Netanyahuk su etenerako deiak baztertu ditu: «Gerrarako garaia da»

Israelgo armada Gaza hirira gerturatzen ari da. Zerrendaren iparraldea eta hegoaldea zeharkatzen dituen Salah al-Din errepidearen kontrola hartu dute goizaldean, baina, Hamasen arabera, atzera egin dute dagoeneko.

Israelgo armadako tankeak Gazako mugan, atzo. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Maddi Iztueta Olano - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko urriaren 30a
11:35
Entzun

Israelek ez ditu erasoak geldituko Hamas suntsitu artean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gaur adierazi duenez. «Bibliak esaten du badela garai bat bakerako eta garai bat gerrarako. Hau gerrarako garaia da». Hitz horiekin, baztertu egin ditu azken egunetan atzerritik eta Israelgo gizarte sektore batzuetatik Gazaren kontrako erasoak gelditzeko egin dizkioten eskariak. «Su etenerako deiak Israeli Hamasen aurrean amore emateko eskeak dira. Hori ez da gertatuko», ziurtatu du.

Hala, Israelgo armadak Gazaren gaineko bonbardaketak areagotzen eta lurreko inbasioa hedatzen jarraitzen du. Gaza barrura sartu eta hiru egunera, bidean aurrera egiten ari dira tropak, Gaza hirira gerturatzeraino. Eremua inguratua daukate tankeek, eta horrek nabarmen zailtzen du armadak gazatarrei emandako agindua bete ahal izatea: Gaza hiritik irten eta hegoaldera joatea. Izan ere, hortik irteteko ebakuazio bide guztiak blokeatuta ditu Israelek.

Lehorreko erasoaldiaren harira, borrokan ari dira soldadu israeldarrak eta miliziano palestinarrak. «Erresistentzia beti dago prest Israelen lehorreko inbasioari aurre egiteko», esan du Hamaseko bozeramaile Hazem Qasemek. Haren arabera, Gaza hego-ekialdeko eremu bat inbaditu dute tropa israeldarrek, eremu horixe bera masiboki bonbardatu ondoren.

Halaber, Gaza goitik behera zeharkatzen duen Salah al-Din errepide nagusira iritsi dira goizean Israelgo tropak. Hamasen adar politikoko buru Salama Marouferen arabera, ordu gutxira atzera egin dute. «Dagoeneko ez dago okupatzailearen armadaren presentziarik errepidean». Israelek, ordea, ez du halakorik baieztatu. Are, irudi du ez duela lehorreko borrokaldian atzera egiteko asmorik. Egunetik egunera, lehorreko operazioak gehiago «hedatuko» dituztela iragarri du armadako bozeramaile Daniel Hagarik, «eskura daukaten guztiarekin»; hau da, lehorreko soldaduekin, tankeekin eta infanteriarekin. Haien arabera, milizia palestinarren 600 «helburu militarri» egin diete eraso bigarren fase hori hasi zutenetik. Gazako biztanleek Al-Jazeera telebista kateari esan diotenez, berriz, Salah al-Din errepidea zeharkatzen saiatzen den edonori tiro egiten ari dira.

Israelgo armada iparraldetik sartu zen zerrendara, ostiral iluntzean, eta barruan daude ordutik. Inbasioa hasi baino lehen, nabarmen areagotu zituzten Gazaren aurkako aire bidezko erasoak, eremuko telekomunikazio eta Internet zerbitzuak bertan behera uzteraino. Horrela, zerrendako biztanleak erabat bakartuta utzi zituen Tel Avivek 36 orduz.

Orain, beste mehatxu posible baten zain daude Gazako herritarrak. Zerrendako zenbait ospitaleri ebakuazio agindua eman zien Israelek atzo, eta gaur lehenengoz egin dio eraso horietako bati, zuzenean. Minbizi tratamendura bideratutako Turkiaren eta Palestinaren Arteko Elkartasun Ospitalea bonbardatu du —Ankarak eraikitakoa—. Ospitaleko zuzendari Sobhi Skeikek azaldu duenez, leherketak eraikinaren hirugarren solairua kaltetu du, eta toki hartan ez zegoen gaixorik ezta osasun langilerik ere. Hala ere, adierazi du Israelen lehergailuek «behin eta berriz» jo dutela ospitalearen ingurua, atzotik. Berdin Al-Quds ospitalean ere, zeina zerrendako handienetakoa den eta milaka zauritu eta errefuxiatu artatzen ari den. Oraingoz, ez dute zuzenean ospitalea bonbardatu, baina inguruko eraikinei eraso egiten ari dira.

Urriaren 7tik geroztik, etengabe gora doa Israelek hildako palestinar kopurua: 8.300 baino gehiago dira dagoeneko —eta 21.000tik gora zaurituak—. Horietatik guztietatik, heren bat baino gehiago, 3.000tik gora, adingabeak. Horren harira datu esanguratsu bat eman du Save The Children erakundeak; hots, 2019tik mundu osoan izandako gatazka guztietan denera baino haur gehiago hil dira Tel Aviven azken erasoaldi honetan.

Giza laguntza eta bahituak

Laguntza humanitarioko 33 kamioi sartu dira gaur goizean Gazan, Rafahko pasabidea –Egiptoren eta Gazaren arteko mugan– ireki zutenetik egun bakarrean sartutako gehien; eta, halere, ez da nahikoa. Nahiz eta bidea irekita egon, Israelen aire erasoek nabarmen zailtzen dute kamioiak alde batetik bestera igarotzea. Horrenbestez, NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari Martin Griffiths Israelera joan da, «laguntza humanitarioa areagotzea» helburu hartuta. Bi aldeetako agintariekin —Israelgoekin eta Palestinakoekin— bilduko da horretarako. Era berean, bahituen aferaz hitz egiteko ere baliatuko du bisita, auzi horrek Israelgo biztanle asko kezkatzen baititu.

Bada, urriaren 7az geroztik bahitutako 226 pertsona horietako hiru agertzen dira Hamasek zabaldu berri duen bideo batean. Hiru emakumeetako batek hitz egiten du bideoan, eta zuzenean mintzatzen zaio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari: «Urriaren 7an egindako hutsegite politiko eta militarraren ondorioak pairatzen ari gara. Ez zen armadarik etorri gu laguntzera. Inork ez gintuen babestu». Horren atzetik datoz bahituak aske uzteko eskea, eta horretarako baldintza: «Utz gaitzazue aske. Utzi aske haien [palestinarren] herritarrak, presoak, utz gaitzazue aske. Utz iezaguzue gure familiarengana itzultzen».

Israelen erreakzioa berehala iritsi da. Netanyahuk Hamasi leporatu dio «propaganda psikologiko krudela» egitea, eta, gero, hitzeman du «edozer eta ahal duten guztia» egingo dutela preso hartutakoak Israelera eta familiakoengana itzultzeko. Lehen ministroak ukatu egin du erasoak gogortzeak bahituak askatzea zailduko duenik. Haren esanetan, kontrakoa da; Hamas gatibuak askatzeko akordio bat egitera behartuko du. «[Hamasek] Soilik presiopean egingo du. Honek presioa eragingo dio». Talde islamistak esana du bahitu guztiak askatzeko prest dagoela Tel Avivek Israelgo espetxeetan preso dituen palestinar guztiak askatzen baditu.

Netanyahuren adierazpen horien ondotik, prentsaurrekoa egin dute Hamasek bahitutakoen senide batzuek. Ez diote gobernuari erasoaldia eteteko edo mugatzeko eskari zuzenik egin. Netanyahuri eskatu diote «ahal duen guztia egiteko» gatibuak beren etxeetara itzuli daitezen. Israelgo armadak jakinarazi du Hamasek bahitutako soldadu bat erreskatatu duela gaur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.