Etxe Zurian batzartuta dira AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trump eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu. Etxe Zuriko maizterrak Israeli ezarritako %17ko muga zergez hitz egiten dute, baina baita Gazako gerraz eta Hamasek dituen bahituez ere. Bileraren ostean, ordea, Trumpek ezustean jakinarazi du Iranekin bilera bat egingo dutela, larunbat honetan. «Maila goreneko» bilera bat izango da, eta AEBetako presidenteak adierazi du Iranek ez duela programa nuklearrik garatu behar: «Agian akordio bat egingo dugu. Hori oso ona litzateke Iranentzat».
Israelgo lehen ministroak, berriz, esan du Hamasek bahitutakoak askatzeko beste akordio bat negoziatzen ari direla, eta berriz ere mintzatu direla palestinarrak Gazatik kanporatzeko asmoaz. Hori proposamen «ausarta» dela adierazi du.
Atzo gauean iritsi zen Netanyahu Washingtonera, eta Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariarekin hitz egin du Etxe Zurira joan aurretik. Urtarrilaren 20an, Trumpek kargua hartu zuenetik, bigarrenez batzartu dira Trump eta Netanyahu. Trumpen bigarren agintaldian —lehen aldiz 2017tik 2021era izan zen AEBetako presidente— Etxe Zuria bisitatu zuen lehen gobernuburua izan zen Israelgo lehen ministroa. Eta iragan astean, herrialde guztiei muga zerga berriak ezarri ostean ere, AEBetako presidenteak hartu duen nazioarteko lehen agintaria izan da Netanyahu.
Lehen ministroa Washingtonen zela, Israelgo armadak Gaza bonbardatzen jarraitu du gaur, eta gutxienez 42 lagun hil ditu, besteak beste Khan Yunis, Gaza eta Deir al-Balah hirietan, Al-Jazeera hedabidearen arabera. Tartean, bi kazetari hil dituzte Khan Yuniseko kazetarien karpa baten kontrako eraso batean, Nasser ospitaletik gertu. Gutxienez beste zortzi kazetari ere zauritu dituzte.
Ibrahim Qanan kazetariak Efe agentziari adierazi dionez, 45 karpa daude inguru hartan, non nazioarteko hedabideek, arabiarrek eta bertakoek egiten duten lan. Palestinako Kazetarien Sindikatuak «kazetarien aurkako sarraski izugarri eta lazgarria» salatu du. 2023ko urritik hona, 210 kazetari hil dira Gazan Israelen erasoetan, Gazako Gobernuaren arabera.
Wafa agentziak kaleratu duenez, Israelek 14 urteko nerabe bat tiroz hil zuen atzo gauean Zisjordanian, Turmus Ayya herriko ingurumarietan, Ramallah hiritik gertu. Israelgo armadak nerabea hil izana baieztatu du, eta «terrorista» izatea leporatu dio, errepidera harriak jaurtita «gidatzen ari ziren zibilak arriskuan jartzeagatik». Beste bi nerabe ere zauritu zituzten eraso hartan, 14 urteko bat eta 15 urteko beste bat; Abu Falah herriko ospitalean artatu zituzten, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi duenez.
Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean greba orokorrera deitu dute gaurko, Gazako erasoaldiaren kontra. Hamasek eta Al-Fatahk bat egin dute deialdiarekin, eta palestinarrei eskatu diete batu daitezela grebara «etengabeko krimenen, genozidioaren eta garbiketa etnikoaren aurka». Kalandia hirian, Jerusalem ekialdeko Kafr Aqab auzo palestinarrean eta Ramallahn itxiak dira denda gehienak, eta eskolek eta Ramallahko unibertsitateak ere greba eguna dute gaurkoa.