Israeli berriro hartu diote kargu Gazan daukan jokabideagatik. Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatari Volker Tuerkek txosten bat kaleratu du gaur. Israel urriaz geroztik zerrendan egiten ari den setioa aztertu du hartan, eta gutxienez bi ondorio atera. Batetik, esan du ia ziurtzat jo daitekeela gizateriaren kontrako krimenak egin dituela, zibilen aurkako erasoak «sistematikoak» izan baitira. Eta, bestetik, NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horretako eledunak nabarmendu du litekeena dela horretarako «gerra legeak» urratu izana.
Israelgo armadak iazko urriaren 9tik eta abenduaren 2ra egindako dozena erdi bat bonbardaketetan zentratu dute txostena. Etxebizitza blokeen, errefuxiatu esparruen eta, besteak beste, eskola baten kontrakoak izan ziren, eta, NBEren arabera, gutxienez 218 zibil hil ziren horietan. Eraso horiek helburu ez-militarrak suntsitu zituzten. «Zalantza handiak daude ea gerra legeak aplikatu zituzten, kontuan hartuta horien ardura, proportzionaltasun eta bereizketa printzipioak», azpimarratu du Tuerkek. Gogorarazi du, bide batez, bonbardaketa horiek gertatu ondoren adierazpenak egin zituztela Israelgo indar militarretako buruzagiek, eta nabarmendu zutela erasoen helburua zela ahalik eta kalte handiena eragitea; are, gazatarrei «giza piztiak» deitzen zietela esan du.
Israelek, ordea, txostena kritikatu du. NBEk Genevan (Suitza) duen egoitzarako Tel Aviven misioak ohar batean adierazi du «alborapen metodologikoak» dituela, eta horrek «sinesgarritasuna» kentzen diola. «Haren helburu bakarra da Israelen kontra egitea, Gazan dauden Hamaseko terroristak are gehiago babestuz». Misio diplomatikoak, baina, ez du adierazpen hori egiaztatzeko frogarik aurkeztu. Azken bederatzi hilabeteetan 37.300 pertsona hil ditu Israelek Gazan.
Eta horrekin guztiarekin lotuta, are argiago mintzatu da Chris Sidoti, Israel Gazan egiten ari den setioa ikertzeko NBEk osatutako batzordearen juristetako bat. Agerraldi bat egin du gaur Genevan, eta Benjamin Netanyahuk esandakoez galdetu diote. Israelgo lehen ministroak adierazi berri du «munduko armada moralena» dela Israelgoa. Hau erantzun du Sidotik: «Munduko armada kriminalenetako bat da».
Tentsioa Hezbollahrekin
Israelen eta Hezbollahren arteko tentsioa areagotzen ari da. Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek txio bat idatzi zuen atzo azken orduan, X sare sozialean, eta ohartarazi prest daudela «erabateko gerra bat» hasteko. Apur bat lehenago, Israelen drone batekin filmatutako bederatzi minutuko bideo bat kaleratu zuen milizia xiitak. Aintzat hartu behar da Netanyahuk berak joan den astean esan zuela prest daudela Hezbollahren kontra «ekintza bortitz bat» egiteko. Tel Avivek esan du miliziak hamabost suziri bota dituela gaur Israelera.