Netanyahuk Israelgo Defentsa ministroa kargugabetu du, gerren kudeaketan izandako «desadostasunak» tarteko

Israelgo lehen ministroak kargutik kendu du Yoav Gallant, eta haren postua Netanyahuren alderdiko Israel Katzek hartuko du. Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak Tel Avivi exijitu dio areagotu dezala Gazarako laguntza humanitarioa.

Netanyahu, eskuinean; eta Gallant, ezkerrean, artxiboko irudi batean. ABIR SULTAN / EFE
Netanyahu, eskuinean; eta Gallant, ezkerrean, artxiboko irudi batean. ABIR SULTAN / EFE
Iosu Alberdi - Maddi Iztueta Olano - Aitor Garmendia Etxeberria
2024ko azaroaren 5a
20:00
Entzun

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Yoav Gallant Defentsa ministroa kargugabetu du. Gaur arratsaldean eman du berria Netanyahuren bulegoak, argudiatuta gerren kudeaketan «desadostasunak» egon direla bien artean. Joan den martxoan ere Gallant kargutik kentzeko asmoa izan zuen Netayahuk, baina milaka herritarrek protesta egin zuten ,eta lehen ministroak atzera egin zuen. Gallantek, 2022tik karguan zenak, X sare sozialean adierazi du Israelen segurtasuna bere «bizitzako misioa» izan dela eta izango dela.

Israel Katzek hartuko du Gallanten lekua. Katz Netanyahuren alderdikoa da, eta orain arte Atzerri ministro karguan aritu da. Gobernuko beste kide batek hartuko du Katzen postua, Gideon Saarek.

Defentsa ministroa kaleratzea begi onez ikusi du Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro ultraeskuindarrak: «Gallantekin ezinezkoa zen erabateko garaipena lortzea». Kontrara, oposizioko hainbat politikarik protestarako deia egin dute. Besteak beste, Yair Lapid oposizioburu eta gobernuburu ohiak (2022) «erokeria» gisa definitu du kargugabetzea, X sare sozialean. Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, jada milaka herritar atera dira kalera Tel Aviven zein Jerusalemen, Netanyahuren erabakia gaitzesteko.

Netanyahuren erabakiaren aurkako protestak, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE
Netanyahuren erabakiaren aurkako protestak, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE

Atzo gauean, telefonoz hitz egin zuen oraindik Defentsa ministro zen Gallantek Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariarekin. Etxe Zuriak komunikatu baten bidez jakinarazi zuenez, elkarrizketa horretan ohartarazi zion Tel Avivek «nabarmen» areagotu behar duela Gazarako laguntza humanitarioa, argudiatuta UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren jarduna eteteak ondorio «larriak» izango dituela zerrendan bizi direnentzat.

Hain justu, Blinkenek eskaera hori egin du noiz-eta Israelek NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiaren aurrean ofizial egin ondoren UNRWAren jardueren etena. Israelgo Parlamentuan hartu zuten erabaki hori, joan den astean. Horiek hala, 1967tik aurrenekoz —Israelek Gaza, Jerusalem ekialdea eta Zisjordania okupatu zituenetik—, erakunde horrek ezingo du lan egin ez Israelgo lurraldeetan, ez haren kontrolpeko Palestinako lurralde okupatuetan. Are, erakundeko langileek ezingo dute inolako harremanik izan Israelgo instituzioekin eta funtzionarioekin; hortaz, ezin izango dituzte lortu Gazara edo Zisjordaniara sartzeko baimenak.

Israelgo Parlamentuan hartutako erabakiak jada baditu ondorioak Gazako zerrendan. UNRWAko bozeramaile Jonathan Fowlerrek atzo ohartarazi zuen Gazak «kolapsatu» egingo duela erakundearen laguntzarik gabe. Hain zuzen, NBEk emandako datuen arabera, urte hasieratik hona inoizko kamioi humanitario gutxien sartu ziren atzo zerrendan. Eta, halere, erasoek ez dute etenik.

Gazan 30 hildako baino gehiago

Israelgo armadak Gazako hainbat eremu bonbardatu ditu berriro gaur gauean, eta gutxienez 29 lagun hil ditu eraso horietan. Adibidez, iparraldeko Beit Lahia udalerrian, gutxienez hogei lagun hil dituzte eraikin baten kontrako erasoan. Wafa albiste agentziaren arabera, han palestinar desplazatuek hartzen zuten aterpe. Deir al-Balahko errefuxiatu kanpaleku batean egindako erasoan, berriz, sei lagun hil dituzte, eta Khan Yunisen beste hiru, Palestinako hedabideek jakinarazi dutenez.

Horiez gain, Al-Jazeerak beste lau hildako izan direla ezagutarazi du gaur goizean. Argitaratu du Az-Zawayda udalerrian egindako eraso batean hil direla horiek, baina gehiago ere izan daitezkeela biktimak, tartean haurrak. Israelgo armadak, berriz, adierazi du dozenaka miliziano hil dituela aurrez aurreko borroketan, Jabalian, zerrenda iparraldean.

Israelek Gazaren kontrako ofentsibari ekin zionetik, zerrendan gutxienez 43.374 lagun hil dituzte, eta 100.000 baino gehiago zauritu, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Zisjordanian, berriz, 645 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak iazko urritik. Wafa albiste agentziaren arabera, azken orduetan lau palestinar hil dituzte han.

Libanon ere, larri

Israelgo armadak 3.000 lagun baino gehiago hil eta 13.500 inguru zauritu ditu Libanon azken urtean, herrialde hartako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera. Gehienak irailaren 23tik aurrera egindako erasoetan hil dituzte. Hain zuzen, orduan areagotu zuen Tel Avivek Beiruten aurkako oldarraldia, argudiatuta Hezbollah milizia xiitaren aurka egitea dela helburua.

Libanoko Gobernuak zehaztu dutenez, hildakoen artean 185 adingabe daude. Azken horien egoerari erreparatu dio Unicefek, eta adierazi azken hilabetea bereziki gogorra izan dela. «Urriaren 4tik, egunean gutxienez haur bat hil dute, eta hamar zauritu», azaldu zuen Catherine Russell Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko buruak, aurreko astean.

Zaurituak artatzea ere zaildu du Israelek, Firas Abiad Libanoko Osasun ministroaren arabera. Bonbardaketen eraginez, herrialdeko zortzi ospitaletan ez dira zerbitzua ematen ari. Horri aurre egiteko, Sidonen, Libano hegoaldean, martxan jarri dute larrialdi unitate bat fosforo zuriak eragindako erreduretan eta gerra zaurien ebakuntzetan espezializatutakoa, EFE albiste agentziak jakinarazi duenez. Izan ere, Tel Avivek ukatu egin duen arren, Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu izan du Israel arma debekatuak erabiltzen ari dela. Horietako bat litzateke fosforo zuria —debekatuta dago arma su-eragile gisa erabiltzea pertsonen aurka eremu zibiletan—.

Israelen erasoen eraginak, baina, zabalagoak dira, hots; 1,2 milioi lagunek etxetik alde egin behar izan dute bonbardaketen eraginez. Horietako asko herrialdetik atera dira. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 28.000 baino gehiago dira jada Irakera ihes egin dutenak, eta 472.000 inguru Siriara iritsi direnak.

Siria, baina, ez da Israelen erasoetatik salbu. Herrialde hartako Atzerri Ministerioak gaur goizean salatu du Damasko hiriburuko kanpoaldeko hainbat eremuri eraso egin dietela azken orduetan, eta kalte nabarmenak eragin dituztela eremu zibiletan. Hala, Atzerri Ministerioak nazioarteari eskatu dio «neurri erabakigarriak» hartzeko Israelek erasoak eten ditzan. Israelek ere baieztatu du eraso horiek egin izana. Baina, beste behin, argudiatu du Hezbollahren aurkako operazio batean aritu direla, talde xiita haren «inteligentzia egoitza bat» xede zutelakoan.

7.000

Zenbat gazte judu ultraortodoxori eskatuko dieten Israelgo armadan sartzeko. Israelgo armadak beste 7.000 gazte judu ultraortodoxori bidaliko die armadan sartzeko jakinarazpena, Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek atzo iluntzean jakinarazi zuenez. Israelgo armadako buru Herzi Halevirekin bildu ondoren hartu zuen erabakia Gallantek. The Times of Israel egunkariaren arabera, errekrutatze kanpainaren lehenengo fasean 3.000 gazte judu ultraortodoxo ingururi eskatu zieten Israelgo armadan sartzeko, baina horietatik guztietatik 230 pertsona bakarrik azaldu ziren zentro militarretan zituzten hitzorduetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.