HERBEHEREAK

Nekazarien alderdia lehen indarra izango da Herbehereetako Senatuan

BBBk 75 eserlekuetatik hamabost eskuratu ditu. Lehen ministroaren alderdiak bi aulki galdu ditu, hamarrekin geratzeraino. Nekazarien alderdi eskuindarraren helburua da gobernuak ezarritako ingurumen planen aurka «borrokatzea».

BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua alderdiko buru Caroline van der Plasek (erdian), atzoko bozetan lortutako emaitzak sinetsi ezinik, Bathmenen, Herbehereetan. SEM VAN DER WAL / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 16a
12:52
Entzun

BBB Nekazarien eta Herritarren Mugimendua alderdiak Herbehereetako jokaleku politikoa astindu du, herrialde horretako senatuko indar nagusi bilakatuko baita. Boto gehienak zenbatuta, 2019ko protestetan eratutako nekazarien alderdi kontserbadoreak 75 eserlekuetatik hamabost izango lituzke goi ganberan, botoen ia %20 lortuta. «Hau ez da normala, baina benetan hala da! Boto emaileak argi eta garbi mintzatu dira gobernuaren politiken aurka», esan du alderdiko buruzagi Caroline van der Plasek, sinetsi ezinik. Probintzietako bozak izan ziren atzokoak, eta horietan herritarrek bozkaturiko politikariek hautatzen dituzte senatariak.

Berdeen eta Laboristen arteko ezkerreko aliantza bat ere hamabost eserleku erdiesteko bidean da senatuan. Kontrara, Mark Rutte lehen ministro liberalaren lauko koalizioa 24 eserlekurekin geratzeko zorian dago, azken bozetan baino zortzi aulki gutxiagorekin. Hain zuzen ere, Rutteren VVD Askatasunaren eta Demokraziaren Aldeko Alderdi Popularrak bi senatari galduko lituzke, eta hamarrekin geratuko litzateke. Ruttek, 2010etik lehen ministro denak, Van der Plas zoriondu zuen atzo, baina nabarmendu zuen emaitzek ez dutela gobernua atakan jarriko: «Uste dut gobernua egonkor egon daitekeela datozen urteetan, erantzukizunak hartu nahi dituzten alderdiak ondoan ditugulako». Demokraziarako Foruma izan da galtzaile nagusia. Kolpe latza hartu du alderdi liberalak; 2019ko bozetan botoen %15 lortzetik %3ra amildu da.

Atzoko emaitzak, gutxienez, Ruttenen agintaldiaren gainerako zatia larriki zailduko duela dirudi. Printzipioz, VVDko buruzagiak Berdeen eta Laboristen arteko ezkerreko aliantzara jo lezake lege berriak onartzeko beharrezkoa den gehiengoa lortzeko senatuan. Praktikan, bi alderdi horiek esan dute gobernu koalizioaren programa klimatiko osoa blokeatuko dutela, urrunago eta azkarrago joan ezean; adibidez, ikatzezko zentral elektriko guztiak itxiko dituzte bi urteko epean, eta erabat murriztuko dituzte erregai fosiletan oinarritutako industriarako diru laguntzak.

Nekazarien alderdiak eserleku bakarra eskuratu zuen 2021eko parlamentuko hauteskundeetan, baina haren ospea handi egin da, gobernuarekiko mesfidantza gero eta handiagoa delako herritarren artean. Hain zuzen, behe ganbera osatu zen egunean, Van der Plas, nekazaritzan espezializatutako kazetari ohia, parlamentuak Hagan duen egoitzaren aurrean jarri zen, traktore baten gainean, tinko. Egun horretatik aurrera, Herbehereetako eztabaida politikoan pertsona ezaguna izan da, eta gobernuak helburu klimatikoak betetzeko egindako proposamenen aurka urtebete daramaten milaka baserritarren heroi bilakatu da.

BBBren helburua da gobernuak ezarritako ingurumen planen aurka «borrokatzea»; nitrogeno isuriak nabarmen murriztu asmo ditu, abelburu kopurua txikituz eta milaka ustiategi erosiz. Alderdiaren hedapena, ordea, nekazariez harago zabaldu da, Herbehereetako balio sozial eta moral tradizional eta kontserbadoreak irudikatzen dituen plataforma batean.

Gobernuak nitrogeno isuriak erdira murriztu nahi ditu 2030era bitartean; are, probintzia batzuetan, isurketak %95 murriztu beharko lirateke. Funtsean, Amsterdamek 25.000 milioi bideratu nahi ditu abelburuen kopurua %30 txikitzeko. Izan ere, abelburu kopuru handi samarra edukitzearen eta ongarrien erabilera intentsiboaren ondorioz, nabarmen handitu dute nitrogeno oxidoaren kantitatea, Europako Batasunak ezarritako araudia urratzeraino. Herbehereak dira munduko laborantza produktu esportatzaile handien artean bigarrena. Dena dela, litekeena da Rutteren lana are zailagoa izatea gobernuaren ingurumen planak abian jartzeko ardura duten hamabi batzar probintzietan, BBB alderdia horietako bostetan gailendu baita, zenbait eskualdetan botoen %30 erdietsita, gainera.

Nekazarien alderdiarentzat, berriz, arazoaren mataza are gehiago korapilatu da, esanez proposatutako konponbideek nekazariei «kalte bidegabea» eragiten dietela, gas kutsagarri gehiago isurtzen dituzten beste sektore batzuekin alderatuta, hala nola industriarekin edota garraioarekin. Horrez gain, ohartarazi du auzi horrek ustiategi asko ixtea eta elikagai gutxiago ekoiztea eragingo lukeela.

Ingurumenarekin lotuta, talde ekologisten aldeko epai batzuk atera dituzte Herbehereetako auzitegiek, eta gobernuari agindu diote isuriak mugatzeko eta natura zaintzeko. Bide horretan, Amsterdamek bertan behera utzi behar izan ditu eraikuntza proiektu garrantzitsu batzuk, nahiz eta herrialdea etxebizitza krisi batean egon.

BBB, «immigrazioaren aurka»

BBBren politikak gobernuaren ingurumen politiken aurka jartzera bideratuta dauden honetan, BBC irrati telebista publikoak herbeheretarrei egindako inkesta baten arabera, jende gehienak Nekazarien eta Herritarren Mugimendua alderdi «euroeszeptiko, eskuindar eta populistatzat» jotzen du, baita «immigrazioaren aurkakotzat eta burka debekatzearen aldekotzat» ere. Van der Plasi kritika ugari egin dizkiote azkenaldian sare sozialetan mezu «homofobo eta arrazistak» idazteagatik. BBBk 2024ko Europako Parlamentuko hauteskundeetara aurkezteko asmoa du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.