Hiru urtean aurrenekoz, Ukrainako Gerrari buruzko ebazpen bat onartu dute bart NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan. AEBek ondu eta aurkeztu zuten, eta bi eskakizun nabarmen jasotzen ditu: gatazka «ahalik eta azkarren» amaitzea, eta «bakea luzera begira» bermatzea. Ez du zehazten, ordea, 2022ko otsailean zergatik eta nola hasi zen Errusiaren eta Ukrainaren arteko oldarraldia. Ebazpenaren arabera, bi herrialde horien arteko «gatazka bat» da, eta ez du aitortzen Errusiak Ukrainaren aurkako inbasio bat hasi izana. Hamar herrialdek egin zuten testuaren alde, hala nola AEBek, Errusiak eta Txinak; eta abstenitu egin ziren kontseiluko bost kide europarrak, tartean Frantzia eta Erresuma Batua.
Bozketa egin aurretik, erasotzailea eta erasoa jasandakoa desberdintzearen garrantzia azpimarratu zuten bai Erresuma Batuak, bai Frantziak, eta exijitu zuten Ukrainaren lurralde guztien subiranotasuna barne hartzea; halere, Afrikako, Amerikako eta Asiako kideek ez zituzten onartu aldaketa horiek. Berez, Erresuma Batuak eta Frantziak eskubidea dute Segurtasun Kontseiluko edozein ebazpenek aurrera egitea eragozteko, beto eskubidea baitute. Bart, ordea, hura erabili ordez abstenitu egin dira, eta, azkenean, AEBek aurkeztutako ebazpena horrela onartu dute.
Eguna bestela hasi zen NBEko Batzar Nagusian, Ukrainaren aldeko bi ebazpen onartu baitzituzten. Lehenengoa EB Europako Batasunak eta Ukrainak elkarrekin ondutakoa eta proposatutakoa izan zen: AEBek ez zuten horren alde egin, baina aurrera egin zuen, aldeko 93 boto lortuta. Bigarren ebazpena AEBek aurkeztu zuten; halere, EBko herrialdeek proposatutako hiru zuzenketa egin zizkioten, eta AEBak abstenitu egin ziren, hasierako testua aldatua zela iritzita. EBko herrialdeen zuzenketak txertatu ondoren, Ukrainaren lurralde osotasuna errespetatzeko eskatzen zen testuan.
Ikusteko dago AEBen ebazpenak aurrera egin izanak zer-nolako ondorioak izango dituen. Izan ere, Segurtasun Kontseiluko erabakiak lotesleak dira; NBEko Batzar Nagusikoak, aldiz, ez. Ikusteko dago, halaber, zer gertatuko den menia adosteko negoziazioekin. Ukrainako auziaz hitz egiteko bildu ziren atzo AEBetako presidente Donald Trump eta Frantziako Emmanuel Macron, Etxe Zurian. Macronek errepikatu zuen EB prest egongo litzatekeela Ukrainara «bakerako tropak» bidaltzeko, eta zehaztu zuen horiek ez liratekeela borroka frontean egongo, ezta «lurralde okupatuetan ere»; Trumpek, berriz, berriro eskatu zion Kievi Washingtonen esku utz dezala Ukrainako mineralen ustiapena. Bilkuraren ondoren AEBetako Fox News katean egindako elkarrizketa batean, Macronek esan zuen posible dela Errusiaren eta Ukrainaren arteko «tregoa bat» abiatzea aste gutxi barru.
Eta, bitartean, Ukraina eta AEBen arteko negoziazioak Trumpek nahi zuen bidetik doazela dirudite. AFP berria agentziak eta Financial Times AEBetako hedabideak jakinarazi dutenez, bi herrialdeak akordioa «sinatzear» daude; ostiralean, ondo bidean. Iragarri dutenez, AEBek mineral eta lur arraroak ustiatu ahalko dituzte Ukrainan, Trumpek eskatu legez. Hori, baina, akordioaren «zati bat» soilik ez dela esan dute hedabideek.
Errusia mantsoago doa
Errusiako presidente Vladimir Putin ez dator bat horrekin, ordea. Atzo gauean hango telebista publikoan egindako elkarrizketa batean, adierazi zuen Ukrainarako menia bat adosteko eztabaidak «urruti» daudela, argudiatuta negoziazio mahaian eseri baino lehen Moskuk «konfiantzazko harreman bat» eraiki nahi duela Washingtonekin. Mahai horretan Europak leku bat izan behar ote lukeen galdetuta, erantzun zuen baietz, Errusiak ez diela eragotziko Europako herrialdeei parte hartzea; are, iritzi dio «beharrezkoak» izango direla. Hori bai, iradoki zuen hala dagokionean jasoko luketela gonbita.
Horrekin lotuta, Putinek jakinarazi zuen Errusia prest egongo litzatekeela, Trumpek eskatu bezala, gastu militarra murrizteko: «Ez gaude horren aurka; are, uste dut ideia ona dela». Trumpek egindako proposamenaren arabera, AEBek %50 murriztuko lukete beren gastu militarra, baita Errusiak ere. Trumpek proposamen bera egin zion Txinari, baina hango Atzerri Ministerioko bozeramaile Lin Jianek gaur emandako prentsaurreko batean esan du Txinaren gastu militarra «mugatua eta erabat beharrezkoa» dela. Hain justu, Putinek eta Txinako presidente Xi Jinpingek telefonoz hitz egin zuten atzo gauean. Txinako iturri ofizialek gaur adierazi dutenez, bi herrialdeen arteko «harreman estu eta indartsuari» eusteko beharra nabarmendu zuten bi agintariek.
Erresuma Batuak BPG-aren %2,5 defentsara bideratuko du 2027an
Erresuma Batuak bere BPG Barne Produktu Gordinaren %2,5 defentsara bideratuko du 2027tik aurrera; hau da, aurreikusi baino hiru urte lehenago helduko da kopuru horretara. Hala jakinarazi du gaur herrialdeko lehen ministro Keir Starmerrek, Erresuma Batuko Parlamentuan. Adierazi duenez, 13.400 milioi libera —16.154 milioi euro— gehiago bideratuko dituzte urtero «segurtasun nazionalera». Horiek horrela, «Gerra Hotza amaitu zenetik» herrialdeko defentsak izango duen funts areagotze handiena izango da. Diru hori lortu ahal izateko, laguntza eta garapen programen aurrekontuak txikituko ditu. AEBetako presidentearekin bildu baino bi egun lehenago egin du iragarpena Starmerrek.