanyahuk ez zituen abandonatu bere aliatu eskuindar eta erlijiosoak; Gantzek uko egin zion inputaturiko lehen ministro batekin koalizio gobernua osatzeari; eta Yisrael Beiteinu eskuineko alderdiaren buruzagi Avigdor Liebermanek hitzemandakoa errespetatu zuen, soilik batasun gobernu baten parte izatearena.

Lieberman bera izan da azken bi hauteskundeetako egoera desblokeatzeko giltza —zortzi diputatu ditu—, eta, ezustekorik ezean, eginkizun bera izango du etzitik aurrera; finean, haren interesen araberako bidea hartuko du gobernabideak. Ikusteko dago zer emaitza aterako diren biharkotik, baina Yisrael Beiteinuren buruzagiak kanpainan adierazi du oraingoan ez duela jarduneko lehen ministroa babestu nahi: «Ezin dugu onartu herrialde honetako agenda politikoa gizon bakar baten lege arazoen arabera finkatua izatea».

Asteon ere asmo bera iradoki du Liebermanek, batasun gobernuaren ideia bertan behera utziz: «Argi dago batasun gobernu bat ez dela osatuko; aurreko bietan ez zen halakorik gertatu. [Amir] Peretzekin gobernu berean eseri nintzen, eta ez nuen arazorik izan ongi moldatzeko»; Peretz laboristen zerrendan aurkeztu zen azken bozetan, eta Gantzek horien babesa beharko du gehiengora iristeko. Beraz, adierazpen horrekin, badirudi Yisrael Beiteinuren buruzagiak lehenetsi egingo duela Urdina eta Zuria buru duen zentro-ezkerreko gobernu bat.

Hauteskundeen ondorengo egutegiak arrazoia eman dio Liebermanen tesiari, bi asteko epe eskasean Israelgo politikaren etorkizuna zehaztuko duten hainbat hitzordu finkatu baitituzte: bihar, parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte; datorren igandean, alderdiak Reuven Rivlin herrialdeko presidentearekin batzartuko dira gobernua osatzeko ardura jasotzeko; hilaren 16an, diputatuek euren kargua hartu, eta parlamentu berria osatuko dute; eta hurrengo egunean, Netanyahuren aurkako epaiketa abiatuko dute.

Aukera handiak daude koalizio gobernua osatzeko negoziazioetan aurrerapausorik ez egitea jarduneko lehen ministroaren epaiketa amaitzen den arte. Saio erabakigarria izango da, lehen aldia baita agintean dagoen lehen ministro batek epaiketa bati aurre egin beharko diola.

Fiskaltzak hiru kasurengatik inputatu du Israelgo jarduneko lehen ministroa: lehena 4.000 zenbakia daraman auzia da, eta, horren arabera, Netanyahuk Bezeq telefonia operadoreari lehen eskuko informazioa ematen zion, enpresak babesten duen komunikabide batek haren izena eta jardun ona goraipatzearen truke.

1.000 zenbakia daraman auziaren arabera, jarduneko lehen ministroak eta haren familiak 230.000 euroren opariak onartu zituzten bederatzi urtez; tartean bitxiak, puruak eta Frantziako xanpaina. Trukean, agintariak hobari fiskalak eman zituen.

Azkenik, 2.000 izeneko auzian, egunkari baten mesedean aritzea leporatzen diote. Yedioth Ahronoth egunkaria Israelen irakurle gehien dituen egunkaria da, eta jarduneko lehen ministroak komunikabide horren aldeko legezko neurriak babestu zituen, bere irudiaren eta interesen aldeko informazioa zabaltzearen truke.

Gantzen aukerak

Puzzlearen beste aldean, Gantzek Liebermanen babesa jasoko balu, arabiarrak ordezkatzen dituen Zerrenda Batua koalizioaren babesa ere beharko luke gehiengora iristeko. Piezak elkartzea oso zail izango du, koalizio hori osatzen duten lau indarrek hainbatetan adierazi baitute ez dutela Liebermanekin lan egin nahi.

Horrez gain, Urdina eta Zuriaren lehen ministrogaiari Trumpen Ekialde Hurbilerako planaren neurri batzuei ezezkoa emateko eskatu dio, tartean Israelen subiranotasuna Jordango haranera zabaltzeari buruzkoari. Halere, Ayman Odeh Zerrenda Batuaren diputatugaiak asteon aurreikusi du ezingo dutela Gantzen alde egin: «Azken bi asteetako jarrera ikusita, ez dugu haren alde egiteko modurik».

Urdina eta Zuriaren buruarentzat, erabakigarria izango da parte hartzea eremu zehatz batzuetan handitzea. Herritarrek estatus sozioekonomiko handiagoa duten hirietan eta herrietan, esaterako, zentro-ezkerreko blokea osatzen duten alderdien alde bozkatu ohi dute: horietako batzuetan, Urdina eta Zuriak botoen %40 eta %50 artean jaso zituen aurreko bi bozetan. Parte hartzea antzekoa izan zen eremuetan gertatu zen.

Kontrara, Likud alderdiaren gotorlekuak estatus sozioekonomiko txikiagoa duten hiri eta herriak dira, eta horietan behera egin zuen parte hartzeak iragan iraileko hauteskundeetan. Hortaz, Gantzentzat ezinbestekoa izango da bi joerak bere horretan mantentzea, eta bere oinarriei dei egin die botoa ematera, jarduneko lehen ministroa garaitzeko aukera izango dutelakoan; baina, testuinguru hori ikusirik, iragan irailean etxean geratu ziren eskuineko blokearen boto emaileak botoa ematera itzul litezke, Netanyahuren agintea arriskuan dagoela argudiatuta.

Bata, bestea edo biak gertatuta ere, inkesta guztiek antzeko paisaia politikoa aurreikusten dute bihar gauerako. Hortaz, gakoa oraingo jarrerei eustean egongo da; Liebermanek eta zentro-ezkerreko blokeko alderdiek zeresan handia izango dute, elkarren artean ados jarriz gero helburu garrantzitsu bat beteko baitute: Netanyahuren aroari amaiera ematea. Ez da inolako moduan izango: epaiketa bati aurre egingo dionean, ustelkeriagatik inputatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.