Hilabete pasa falta da Israelgo bozetarako, eta Netanyahuk NBEren Batzar Nagusiko bilkuran eman duen hitzaldia baliatu du balantza bere aldera mugiarazten saiatzeko. Nazioartean Israelen inguruan zabaldutako «gezurren aurka» borroka egingo zuela adierazi zuen atzo sare sozialetan, eta horixe egin du. Besteak beste, adierazi du «basakeriaren aurkako gudu» baten parte direla orain arte gauzatu dituen gehiegikeria guztiak: «Hau genozidioa ote den? Horixe ezetz! Kontrakoa baizik. Israelek ez du genozidiorik gauzatu; genozidioa ekidin du».
Netanyahu atrilera igo eta berehala hasi dira mugimenduak aretoan. Bertan zeuden ordezkari askok alde egin dute, Palestinaren aldeko mezuak oihukatzen zituzten bitartean. Ia hustu egin dute aretoa. Israelgo ordezkariek, berriz, zutik eta txalo zaparrada batekin hartu dute lehen ministroa. «Oraindik aretotik atera ez den beste koldarrik baldin badago, atera dadila orain, mesedez», erantzun du Netanyahuk.
Kolonoak defendatzeko ere baliatu du hitzaldia. Haren esanetan, Zisjordanian hainbeste gehiegikeria leporatzen zaizkienak «gaizkile gazteen talde bat» direla, «besterik ez», eta ez direla «150 baino gehiago». Horrela, kolonoek egin dituzten ankerkeriei garrantzia kentzen ahalegindu da: «Urte bateko biktima kopurua zenbatekoa da? Bizpahiru gehienez. Kontrara, milaka dira legea errespetatzen duten kolono baketsuen aurka egiten dituzten eraso terroristak». B 'Tselemen lurralde okupatuetako Giza Eskubideen informazio zentro israeldarraren arabera, ordea, 2023ko urriaz geroztik gutxienez 35 palestinar hil dituzte Israelgo kolonoek.
Irani dagokionez, Netanyahuk esan du konpromisoa hartu zuela «Irango diktadura hiltzailearen bonba atomikoak» amaitzeko, eta «mundu osoarentzat mehatxu izan zitezkeen arma nuklearrak garatzea» eragozteko, eta horixe egin zuela AEBekin batera: Irango armada «suntsitu». Harro adierazi du hori lortzea «zaila» izan zen arren erabakia hartzea «oso erraza» izan zela. Eta zera gaineratu du: «Irango herria askea izango da egunen batean».
Bestalde, azpimarratu du Israelen aliaturik handiena «Trump presidentea» izan dela. Eskerrak eman dizkio bere «lidergo ausartagatik», eta «gizateria osoa babesteko» jardun izanagatik. Era berean, «Israelgo heroi guztientzako» mezu bat ere utzi du: «Zuen sakrifizioa ez da alferrikakoa izango. Gure estatua defendatzen jarraituko dugu. Irabazten jarraituko dugu, ez baitugu beste aukerarik».
Hala ere, ezin izan ditu Gazako sarraskia eta Libanoko eta Irango erasoaldiak ezkutatu; horren erakusle, New Yorken protestak antolatu dituztela Netanyahuren bisitaren harira. Hainbat manifestarik protesta egin dute NBEren egoitzaren sarreran lehen ministroaren aurka. Juduak ziren manifestariak, ultraortodoxoak, eta zera zioen esku artean zeukaten pankartan: Israel eta haren ekintzak ez dira konponbidea; antisemitismoaren arrazoi nagusiak dira.
Hiriko alkate Zohran Mamdanik ere gogor egin du Israelgo lehen ministroaren aurka. Gerra kriminala izatea eta genozidioa egitea leporatu dio, eta Donald Trump AEBetako presidenteari eskatu dio betetzeko Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahuren aurka ezarritako atxilotze agindua. Trumpek, ordea, esana du ez duela inola ere onartuko Netanyahu atxilotzea. Israelgo lehen ministroak, aldiz, «Hamasen alde jardutea» leporatu dio Mamdaniri. «Ezingo nauzu isilarazi», gaineratu du.
«Garbiketa etnikoa»
Aurten ere ez. Palestinako estatuak ez du ordezkaritzarik izan New Yorken, NBEren Batzar Nagusiaren aurtengo bilkuran. AEBek ez diote herrialdean sartzea baimendu Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteari, baina aurrez grabatutako bideo bat jarri dute, eta hala hartu du hitza Abbasek gaur arratsaldean. «Garbiketa etnikoa» egin nahi izatea eta «terrorismoa» leporatu dio Abbasek Israeli, eta «segurtasuna eta bakea» eskatu ditu Palestinarentzat. Txalo zaparrada jaso du amaitu duenean.
«Gazan, Zisjordanian eta Jerusalemen gertatzen ari dena ez da kasu bakan bat; plan kolonial gaizto bat da, eta helburu argi bat dauka: palestinarren bizitza ezinezkoa egitea Palestinan bertan, bizitza hori uztera behartzeko». Hitz horiek erabili ditu Abbasek hasi eta berehala herritarrek Palestinan bizi duten egoera salatzeko.
Horrez gain, PANeko presidenteak salatu du zenbait estatu oraindik isilik daudela Israelen gehiegikeriak ikusita, eta beste zenbaitek, gainera, oraindik armaz hornitzen dutela —ez du estatu bakar baten izena eman—. «Noiz arte egongo dira estatu batzuk isilik Israelen gehiegikeriak ikusita? Edo noiz arte jarraituko dute beste batzuek Israeli armak ematen gure herritarren aurka erabil ditzan?»
Amaitzeko, salatu du duela urtebete Donald Trump AEBetako presidenteak Gazan «behin betiko bakea lortzeko» aurkeztu zuen plana ez dela gauzatu. Hogei puntu zeuzkan planak, eta zera zioen, besteak beste: Gazako herritarren hobe beharrez «berreraikiko» zutela Gaza, eta inor ez zutela behartuko Gazatik alde egitera; are, joaten zirenak aske izango zirela horretarako, «baita itzultzeko ere». Abbasek, ordea, salatu du gaur-gaurkoz ez dagoela plan horren zantzurik. «Palestinako estatu demokratiko bat nahi dugu, zuzenbide estatua eta giza eskubideak errespetatuko dituena. Militarizatu gabeko estatu bat nahi dugu, modu seguruan eta baketsuan biziko dena Israelgo estatuaren aldamenean. Posible da?», gaineratu du.