Marylen Serna Cauca eskualdeko nekazarien buruzagia da, Herrien Kongresu Nazionala mugimenduko bozeramailea, eta Bakerako Herri Mahaiko kidea. Herritarren parte hartzea faltan sumatu zuen FARCen eta gobernuaren arteko Habanako elkarrizketetan, eta ELNren elkarrizketen atarian, parte hartzearen garrantziaz aritu da. ELNko gerrillariek negoziazioen erdian jarri dute baldintza hori, baina gainditu beharreko arantza handienetakoa izango dela uste du. Oso garrantzitsu deritzo, hala ere, «bakea behetik eraikitzen» hasi behar dela uste baitu.
Zergatik da horren garrantzitsua parte hartzea ELNrentzat?
ELN Kolonbiari eta tokiko herriari eragiten dieten arazoengatik borrokatzen da. Ez du bere burua gizartearen ordezkaritzat. Aldehorretatik, uste dute herriak berak garatu behar dituela beren bizitza eta arazoak konpontzeko negoziazioetako puntuak. Herriak berak hartu behar du bere erantzukizuna negoziazioetan. Hala ere, zail ikusten dut: gobernuak ez du bete nekazarien goi bilerarekin egindako akordioa, sindikalismoari jazartzen zaio, eskualdeak jotzen ditu... Parte hartzea mugatzen duen hori guztia ere emango dute Quitoko mahaira. Fase publikoa irekitzea espero dugu, parte hartzen hasteko, uste baitugu ELNren eta gobernuaren arteko negoziazioan ezinbestekoa dela gizartearen presentzia. Horregatik ELNren proposamena oso baliotsua da, gizartea erdian jartzen duelako, herria baita gatazka pairatu duena, desplazatu dutena, jazarria izan dena, kanporatzea eta miseria sufritu duena.
Habanako akordioei egindako kritika bat izan da gizarteak parte hartze mugatua izan duela. Zer iruditzen zaizu zuri?
Gatazka sozial eta armatu batean urte luzez bizi den herrialde batean, bake prozesu bat hastean, bakea batez ere gizarteak eraiki behar du. Izan ere, gizarte horrek eskatu du bakea, gizarte hori izan da gatazkari irtenbide politikoa emateko mugitu eta antolatu dena. Alde horretatik, zaila da ulertzea Habanan izan den parte-hartze mugatua. Urriaren 2ko erreferendumean jendeak ezezkoa bozkatzea horren ondorioetako bat izan da. Baina aipatu behar da biktimen eta emakumeen bitartez gizartea mahaian egon ahal izan dela. Parte hartze oso zehatza izan da, baina balioetsi behar da, jendea arriskatu egin baita beren proposamenak eta agenda mahaian txertatzeko. Uste dut hori zuzendu beharra dagoela, bai herri mugimenduek, bai gerrillek, etorkizunean gobernuarekin edukiko dituzten elkarrizketetan. Izan ere, oso kezkatuta gaude bakearen alde lan egin duten lider sozialenkontrako hilketengatik eta jazarpenarengatik. Demokrazia arazo bat dugu akordioak lortzerakoan, eta berme gutxi, horiek gauzatzerakoan. ELN Nazio Askapenerako Armadak ere gai hori plazaratu du.
ELNren negoziazioetan nola bermatuko duzue parte hartzea?
Urriaren 2ko abstentzio handiak pentsarazi zigun jendeak ez duela bere burua ordezkatua ikusten bake ariketa horretan. Hori erronka handia da herri mugimenduarentzat eta gizartearentzat, baina batez ere gizarteak bakearen eraikuntzan parte hartzea nahi dugunontzat. Uste dugu axolagabekeria horri buelta emateko mekanismoa dela jendea ordezkatua sentituko den espazioak sortzea. Jendeak ikusi behar du bere eguneroko arazoak negoziazio horietan txertatzen direla. Horretarako, dinamika sozial bat sortu behar dugu sektore sozial nagusiekin, akademia, sektore ekonomikoak, eta eliza ezberdinekin, esaterako. Baina, batez ere, sektore horiek Bakerako Herri Mahaia bera bultza dezatela eta eskualdeetako prozesuetan jardun dezatela. Izan ere, bakea eskualdeetan eraiki behar da, hau da, jendea gatazkan bizi den guneetan. Lan zaila dela uste dugu, oraindik ere gure artean hitz egiten jarraitzen baitugu, barnera begira eraikitzen, baina ez dugu eduki gaitasunik herrialde osoari hitz egiteko, eta hori da herri mugimenduek dugun erronka politiko eta komunikatiboa. Ez badugu lortzen behetik gora eraikitzea, herri mailatik nazio mailara, bakea eraikitzeko aukera historiko bat galduko dugu.
Azalduko duzu zertan datzan Bakerako Herri Mahaia?
Gerrillekin edukitako bake elkarrizketen testuinguruan sortu dugu, baita gobernuarekin negoziatzeko mekanismo gisa ere. Helburutzat, gobernuarekin negoziatzeko baldintza egokiak sortzea dugu, eta, horrela, Kolonbiako herriaren bizi baldintzak hobetzeko aldaketak lortu nahi ditugu. Horrek gatazka armatua eragin duen gizarte gatazka konpontzea ekarriko luke hein batean. Bakerako Herri Mahaiak Kolonbiako gizarte sektore asko batzea lortu nahi du, akordio politiko bat lortzeko. Lehena, jendeak dituen proposamenak, gai eta beharrekin bake agenda eraikitzea da. Bigarrenik, elkarrizketa nazional bat abiaraztea, zehazteko zer parte hartze mota eraiki nahi dugun, eta, batez ere, mobilizazio dinamika indartsu bat abiaraztea gobernuarekin negoziatzeko.
Zein mekanismo zehatz erabiliko ditu Mahaiak parte hartze hori gauzatzeko?
Bakea eskualdeetara iristeko hainbat dinamika daude, bake lurraldeak, eskualdeetako espazioak, bakerako elkarguneak… baina horiek antolatu egin behar dira. Alde horretatik, Mahaiak antolaketa hori, gizarte kohesioa bultzatu behar du.
Baldintzak ba al daude ELNk nahi duena aintzat hartzeko?
ELNk ikusten badu herritarrak ez direla negoziazioen parte, mahai hori kolokan egongo da. Guretzat, parte hartzeak akordioak gauzatzean eta bizi ditugun arazoak konpontzeko orduan du garrantzi handiena. Mugiaraztea eta ikusaraztea, horrek ekidingo du herri mugimenduen kontrako beste genozidio bat errepika dadin. Hemen arazo handi bat dago bizitzaren, giza eskubideen eta eskualdeen eta komunitateen defentsa bermatzeko.
Azkenaldian ekintzaile ugari hil dituzte. Nola gerta daiteke hori negoziazioetako eztabaida puntuetako bat parte hartzea bada?
Kontraesan handia da, baina zaila da sinisten gobernuak puntu hori gauzatzeko borondate osoa izango duela. Batetik, akordioak sinatzen ditu, borrokan egon direnei parte hartze demokratikoa bermatzeko bere hitza ematen die gobernuak, baina, bestetik herri mugimenduari jazartzen zaio. Kontuan eduki behar da mugimendu horiek konpromiso handi bat eduki dutela bakearen eraikuntzarekin, eta akordioak gauzatzerakoan pisu handia edukiko dutela. Horrek mesfidantza sortzen du, instituzioei zilegitasuna kentzen die, zalantza sortzen du, eta, noski, horrek Quitoko mahaian eragina izango du.
Zergatik baldintzatu ditu gobernuak elkarrizketak, Odin Sanchez askatzea ez bazen akordio humanitarioaren parte?
ELNren bake elkarrizketetako agendan puntu humanitarioa bosgarrena zen, baina orain lehenengo gisa jarri du. Eta, horretan, gobernuak ez du errespetatu bere hitza. Zaila da ulertzeko, pertsona horrek zor handia baitauka ogasunarekin. Pertsona ustela da, eta min handia egin dio bere eskualdeari. Orain, ordea, gobernua pertsona hori goraipatzen ari da, eta, gainera, negoziazio prozesua baldintzatu du, nahiz eta akordioa ez zen hori. Ondoriozta daiteke akordioak aurrera eramateko borondate politiko gutxi daukatela, eta horregatik etengabe eskari eta baldintza gehiago jartzen dituztela.
Kolonbia. ELNren eta gobernuaren arteko negoziazioak. Marylen Serna. Herrien Kongresu Nazionaleko bozeramailea
«Negoziazio mahaia kolokan egongo da gizartea parte ez bada»
Herritarren parte hartzerik gabe ez dela bakerik egongo nabarmendu du Sernak; ELNk negoziazio mahaian jarri duen lehen puntua da, baina mesfidati dago, Bogotak oztopoak jarriko dituelako horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu