Netanyahuk armada kritikatu du, Gazako «geldialdi taktikoengatik»

Israelgo lehen ministroak esan du «onartezina» dela militarrek harturiko erabakia; horren helburua da laguntza humanitarioa zerrendan sartzea. Gobernuburuak gerra kabinetea desegin du, dimisioen ondoren.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, hilaren 9an, parlamentuan. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, hilaren 9an, parlamentuan. ABIR SULTAN / EFE
ander perez zala
2024ko ekainaren 17a
11:30
Entzun

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak bere herrialdeko armada kritikatu du, Gaza hegoaldean egunero «geldialdi taktikoak» egingo dituelako. Netanyahurentzat, erabaki hori «onartezina» da, eta, adierazpen horiekin, agerian utzi du gobernuak eta militarren buruzagitzak geroz eta desadostasun handiagoak dituztela zerrendako gerraz aritzean.

Armadak atzo jakinarazitakoaren arabera, geldialdi horiek zerrendako 08:00etan hasi eta 19:00etan amaituko dira —Euskal Herriko 07:00etatik 18:00etara—, eta helburutzat dute laguntza humanitarioz beteriko kamioiak Kerem Xalom pasabidera iristea, hori gurutzatzea eta modu seguruan Salah al-Din errepidean bidaiatzea —Gaza iparraldea eta hegoaldea konektatzen ditu—. Zehazki, asmoa dute laguntza hori Khan Yunisera, hegoaldeko kostaldera eta zerrenda erdialdera bidaltzea.

Hori bai, armadak zehaztu zuen plan horrek ez duela aldaketarik eragingo Rafahko erasoaldiko helburuetan, eta operazio militarrek bere horretan jarraituko dutela. Are, gaur ideia hori errepikatu du, eta esan du «modu zehatzean» ari direla jarduten, «zerbitzu sekretuen informazioa» oinarri hartuta.

Justifikazio horiek guztiak, ordea, ez dira nahikoa izan Israelgo lehen ministroarentzat, zeren, herrialde horretako hedabideek eta Reuters albiste agentziak gaur argitaratu dutenez, Netanyahuk zera adierazi baitu armadak esandakoaz: «Herrialde bat dugu armada batekin, ez armada bat herrialde batekin». Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionalerako ministroa ere —eskuin muturrekoa— bide beretik mintzatu da, eta adierazi du «geldialdi taktikoak» egiteko erabakia hartu duena «ergela» dela, eta lanpostutik bota beharko luketela. Musulmanek Eid al-Adha sakrifizioaren festa hasi zuten joan den larunbatean —etzi arte iraungo du—, eta, hain justu, hori eta Israelgo armadaren geldialdiak batera gertatu dira.

65.000

Rafahn zenbat lekualdatu dauden. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak gaur jakinarazi duenez, Gaza hegoaldeko Rafah hirian 65.000 lekualdatu daude gaur egun. Duela sei aste 1,4 milioi ziren, baina, Israelgo armadak maiatzaren 6an hasi zuen erasoaldiaren ondorioz, kostaldera joan behar izan dute, Al-Mawasira.

Gazako gerrarekin lotuta, Netanyahuk gerra kabinetea desegin zuen atzo, Israelgo hedabideek gaur jakinarazi dutenez. Joan den astean Benny Gantzek eta Gadi Eisenkotek dimisioa eman zuten, eta horren ondorio da Israelgo gobernuburuak harturiko erabakia, baita ministroak horren parte bilakatzea eragozteko asmoa ere. Orain, segurtasun kabinetea arduratuko da gerra kabinetean eztabaidaturiko gaietako batzuk lantzeaz; afera garrantzitsuenez erabakitzeaz, berriz, lantalde txikiago bat arduratuko da —besteak beste, Netanyahu, Yoav Gallant Defentsa ministroa eta Tzachi Hanegbi Segurtasun Nazionalerako aholkularia—.

Israelgo segurtasun kabineteari dagokionez, PAN Palestinako Aginte Nazionalaren eta Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeen kontrako «zenbait neurri» hartzekoa da, Israelgo lehen ministroaren bulegoak gaur jakinarazi duenez. Ez du zehaztu, ordea, zer erabaki hartuko duten, ezta zer eztabaidatuko duten eta noiz batzartuko diren ere.

Berez, atzo gauean ziren elkartzekoak, baina, The Jerusalem Post egunkariaren arabera, Yoav Gallant Defentsa ministroak eta Gali Baharav Miara fiskal nagusiak «denbora gehiago» eskatu zuten «proposaturiko klausulei» buruz gogoeta egiteko. Horrez gain, Zisjordaniako kokalekuak «sendotzeko neurriak» aztertzen ari da Israelgo Gobernua —nazioarteko legediaren arabera legez kanpokoak dira kokaleku horiek—.

Autobideak blokeatu dituzte Netanyahuren kontra

Israelgo Gobernuaren kontra, eta bahituak askatzearen eta hauteskundeak aurreratzearen alde dauden manifestariek protesta aste bat abiatu zuten atzo, eta gaur, ekinaldiaren bigarren egunean, zenbait autobide blokeatu dituzte. Institutu batzuetako ikasleak ere batu zaizkie, grebak eginda, herrialde horretako hedabideek argitaraturikoaren arabera.

Antolatzaileek azaldu dute helburu dutela milioi bat lagun mobilizatzea aste honetan. Horretarako, hainbat ekitaldi antolatu dituzte: gaur arratsaldean manifestazio bat egitekoak dira parlamentuaren inguruan, baita bihar ere; Channel 12 telebista katearen arabera, autobusak antolatu dituzte herrialde osoko herritarrak hara joan daitezen.

Etzi, berriz, herrialdearen hegoaldean beste manifestazio bat egingo dute, eta, datorren ostegunean, protestariek asmoa dute Netanyahuren etxebizitzen aurrean manifestatzeko —Jerusalemen eta Zesarean—. Hori guztia, Israelgo lehen ministroari presio egiteko, uste baitute su eten bat ezinbestekoa dela Palestinako miliziek joan den urriaren 7an bahiturikoak itzul daitezen.

Egun horretan, 250 bat pertsona eraman zituzten Gazara, eta, gerora, iragan azaroaren amaierako su etenean, erdiak askatu zituzten. Egun, bahitu horietako 120 inguru daude zerrendan, Israelen ustetan.

Israelek LIbanoko mugako borrokak ugaritzeaz ohartarazi du

Daniel Hagari Israelgo armadako bozeramaileak ohartarazpen bat egin dio gaur Libanoko Hezbollah alderdi-miliziari: ez dutela onarraraziko joan den urriaren 7ko antzeko eraso bat berriz ere gertatzea. Hagarik Hezbollahri leporatu tentsio militarra handitzea, eta orain arte bezala segituz gero egoera are gehiago okertuko dela argudiatu du Israelgo armadaren eledunak. Egoera horretan, Ameriketako Estatu Batuek ordezkari bat bidaltzekoak dira, bi aldeen arteko bitartekari lanak egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.