Beste egun batez, AEB Ameriketako Estatu Batuetara begira dago nazioartea, baina gaurko protagonista ez da ez Kamala Harris AEBetako presidenteordea, ez Joe Biden presidentea, baizik eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Netanyahuk AEBetako Kongresuan hitz egin du, Ordezkarien Ganberako eta Senatuko kideen aurrean, Israelek Gazaren aurka hasitako ofentsiba hizpide. Kongresukideek ia bost minutu iraun dituen txalo zaparrada batekin eman diote ongietorria Israelgo lehen ministroari, eta, berak, mezu irmoa helarazi die: «Sinplea da: AEBak eta Israel batuta, haiek galtzen dute, eta guk irabazi. Eta gauza bat argi uztera nator: irabazi egingo dugu».
Kongresukideek denbora gehiago eman dute zutik, eserita baino. Netanyahuk honako hau esan ondoren altxatu dira lehen aldiz: «Ez da bi zibilizazioren arteko gatazka bat, barbaroen eta zibilizatuen artekoa baizik». Barbarotzat jo dituenei izena jarri die ondoren: «Hamasen aurka ari garenean, Iranen aurka ari gara; Hezbollahren aurka ari garenean, Iranen aurka ari gara; Yemengo matxino huthien aurka ari garenean, Iranen aurka ari gara».
Gero, Bideni zuzendu dizkio esker hitzak: «Bidenek eta nik ia berrogei urtez ezagutzen dugu elkar, eta eskerrak ematen dizkiot estatubatuar irlandar sionista harro bat izateagatik». AEBek laguntza militarra eman diote Israeli, baina urriaren 7tik hona, laguntza horren tamaina eztabaidagai izan da AEBetako paisaia politikoan. Horren harira, laguntza hori «ezinbestekoa» dela gogoratu die Netanyahuk Kongresukideei: «Emaizkiguzue tresnak, eta guk egingo dugu lana».Etxe Zuriko maizter ohi (2017-2021) eta hautagai errepublikano Donald Trumpi ere eman dizkio eskerrak; Abrahamgo Akordioak bultzatzeagatik —horien bitartez, Israelgo Estatua aitortu zuten zenbait herrialde arabiarrek—.
Joan den urriaren 7an milizia palestinarrek egindako erasoaren inguruan ere hitz egin du, eta egun hartan milizia horiek gatibu eramandakoak aipatu ditu; ziurtatu du oraindik Gazako zerrendan bahituta dituztenak askatzeko «etengabe lanean» ari direla, xehetasun gehiago eman gabe.
Israelgo lehen ministroak joan den maiatzaren 31n jaso zuen Kongresuan hitz egiteko gonbita, Ordezkarien Ganberako presidente Mike Johnsonen eta Alderdi Demokrataren senatari taldeko buru Chuck Schumerren bitartez. Izan ere, iragan urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako oldarraldia hasi zuenetik, Washingtonen babesa izan du Tel Avivek: diplomatikoa, ekonomikoa eta militarra. Halere, zerrendaren aurka egindako zenbait erasoren harira, AEBek kargu hartu diote Israeli noiz edo beste, eta, zenbait sektoretan, babesa gutxituz joan da apurka-apurka.
Horren adierazle da 30 kongresukide demokrata baino gehiago ez direla Netanyahuren agerraldian izan; besteak beste, Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidente izandakoa. Ildo beretik, Bernie Sanders senatariak hitzok esan ditu: «Lehen aldia da gerra kriminal batek [Netanyahu] ohore hori izango duena».
«Lehen aldia da gerra kriminal batek [Netanyahu] ohore hori izango duena» BERNIE SANDERS AEBetako senatari demokrata
Harris ere ez da Kongresuan izan, eta, horren harira, haren kontra egin du Alderdi Errepublikanoak; presidenteordeari egotzi diote Israelgo lehen ministroari boikot egitea. Edonola ere, Harrisen lantaldeak akusazio horiek arbuiatu ditu, eta argitu ez dela agerraldian izan aurrez zehaztutako bidaia bat zuelako. «Zer da garrantzitsuagoa: han egotea diskurtso bat entzuteko, edo lehen ministroarekin [Israelgoa, Netanyahu] biltzea eta hitz egitea ikusteko zer egin dezakegun gure kezkak kudeatzeko?», esan du AEBetako Estatu departamentuko bozeramaile Matthew Milerrek.
Hain justu, Netanyahu eta Harris bihar dira biltzekoak, baina AEBetako presidenteordea ez da harekin elkartuko den bakarra. Biden ere Israelgo lehen ministroarekin biltzekoa da, Etxe Zurian; eta, etzi, Trumpekin, hurak Mar-a-Lagon (Florida) duen luxuzko etxean.
Israelek Bidenen agintaldian hasi zuen Gazaren aurkako ofentsiba, eta, oraingoz, irudi du hurrengo presidenteak ere kudeatu beharreko aferetako bat izango dela. Dena den, Netanyahuk hegazkinera igo baino lehen egindako adierazpenen arabera, ez du kezkatzen kargua nork hartuko duen; esan baitzuen Israel «beti» izango dela AEBen «aliaturik handiena», hango hurrengo presidentea «edozein dela ere».
Protestak Washingtonen
Netanyahuren agerraldiaren harira, zenbait elkartek protestak antolatu dituzte: batzuk atzo gauean hasi zituzten, eta besteak gaur egin dituzte. Guztiak Washingtonen, Kongresuaren aldirietan. Ahots Juduak Bakearen Alde elkartea izan da protesta horietan lehena antolatzen, atzo gauerako deitu baitzuen mobilizatzera, eta AEBetako Kapitolioko Poliziak berrehun pertsona inguru atxilotu zituen elkarretaratze horretan. Elkartea Cannon House-ra sartu zen —Kongresuaren parte da eraikin hori— eta, Poliziak X sare sozialean gaur jakinarazi duenez, horregatik atxilotu zituzten manifestariak, argudiatuta legez kanpokoa dela Kongresuaren parte diren eraikinetan manifestazioak egitea.
AFP berri agentziak kaleratu duenez protesten berri bertatik bertara ematen ari diren iturriak aipatuz, askotarikoak dira manifestazioetan parte hartu dutenen aldarriak: batzuek Israel Gazan egiten ari den sarraskia gaitzetsi dute; besteek AEBei aurpegiratu diete oldarraldi horretan Israel babestea eta ekonomikoki eta militarki laguntzea, eta zenbaitek, berriz, Israelen ofentsiba erabat gaitzetsi ez, eta su etenerako deia egin dute.
4Zenbat aldiz hitz egin duen Netanyahuk AEBetako Kongresuan. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu da AEB Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuan aldi gehienetan hitz egin duen atzerriko liderra: 1996an hitz egin zuen lehen aldiz, bere lehenengo agintaldian; gero, 2011n egin zuen, bere bigarren agintaldian; eta, ondoren, 2015ean, Akordio Nuklearraren inguruko kezkak adierazteko. Laugarren agerraldia izango du gaurkoa.