Shin Bet zerbitzu sekretuetako buru Ronen Bar kaleratzeko erabakia hartu du gaur goizaldean Israelgo Gobernuak. Jarraian, oposizioko lau alderdi nagusiek helegitea jarri dute Israelgo Auzitegi Gorenean, eta epaitegiak kaleratzea geldiarazi du behin-behinean. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak igandean jakinarazi zuen Bar kargutik kentzeko asmoa zuela, eta Netanyahuren erabakia babestu dute gaur kabineteko kideek. Lehen ministroak Bar kaleratzeko asmoa azaldu izanak eta Gazarako menia hautsi izanak haserrea eragin dute Israelen, eta azken hiru egunetan protesta jendetsuak egin dituzte. Manifestazio horiengatik, atzeratu egin zuten atzo egitekoa zen gobernuko kideen bilkura, eta azkenean gaur goizaldean hartu dute erabakia.
Gaur goizaldeko bileran, Netanyahuk bere erabakia justifikatu du esanez «elkarrengan konfiantza galdu» dutela Shin Beteko buruak eta lehen ministroak. Hori kaleratu du lehen ministroaren bulegoak ohar batean, eta, gehitu duenez, Netanyahuk adierazi zuen Bar ez dela «behar bezain irmoa», eta «ikuspegi ahula» izan zuela Hamasekin negoziatzerakoan. Kabineteko kideek oniritzia eman diote lehen ministroaren erabakiari. Lehen aldia izan da Tel Avivek Shin Beteko buru bat kaleratzeko erabakia hartzen duena.
Shin Bet eta Mossad dira Israelgo zerbitzu sekretuetako erakunde nagusiak; Israelgo eta Palestinako auziak ikertzen ditu lehenak, eta nazioartean jarduten du besteak.
Bere kargugabetzearen inguruko bilkurara deitu zuten Bar, baina ez joatea erabaki zuen. Eta kabineteko ministroentzako ohar bat kaleratu du. Hartan adierazi du berak gidatutako elkarrizketen ondorio izan zela urtarrilaren 19an Hamasek eta Israelek sinatutako menia akordioa —Israelek asteartean hautsi zuen—.
Barren esanetan, adostasun horri esker askatu ditu Hamasek 33 gatibu israeldar meniaren lehen fasean —59 daude oraindik Gazan—. Beraz, haren ustez, bera kaleratzeko arrazoia ez da ahultasuna izan, «salbu eta negoziazioen benetako asmoa akordiorik ez lortzea bazen». Izan ere, otsailaren erdialdean Netanyahuk negoziazio taldetik kendu zituen Bar eta Mosadeko buru David Barnea, eta erabaki horrek negoziazioei kalte egin ziela uste du Barrek.
Hamasen ustez, Netanyahuren gobernuaren «negoziatzeko asmorik eza» erakusten du Barren kargugabetzeak. Gaur kaleratutako ohar batean, Gazako erakunde islamistak salatu du Netanyahu dela «benetako oztopoa» bahituen inguruko negoziazioetan.
Hamasek bahituak askatzen ez baditu Israelek Gazako hainbat zati hartuko dituela ohartarazi du gaur Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak, ohar batean. Azaldu du soldaduei agindu diela zerrendako gune gehiago hartzeko, eta bertako biztanleak ebakuatzeko. Hala, «segurtasun gunea» zabalduko dutela jakinarazi du. Eta gehitu du: «Hamasek gatibuak askatzen ez baditu, lur gehiago galduko ditu, eta Israelek bere egingo ditu».
Urriaren 7koaren erantzukizuna
Kargugabetzearen atzean Shin Beten «inpartzialtasuna eteteko» asmoa dagoela zehaztu du Barrek, zabaldutako oharrean. Eta gogorarazi du zerbitzu sekretuek «herritarren onerako» egiten duela lan, ez «interes pertsonalen» mesedetan. «Egia bilatzea eragotzi nahi dute, bai sarraskia eragin zuten gertakariei dagokienez [2023ko urriaren 7an Hamasek egindako erasoak], baita segurtasun agentzia egun ikertzen ari den gai larriei dagokienez ere», salatu du Shin Beteko buruak.
Qatargate Qatarrekin lotutako ustelkeria auzian Netanyahuren aholkulariek eta Israelgo Gobernuko hainbat kidek izandako ustezko lotura ikertzen ari da Shin Bet. Eta, oposizioko alderdien ustez, hori da Barren kargugabetzearen benetako arrazoia. Yair Lapid oposizioko buruak salatu du Netanyahuk interes gatazka gertatzen ari denean hartu duela erabakia. Sare sozialetan gaur zabaldutako mezuan gogorarazi du Shin Bet lehen ministroaren bulegoa ikertzen ari zela.
2023ko urriaren 7ko erasoak ez aurreikusteagatik erantzukizunaren zati bat bere gain hartu zuen Shin Betek. Egun hartan, Hamasek eta beste hainbat milizia palestinarrek Gazatik Israelera joan eta mila lagunetik gora hil zituzten. Zerbitzu sekretuek kaleratutako txosten batek gertatutakoaren erantzule egin zuen Netanyahu ere. Horrek gatazka eragin zuen lehen ministroaren eta Shin Beteko buruaren artean, Netanyahuk ez baitu inoiz aitortu egun hartan gertatutakoaren gaineko erantzukizunik. Gainera, lehen ministroa ez da prest agertu egun hartako erantzukizunak ikertzeko batzorde bat sortzeko.
Egun hartan aginte karguetan zeuden zenbaitek dimisioa eman behar izan dute milizia palestinarren erasoak ez zituztelako aurreikusi. Haien artean daude, besteak beste, Yoav Gallant Defentsa ministro zena eta Herzi Halevi israelgo armadako buruzagia.
Irango lider goren Ali Khameneik mehatxuak albo batera uzteko deia egin die AEB Ameriketako Estatu Batuei, udaberriaren hasiera ospatzeko gaur eman duen hitzaldian. Eta gaineratu du Washingtonek «zaplazteko gogor bat» jasoko duela Teheranen aurka jarduten badu. Donald Trump AEBetako presidenteak Irani akordio nuklear bat negoziatzeko agindu zion joan den astean, baita Yemengo huthiei babes gehiagorik ez emateko ere. Gaur, Khameneik ziurtatu du huthiak ez direla Teheranen «agenteak», eta beren kabuz jarduten dutela.AEB-ek Iranen aurka egiten badute «zaplazteko bat» jasoko dutela ohartarazi du Ali Khameneik