AEBek narkotrafikoari aurre egiteko operazio moduan aurkeztutakoa gizadiaren aurkako krimentzat har daitekeela ondorioztatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak. Washingtonek iazko abuztuan zabaldu zuen armada Karibeko uretan, eta segidan hasi zen ontziak bonbardatzen, argudiatuta droga trafikorako erabiltzen zituztela ontzi horiek. NBEk atzo zabaldutako txosten baten arabera, AEBetako armadak 68 itsasontzi suntsitu ditu Karibe itsasoan eta Ozeano Barean iazko irailetik aurtengo abuztura, eta 223 pertsona hil.
Ben Saul giza eskubideen arloko adituak ondu du AEBen operazio horien inguruko txostena; hartan, argitu du Washingtonek nazioarteko zuzenbidea urratu duela, eta litekeena dela gizadiaren aurkako krimenak egin izana: «AEBek egindako eraso militarrak nazioarteko zuzenbidearen kontrakoak dira, bizitzeko eskubidea urratzen dute, eta posible da gizadiaren aurkako krimenak izatea». Nazioarteko uretan egin dituzte operazio horiek.
Hain justu, AEBetako armadaren Hegoaldeko Komandoak Kariben beste ontzi bat bonbardatu zuela jakinarazi eta bi egunera argitaratu du NBEk txosten hori; eraso horretan lau pertsona hil zituzten. Itsasontzia suntsitu zuen unearen bideoa zabaldu du armadak. Ohikoa izan da hori azken urtean Kariben eta Ozeano Barean egindako erasoetan; Pentagonoak hildakoen kopuruaren berri ere eman du, baina ez du informazio askorik eman hildakoen inguruan, ezta biktimak narkotrafikoarekin lotzen zituen frogarik erakutsi ere.
4.700
Zenbat milioi dolar erabili dituzten «narkotrafikoaren aurkako» operazio militarretan. NBEren txostenean kalkulatu dute AEBek 4.700 milioi dolar jarri dituztela operazio militar horietarako —4.100 milioi euro inguru—. Diru hori frogetan oinarritutako neurrietara edo osasun publikora bideratzea eraginkorragoa litzakeela ondorioztatu dute.
AEBetako armadaren Hegoaldeko Komandoak Hegoaldeko lantza operazioa abiarazi zuen iazko udazkenean, eta, besteak beste, Karibe itsasora eraman zuen USS Gerald R. Ford hegazkinontzia, munduko handiena. Operazio militar horiek justifikatzeko, Pentagonoak esan izan du «norbere defentsan» aritu dela, eta «narkoterrorismoaren» aurka gerran dagoela. Donald Trump AEBetako presidentea operazio horien alde agertu izan da Kongresuaren aurrean.
NBEren txostenak, berriz, ziurtatu du AEBek ez dutela eskubiderik indarra erabiltzeko «ustezko» droga trafikoaren aurka. Izan ere, nazioarteko zuzenbidearen arabera, «norbere defentsan» jarduteko «eraso armatu» bat jasan beharko lukete AEBek. Gainera, estatuak ez diren eragileen aurka eskubide hori erabiltzeko, estaturen batek bidalitakoak izan behar dute erasotzaileek. Txostenaren arabera, ezin da egiaztatu AEBek «terroristatzat» dauzkaten taldeek estatu baten mesederako jarduten dutela. Esaterako, Venezuelako Estatuarekin lotura izatea leporatu izan dio Washingtonek Tren de Aragua erakundeari. Narkoterrorismoa erabili zuten AEBek Venezuelari eraso egiteko argudiotzat ere, eta narkotrafikoa leporatuta bahitu zuten urtarrilean Nicolas Maduro presidentea.
«Hilketa sistematikoak»
Txostenean argudiatu dute nazioarteko uretan egindako hilketa horiek gizadiaren aurkako krimentzat har daitezkeela, «sistematikoki» egin dituztelako, estatu batek horretarako abiarazitako politikak atzean egon direlako, eta «orokortuak» izan direlako. Horiek horrela, hilketak ikertzeko exijitu diete AEBei, erantzuleak epaitzeko, eta biktimen familiei kalte ordainak emateko. Gainera, NBEko adituaren arabera, horren hilgarriak ez diren bideak erabili litezke narkotrafikoari aurre egiteko; ontziak atxikitzea, besteak beste.
Gainera, NBEk jakinarazi du operazio horiek abian direnetik ez dela droga gutxiago sartu AEBetara; edo, behintzat, mugan ez dela kokaina gutxiago atzeman. Gaineratu dute Venezuelatik ateratzen den droga gehiena kontainer ontzietan iristen dela, ez ontzi txikietan —halakoen aurkako erasoak egin ditu AEBetako armadak—. Adituaren ustez, «behe mailako susmagarriak» hiltzea baino eraginkorragoa litzake kartel sareak desegitera eta horien buruak epaitzera bideratzea indarrak. Bestalde, txostenean gehitu dute opioideak eta fentaniloa direla AEBetan heriotza gehien eragiten duten drogak, eta horiek ez direla Venezuelatik itsaso bidez iristen.