'Latinoamerikaren zain urratuak'. Sinclair Thomson eta Lecko Zamora. Historia irakaslea eta idazlea

«Neoliberalismoa agertu eta gero zer gertatuko zen iragarri zuen»

Thomson eta Zamorarentzat mugarri bat izan zen Galeanoren liburua, ez bakarrik Latinoamerika ulertzeko, baita herri indigenei urteetan eman zitzaien rola eztabaidatzeko ere.

CECILIA VALDEZ.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun

TheNew York Times egunkariko kazetari ospetsu batek behin esan zuen estatubatuarrek edozer gauza egingo luketela Latinoamerikarentzat, eskualdeari buruz irakurtzea izan ezik. Baina hiengan ere izan zuen eraginik Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak obrak. Lecko Zamorak eta Sinclair Thomsonek BERRIAri kontatu diote zer-nolakoa izan den Galeanoren liburua irakurtzea, eta lan horrek zer eragina izan zuen, Latinoamerikako herri autoktonoetan bereziki.

 

Denek Lecko deitzen dioten arren —jaio zen wichi herri indigenan eman zioten izen hori—, Audencio Zamora izena du, dokumentuetan jartzen duenez: «Ez ziguten uzten izen indigenak izaten». Lecko El Algarrobalen jaio zen, Salta probintzian (Argentina), baina Bolivian eta Venezuelan ere bizi izan zen. Gaur egun Chacon bizi da, eta wichi komunitateko erreferente bat da. Lecko idazlea eta poeta da, eta opera kontzertu baten egilea.

Sinclair Thomson Latinoamerikako historia irakaslea da New Yorkeko Unibertsitatean. Andeetako eskualdean aditua da; indigenen eta kolonien inguruko historia landu zuen, eta La Paz eskualdeko XVIII. mendeko aimara komunitateen historia politikoa ikertu zuen. Gaur egun, Tupac Amaru eta Tupac Katariren inguruko memoriari buruzko proiektu batean lan egiten du, baita garai kolonialetik orain arte izandako insurgentziei buruzko proiektu batean ere.

Latinoamerikaren zain urratuak obraren lehen edizioa argitaratu zen ia aldi berean, Fausto Reinaga intelektual eta idazle indigena boliviarrak La revolución india (1970) eta Tesis india (1971) argitaratu zituen. Bi lan horiekin, idazleak Mendebaldeko pentsamendua ostikoka irauli zuen, ezkerreko zein eskuineko ikuspegi indigenistak zalantzan jarri, eta indianismoaren oinarriak finkatu. Hainbat gauza planteatu zituen, hala nola alfabetoa arma bat dela, hizkuntza pentsamendu bat dela eta gaztelania kultura bat dela; eta indioa, gaztelaniadun bihurtzean, bere kulturatik aldentzen dela, desagertu, eta hil.

Noiz irakurri zenuten Latinoamerikaren zain urratuak lehenengo aldiz?

SINCLAIR THOMSON: Uste dut 80ko hamarkadaren hasieran izan zela, ingelesezko itzulpen bat. Garai hartan, Latinoamerikari buruzko interesa piztu zitzaidan Erdialdeko Amerikan egindako esku hartzeak eta Hego Konoko diktadurei emandako babesa zirela eta. Kaliforniako iparraldean nengoen, eta han elkartasun handia zuten Latinoamerikarekin, Txilerekin bereziki. Txileko erbesteratuen talde batek eragin handia izan zuen Berkeley inguruan, eta ni han ari nintzen ikasten. Galeano esnatze horren parte izan zen, ekonomia politiko eta historia gaietarako atea. Lehen aldi hartan irakurri nuen liburu bera daukat oraindik; txikituta dago.

Nik Galeano irakasten diet oraindik ere New Yorkeko ikasleei. Joan den ostegunean, Memoria del fuego-ren (Suaren memoria) pasarte batzuk irakurri genituen, eta klaseko hainbatek dagoeneko irakurria zuten Latinoamerikaren zain urratuak. Onena da Amerika kontinente osoko gazteek irakurtzen dutela oraindik ere. Latinoamerikaren zain urratuak lanarekin, gogoeta egiten dugu historiaren eta literaturaren arteko desberdintasunei buruz. Ikusten dugu Galeanok historia nola kontatzen duen estilo poetiko baten bidez, baina baita iturri dokumental eta historiografiko batzuetan oinarrituta ere.

LECKO ZAMORA: 80ko hamarkada baino lehentxeago irakurri nuen. Lagun batek liburuaz hitz egin zidan, eta eskuratu egin nuen. Gogoratzen dut irakurtzen hasi nintzenean ezin nuela askatu, hainbeste egia esaten zituen… Miretsi egiten nuen guretzat, herri indigenentzat, horren garrantzitsuak ziren kontu horiek guztiak esaten zituen pertsona hori. Asko lagundu zidan historiako gauza asko ulertzen, baita Europaren eta Latinoamerikaren arteko harreman zail hori ere; eta nazio horien eta herri indigenen arteko harremana, zeina zaila den eta izan zen. Galeanok pentsamendua ireki zidan; liburua beti eramaten nuen aldean, garai hartan hasi bainintzen bidaiatzen eta komunitate indigenak ezagutzen. Erabat kontsultak egiteko erabiltzen nuen liburu bat zen. Denborarekin, beste batzuei utzi nien, baina ez zidaten itzuli; berriro erosi nuen, beste batzuei utzi, eta orduan ere ez zidaten itzuli, harik eta Mexikora egindako bidaia batean lortu nuen arte, eta hori oraindik ere badaukat.

Zer ondorio izan zituen obrak Latinoamerikako herri autoktonoetan?

THOMSON: Uste dut liburua argitaratu zenean interes handia zegoela, Galeanoren partetik, Latinoamerikako historian herri indigenek izan zuten rola eztabaidan jartzeko. Baina ikuspegi indigenista bat da, non indigenak kolonialismoak esplotatutako biktima eta subjektu gisa dauden, eta ikuspegi horretan indigenek ez daukate gaitasun handirik prozesu historikoetan eragiteko. Garai hartan, Latinoamerikan mugimendu indigena batzuk beren ahotsarekin hitz egiten hasi ziren: erakutsi zuten gaitasuna zutela historian eta egitura ekonomiko eta politikoetan eragiteko, eta ez zuten onartzen mestizoek [zurien eta indioen seme-alabak] eta kreoleek [Latinoamerikako herrialde batean jaiotako europarren ondorengoak] ordezkatzea. Desadostasunak zeuden Latinoamerikako ezkerraren diskurtso batzuen eta proiektu indigenen artean.

LECKO:Komunitate indigenetako lider batzuekin hitz egin nuen, eta bat etorri ginen obra horrek garrantzia izan zuela guretzat. Galeanok esaten zuen horrek segurtasuna ematen zigula gure historiari buruz beste batzuekin eztabaidatzeko, herri indigenekiko errespetua bilatzeko bidean. Mito bat sortu zuten: europarrekin batera iritsi zela hona zibilizazioa. Benetan, ordea, sarraskiak eta arpilatzeak ekarri zituzten. Ni 16 urterekin hasi nintzen pentsatzen zergatik tratatzen zituzten horrela herri indigenak; beti tratatzen gintuzten zibilizatuak ez bagina bezala, edo esaten ziguten ez genuela kulturarik, edo atzeratuta geundela, baina hori mitoak baino ez ziren, eta liburuak argudioak eman zizkidan horri buruz eztabaidatzeko.

Reinagak zioen ezkerrak indiarrak azpiratzen zituela eta beharrezkoa zela baztertzea indiarrari buruz kreoleek sorturiko irudia. Galeanok nola irudikatzen ditu indioak?

LECKO: Reinaga indianismoaren sortzailea da. Ezkerraz zein eskuinaz nazkatu zen, eta indigenatzat zeukan bere burua. Niretzat bai Galeano, bai Reinaga oso erreferente garrantzitsuak dira. Gu herri kolonizatu gisa tratatzen gaituzte, ez digute nahi duguna egiten uzten, eta ez digute gobernuetan parte hartzen uzten, Bolivian, Perun eta orain Txilen izan ezik; izan ere, badirudi herri maputxeak gertuago daukala autonomia lortzea, giza baliabide trebatuak dituztelako. Reinagak askoz ere ezagunagoa izan beharko luke. Nik haren iritzi bera dut: indigenek mundua ikusteko daukaten modua ez da ez ezkerrekoa, ez eskuinekoa; munduak leku bakoitzeko pentsamendu bereziago baterantz jo behar du, eta hori errespetatu egin behar da, inolako ideologiarik inposatu gabe. Leku batzuetan ona izan denak ez du zertan ona izan beste batzuetan.

Mugimendu indigenentzat giltzarri izandako garai batean agertu zen Latinoamerikaren zain urratuak...

LECKO: Hala da; gogoan dut Barbadosko Adierazpena (1971).

THOMSON: Oso garai garrantzitsua izan zen, baina oraindik ez zegoen adostasunik. Galeanok Bolivia bisitatu zuen Latinoamerikaren zain urratuak argitaratu zen urte berean, 1971n, baina meatzaritzako proletarioekin egon zen, eta ez zen egon ez landan, ez La Paz eskualdean, non nekazari indigenen mugimendua sortzen ari zen.

Zertan bereizten dira indianismoa eta katarismoa edo nekazarien mugimendu sindikala?

THOMSON: XX. mendearen amaieran, bi korronte nagusi daude Bolivian: katarismoa eta indianismoa. Elkarrekin sortu ziren, baina bereiziz joan ziren. Reinaga da gazte horien prestakuntzarako intelektualik garrantzitsuena. Kataristak nekazarien mugimendu sindikalaren barruan antolatu ziren, eta kolonialismoaren kritika bat ezarri zuten Boliviako Langile Nekazarien Sindikatu Bakarraren Konfederazioaren barruan (CSUTCB). CSUTCBk kapitalismoa eta klase esplotazioa salatzen zituen, baina kataristek, batez ere goi lautadako eskualdeko aimara gazteek, nabarmentzen zuten bi esplotazio ardatz daudela: kapitalista eta barne koloniala. Kataristen asmoa zen bi fronteetan borrokatzea, eta horrek eskatzen zuen ezkerrarekin bat egitea eta elkarlanean aritzea, baina, aldi berean, nazio askapenerako proiektua zabaltzea. Bestalde, indianistek arraza bereizkeriaren alderdi koloniala azpimarratzen zuten, eta ezkerra ez zuten ikusten solaskide baliozkotzat edo emantzipazio borrokan konplize gisa; aitzitik, uste zuten ezkerrak diskriminazio kolonialaren ereduak bereganatu zituela, eta indigenak ez zituztela berdintasunez tratatzen.

Zergatik bihurtu zen horren ezagun Latinoamerikaren zain urratuak?

THOMSON: Alde batetik, oso ondo idatzita dagoelako, ulertzeko moduan, estilo grinatsu eta ez-akademikoan. Beste elementu garrantzitsu bat da umorez idatzita dagoela, umore beltzez. Sarkasmoa oso erakargarria da irakurlearentzat.

Hori ez da galtzen ingelesezko itzulpenean?

THOMSON: Itzulpen bikaina dela uste dut. Horretan ez nator bat Peterrekin [Winn], itzulpena erdipurdikoa zela esan baitzuen. Cedric Belfrage bera ere [ingeleserako itzultzailea] erreferente bat zen. Estatu Batuetatik erbesteratu behar izan zuen, konpromiso politikoengatik. Uste dut itzulpeneko hizkuntza oso argia eta zehatza dela; are, batzuetan uste dut Galeano baino zehatzagoa dela.

Zer garrantzi du gaur egun obra horrek?

THOMSON: Eskuinak ez ezik, akademikoek, ekonomialariek eta historialariek ere kritikatu dute liburua. Haien ustez, esparru analitiko gisa ez du garrantzirik mendekotasunari dagokionez. Baina, Christy Thorntonek adierazi bezala, Galeanok oso arazo larria aipatu zuen, XX. mendearen amaieran gai nagusi bihurtu zena, hau da, Munduko Bankuak, NDFk eta halako erakundeek finantzak inposatzeko dituzten moduak. Bi horiek oso presente daude, eta testuak, nolabait, iragarri zuen zer gertatuko zen neoliberalismoa agertu eta gero. Gai horiek ez dira konpondu.

Mende hasierako eskualdeko gobernu aurrerakoietako presidenteek, nolabait, adierazi zuten obra horren zordun zirela...

LECKO: Uste dut presidente horiek, pertsona gisa, ondo jabetzen zirela egoeraz, herri indigenen eta oro har herritarren eskubideez, baina harrapatuta geratu dira beste indar edo eragin batzuen pean: ekonomikoak batez ere, nolabait multinazionalek nahi dutena egitera behartzen dituztenak. Galeanoz gain, Noam Chomsky eta Leonardo Boff irakurtzea gomendatuko nieke.

THOMSON: Uste dut eskualdeko gobernu aurrerakoien eraginez beste topaketa bat izan dela mugimendu indigenekin. Historian ziklikoki aurkitu dugun zerbait da: ezkerraren eta indigenen mugimenduen arteko elkarguneak. Proiektu nazional bat osatzeko garaiak dira, baina ez dira garai iraunkorrak. Ziklo batzuetan desadostasun handiagoak daude. XXI. mendearen hasiera elkartzeko garaia izan da. Garai horretan, lankidetza eta sinpatia moduak ikusi dira. Nire ustez, Galeano ezkerraren isla ere bada, denborarekin intelektualekin eta indigenen mugimenduekin elkarrizketa zuzenagoa eduki nahi izan zuelako, eta nolabait elkarrizketa hori sortzea lortu zuelako. Hor ikusten duzu Galeanok, nolabait, indigenen mugimenduekin elkarrizketa eta harreman horizontalagoa eta errespetuzkoagoa izatea lortu zuela. Hala ere, dena ez da hain erraza; behin boterea lortuta, gobernu aurrerakoiek praktikan jarri dituzte beren eredu ekonomikoak, eta baliabide naturalen ustiapenaren menpe jarraitu dute. Horrek, berriz ere, komunitate indigenetan eta beren lurraldeen ongizatean eragiten du. Eta hor tentsioak sortzen dira atzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.