ISRAEL

Netanyahu, beste fronte baten aurrean

Israelgo Auzitegi Gorenak Netanyahuren erreforma judizialaren kontra egin du, noiz-eta inkestek adierazten dutenean lehen ministroaren alderdia amildu egingo dela eta Gazako erasoaldiaren helburuak bete gabe daudenean.

NETANYAHU. ISRAEL
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, aurreko igandean. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 2a
16:04
Entzun

Aurreko urtea amaitu aurretik, Benjamin Netanyahuk fronte batzuk zeuzkan irekita: Gazako erasoaldia, bahituen krisia kudeatzea, ustelkeriarekin lotutako epaiketa bat berriro hastea, eta inkestek iragarritako amiltze nabarmena, besteak beste. Eta 2024a hasi berritan, Israelgo lehen ministroak beste fronte bati aurre egiteko prestatu beharko du, hango Auzitegi Gorenak atzo jakinarazi baitzuen indargabetu egin duela haren erreforma judizialaren lege nagusia, Gorenari gobernuaren erabakien gainean posizionatzeko ahalmena mugatzen ziona.

Hortaz, baliteke herrialdea krisi instituzional baten atarian egotea. Hasteko, lurrikara politiko bat eragin du legeak. Israelgo Parlamentuak aurreko uztailean onartu zuen neurri hori, koalizio gobernua sostengatzen duten indarren babesarekin: lehen ministroaren alderdikoak, hau da, Likudekoak, ultraortodoxoak eta eskuin muturrekoak. Yariv Levin Justizia ministroa izan zen lege horren bultzatzaile nagusietako bat: Gorenaren erabakia kritikatu zuen atzo ohar batean, eta azpimarratu herrialdearen «batasun desioaren» kontrakoa dela; «are gehiago gerra garaian». Gaineratu zuen behin asmoa dutela Gazako erasoaldia bukatuta erreforma osorik aurrera eramateko, lege hori ere jasota.

Yair Lapid oposizioko buru eta herrialdeko lehen ministro izandakoak (2020-2021), ordea, Goreneko epaileen ebazpena txalotu zuen —zortzi magistratuk egin zuten alde, eta zazpik kontra—, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, iritzita epaileek «leialtasunez» bete dutela beren egitekoa: «Israelgo herritarrak babestea». Aintzat hartu behar da oposizioarentzat botere banaketa ziurtatzeko modua ematen duen erakundea dela Gorena, eta eskuinak eta eskuin muturrak, bestalde, esku hartze ideologikoak egiten dituen organotzat daukatela.

Koalizio gobernuak nahi du Gorenak gaitasunik ez edukitzea kabinetearen erabakietan esku hartzeko; ezta horiek «arrazoizkoak» ez direla iruditzen zaionean ere. Erreformaren aurka agertu dira AEBetako Gobernua, Israelgo buruzagi militarrak eta hainbat goi funtzionario, besteak beste, eta, urriaren 7an Gazako erasoaldia hasi aurretik, 30 astez manifestazio masiboak egin zituzten. Israelgo Gobernuaren Kalitaterako Mugimendua izan zen protesta horien hauspotzaile nagusia, eta pozik dago Gorenaren epaiarekin. «Egun historikoa da gaurkoa, eta garaipen handi bat da demokrazia defendatzen duten horientzat. Justiziaren kontrolari ihes egin nahi zioten gobernuak eta ministro batzuek jakin dute epaileak, demokrazia eta botere banaketa existitzen direla Jerusalemen», azpimarratu zuten atzo, ohar batean.

33

Turkiak atxilotutako pertsonak. Turkiak 33 pertsona atxilotu ditu, Israelgo zerbitzu sekretuentzat espiatzea egotzita. Hori kaleratu du Anadolu berri agentziak, gaur, iturri ofizialak aipatuta. Gainera, arrazoi beragatik beste hamahiru pertsonaren bila ari dira.

Eta Gorenak kolpea eman dio Netanyahuri, noiz eta inkestek adierazten dutenean aurreko hauteskundeetan lortu zituen aulkien ia erdiak galduko lituzkeela bozak eginez gero —2026an dira egitekoak—. Parlamentuan 32 diputatu lortu zituen Likudek 2022ko azaroan, eta, iazko abenduaren 29an Maariv egunkariak kaleratutako zundaketaren arabera, hauteskundeak orain eginez gero hamasei lortuko lituzke.

Beherakada hori esplikatzeko, kontuan hartu behar da bai erreforma judiziala abiarazi izana, bai Tel Avivek gaitasunik ez eduki izana Hamasek urriaren 7an Israelen egindako erasoa eragozteko —ia 1.200 pertsona hil zituen orduan, eta horrek eragin zuen Israelek Gazaren kontrako erasoaldia abiatu izana—, bai eta, urte amaieran Israelgo Demokraziarako Institutuak kaleratutako ikerketa batek adierazi bezala, Netanyahuk ez bete izana erasoaldia justifikatzeko helburuak azkeneko hiru hilabeteotan: Hamasen egitura politikoa eta militarra deuseztatzea, eta Gazako miliziek urriaren 7an Israelen bahitutakoak askatzea. 240 inguru hartu zituen gatibu, eta 120 inguru askatu dituzte.

Eta erasoaldiarekin lotuta, Israelgo Gobernuak jakinarazi zuen, atzo, Nazioarteko Justizia Auzitegian aurkeztuko dela bere burua defendatzeko. Gazan genozidio bat egitea egotzita, Hegoafrikak Israelen aurkako salaketa bat jarri zuen organo horretan, aurreko ostiralean

Zisjordanian, bost hildako

Israelgo armadak sarekada batzuk egin ditu gaur goizaldean Zisjordania okupatuan, eta horietako batean, Azzunen, lau palestinar hil ditu tiroz, Palestinako Aginte Nazionalaren Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Iturri horrek zehaztu du Qalqiliyan ere palestinar bat hil dutela Israelgo indarrek. Tel Aviven arabera, palestinarrek leherkariak jaurti dizkietelako erantzun dute tiro eginez. Bigarren Intifadaz geroztik (2000-2005), inoiz ez dituzte 2023an bezainbeste palestinar hil Zisjordanian: 528 izan ziren. Kopuruak nabarmen egin zuen gora urriaren 7tik, ordutik 325 hil baitituzte, nagusiki estatuko indarrek, baina baita kolonoek ere. Gazan bertan 22.000 pasa hil ditu Israelek —azkeneko 24 orduetan, berrehun inguru—, Hamasek gaur plazaratu duenez; horien %70 inguru adingabeak eta emakumeak dira.

Bestalde, AEBetako armadak gaur jakinarazi du urriaren 7aren ondoren Ekialde Hurbilaren inguruko uretara bidalitako gerraontzi bat atzera AEBetara itzuliko dela datozen egunetan. Erasoaldia hasi ondoren, Pentagonoak bi gerraontzi bidali zituen hara. «Oraindik ere, AEBetako Defentsa Ministerioa egoera baloratzen ari da une oro, eta aurrerantzean ere gaitasun handia edukiko du bai Mediterraneoan, bai Ekialde Hurbilean», azaldu du armadak, bere webgunean kaleratutako ohar batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.