Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren kontrako atxilo eskaria emateko eskatu du Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskal Karim Khanek, Israelgo armadak joan den urriaren 7an Gazaren aurka hasitako gerraren harira «gerra krimenak» eta «gizateriaren aurkako krimenak» egitea egotzita. Khanek berak eman du horren berri, Ameriketako Estatu Batuetako CNN telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Nolanahi ere, atxilotze aginduaren eskaera behin-behinekoa da. Indarrean jartzeko, auzitegi horretako zenbait epailek osatutako batzorde batek onartu egin behar du fiskalak proposatutako zigorra.
Eta, Khanek aurreratu duenez, bere eskaera onartuz gero beste zenbait izen-abizen ere agertuko dira atxilotze aginduen zerrendan. Horien artean leudeke Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallant eta Hamas Palestinako talde islamistako hiru goi kargudun: Hamaseko buru Yahya Sinwar, Al-Qassam brigadako buru Mohammad Diab Ibrahim al-Masri eta Hamaseko adar politikoko buru Ismail Haniyeh.
Hamaseko hiru buruzagi horiei «hilketak, zibilak gatibu hartzea eta bortxaketak» leporatzen dizkiete, besteak beste. «Mundua shock egoeran gelditu zen urriaren 7ko erasoaren ondoren. Jendeak asko sufritu du», esan du Khanek. Netanyahuri eta Gallanti egotzitako delituei dagokienez, berriz, hauexek aipatu ditu Khanek: «Hilketa masiboa eragitea, gosetea gerra metodo gisa erabiltzea, laguntza humanitarioa oztopatzea, eta nahita zibilen aurka egitea». Krimen horiek guztiak egiteko aginduak «sistematikoki» ematea leporatu die bi agintariei.
#ICC Prosecutor @KarimKhanQC announces applications for arrest warrants in relation to Benjamin Netanyahu and Yoav Gallant in the context of the situation in the State of #Palestine ⤵️https://t.co/WqDZecXFZqpic.twitter.com/bxqLWc5M6u
— Int'l Criminal Court (@IntlCrimCourt) May 20, 2024
Iragan apirilean zabaldu ziren Netanyahu eta Israelgo Gobernuko eta armadako zenbait goi kargudun atxilotzeko aginduen inguruko zurrumurruak. Gisa horretako zigorren bati buruz galdetuta, Netanyahuk esan zuen «hutsegite historikoa» izango litzatekeela. Israelgo lehen ministroak egindako adierazpen horien inguruan, baina, argi esan du fiskalak: «Inor ez dago legearen gainetik».
Are gehiago, zabaldutako oharrean, Khanek nabarmendu du joan den urtetik «ohartarazi eta agindu» diola Israelgo Gobernuari, «behin eta berriz», Gazara laguntza humanitarioa sartzea galaraztea «nazioarteko zuzenbidearen urraketa bat» litzatekeela, eta, hortaz, «ezer gutxi» balio duela orain buru egiteak, erabakia «hartuta» dagoen honetan.
«Inor ez dago legearen gainetik».
KARIM KHAN Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskala
Hori bai, Israelek aukera izango luke erabakiaren aurkako helegite bat aurkezteko. Eta, Israelgo Defentsa ministro ohi Benny Gantzen hitzei erreparatuta, irudi du hori egingo luketela. «Fiskalaren erabakia onartzea krimen historikoa litzateke», idatzi du X sare sozialean. Kritiko agertu da Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrich ere, baina haren hitzak muturrekoagoak izan dira: «propaganda nazia» egitea leporatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiari, eta organo hori «antisemitatzat» jo du.
Joe Biden AEBetako presidenteak ere gogor egin du Khanen akusazioen aurka; «eskandalagarria» da Bidenentzat Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak Netanyahuren atxiloketa agintzea. Anthony Blinken AEBetako estatu idazkariak, bestalde, errefusatu egin du Khanek Israel eta Hamas alderatzea, «lotsagarria» dela esanaz.
Leunago mintzatu da PAE Palestina Askatzeko Erakundeko ofizial Wasel Abu Yussef, baina hark ere kritikatu egin du fiskalaren erabakia, argudiatuta Khanek «maila berean» jarri dituela «biktima eta erasotzailea». Bide beretik jo du Hamaseko goi kargudun Sami Abu Zuhurik, eta esan du gisa horretako agindu batek ez duela «geldituko» Israel Gazan egiten ari den «sarraskia».
Khanek esan duenez, hiru urte daramatza Israelgo armadak 2014tik hona Palestinako lurralde okupatuetan egindako krimenak ikertzen. «Nire bulegoak arreta eta kontu handiz egin du lan baieztapenak eta gertaerak bereizteko, eta frogetan oinarritutako ondorioak aurkezteko», esan du, eta nabarmendu bere eskaera «ikerketa independente eta inpartzial baten ondorio» dela.
Lehen aldia
Ez Israel ez AEB Ameriketako Estatu Batuak ez dira Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide —denera, 124 herrialde dira kide—; eta lehenengo aldia da auzitegi horretako fiskalburuak Washingtonen aliatu baten aurkako atxilotze agindu bat emateko eskatu duela.
Israel ez denez organo horretako kidea, ez dago behartuta auzitegiarekin kolaboratzera. Txina, Errusia eta India ere ez dira kideak. Iazko martxotik, auzitegi horrek abian du Errusiako presidente Vladimir Putinen aurkako atxilotze agindua, Ukrainako gerraren harira.