Netanyahuk esan du Israelgo tropak ez direla aterako Libano hegoaldetik

Hezbollahrekin adostutako su etenaren arabera, Israelek Libano hegoaldetik atera behar ditu bere tropak hilaren 26a baino lehen. Tel Avivek eremu hartako hainbat herriren aurka egin du eraso.

Israelgo soldadu batzuk, Israelen eta Libanoren arteko mugan, abenduan. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo soldadu batzuk, Israelen eta Libanoren arteko mugan, abenduan. ATEF SAFADI / EFE
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 24a
15:27
Entzun

Hilaren 26a, igandea. Hori da Israelgo armadak bere tropak Libano hegoaldetik ateratzeko daukan epemuga, Hezbollahrekin adostutako menia akordioaren arabera. Egun horretan bertan da bukatzekoa, hain justu, Tel Avivek eta milizia xiitak duela bi hilabete Libanorako hitzartu zuten 60 eguneko su etena. Bada, gaur kaleratutako ohar baten bidez, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak jakinarazi du ezetz, Israelek ez dituela «oraingoz» bere tropak Libano hegoaldetik aterako. Komunikatu horretan dioenez, Hezbollahk «ez du guztiz bete» akordioa, eta horregatik hartu dute erabakia.

Israelgo hedabide batzuek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, Israelgo Gobernuak eskatu dio Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) administrazio berriari, hau da, Donald Trump presidentea buru duen gobernuari, epemuga hori luzatzeko, argudiatuta Libanoko armada «oso mantso» ari dela hegoaldera zabaltzen, eta horrek aukera ematen diola Hezbollahri berriro antolatzeko. Meniarako akordioan adostutakoaren arabera, Libanoko armadak eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Unifil misioak ordezkatu behar ditu Israelgo tropak Libano hegoaldean. 

Epemuga iristeko egun eta erdiren faltan, Israelgo armada aterea da eremu horretako mendebaldeko, erdialdeko eta hegoaldeko eremuetatik; hori bai, ekialdean presentzia du oraindik, NBEko iturri bat aipatuz Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez. 

Israelgo Gobernuak erabakiaren berri eman duen egunean bertan, Libanoko eremu horretako herri batzuei egin diete eraso Israelgo tropek. Besteak beste, NNA Libanoko berri agentzia ofizialak jakinarazi du Israelgo soldaduek su eman dietela Libano hegoaldeko Aitarun herriko hainbat etxeri, suntsitu egin dutela Al-Qantara herriko meskita bat eta «leherketa bortitz bat» eragin dutela Rab al-Thalathinen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.