NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak bilkura du gaur arratsaldean Ukrainako gerraz eztabaidatzeko, eta Errusiako tropek Kieveko eskualdean eta azken egunotan erretiratu diren beste eremu batzuetan ustez egindako «sarraskien» kasua ere izango du hizpide. Hain zuzen ere, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik Butxa herriko «gerra krimenen frogak» aurkeztuko ditu NBEren Segurtasun Kontseiluan. Haren esanetan, «okupatzaileen [errusiarren] delitu guztiak dokumentatuta daude». Ukrainako Gobernuaren arabera, 340 zibilen gorpuak aurkitu eta lurperatu dituzte Butxako kaleetan, eta ohartarazi dute litekeena dela biktimen zerrenda «askoz handiagoa izatea». Kievek Errusiari leporatu dio «genozidioa» egitea. «Ez dugu ahaztuko».
Errusiak, ordea, beste behin ukatu egin ditu akusazioak. Leonid Slutski Errusiako negoziazio taldeko kideak gogoratu du Errusiako tropak martxoaren 30ean Butxa herritik erretiratu zirela, eta hurrengo egunean Anatoli Fedoruk Butxako alkateak Errusiako indarren erretiratzea baieztatu zuela. «Baina ez zuen txintik ere esan tiroketei buruz», zehaztu zuen. Kremlinek NBE Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadore Vasili Nebenziaren esanetan, apirilaren 2an, Ukrainako indarrak sartu zirenean, ez zen kaleetako sarraskiez edo zibilen gorpuez hitz egiten. «Tokiko zibilen hilketa masiboaren ustezko frogak Ukrainako segurtasun zerbitzuko agenteak hirian sartu ondoren azaldu ziren». Erantsi du Mendebaldeak NBEren Segurtasun Kontseiluan bere interesak «inposatu» nahi dituela.
Horrez gain, Nebenziak Butxako kasua 2018an Duma hirian (Siria) gertatutakoarekin parekatu du: «Kasko Zuriak erakundeak Duman jazotako ustezko eraso kimikoen aurrean azpijoko bat egin zuen, eta Mendebaldeko herrialdeek gertatutakoaren benetako xehetasunak ikertzeari uko egin zioten».
The New York Times egunkariak, baina, Maxar Technologies enpresaren sateliteko irudi batzuk argitaratu ditu. Irudi horiek martxoaren 11koak dira, eta egun horretan Errusiako tropak oraindik Butxa herrian zauden, Kremlinek kontrakoa esan arren. AEBetako egunkariak jasotakoaren arabera, «zibilen gorpuen itxurako irudiak» agertzen dira Jablonska izeneko kalean. AEBek «lotsagarritzat» jo dute Errusiak sarraskiak ukatzea.
Horren harira, Washingtonek Errusiari kendu egin nahi dio NBEren Giza Eskubideen Batzordean daukan boto eskubidea, eta horretarako lehen pausoa emango du gaur Linda Thomas-Greenfieldek , AEBek NBEn duten ordezkariak. Errusia kanporatzeko Batzar Orokorrean bi hereneko gehiengoa lortu beharko dute. Biltzarrean NBEko kide diren 193 herrialdeak daude ordezkatuta, eta, orain arte, 140 estatuk Errusiaren aurkako ebazpenak onartu dituzte. Moskuri, aldiz, ez zaio batere gustatu Washington prestatzen ari den mugimendua.
Bosgarren zigor sorta, eztabaidagai
EB Europako Batasunean, 27 estatuetako enbaxadoreek bilera izango dute bihar, Bruselan, eta Errusiari ezarriko dioten bosgarren zigor sortaz eztabaidatuko dute. Hain zuzen, Europako Batzordeak energia enbargoei ekitea proposatuko die EBko 27ei, adostasunerako aukera gehien dituenetik hasita: ikatza. Garbi geratu dena zera da, gasak ez duela adostasunik; Alemaniak eta Austriak esan zuten gasari enbargoa ezartzearen aurka bozkatuko luketela. Halere, Berlinek zabalik utzi zituen ikatzaren eta petrolioaren ateak, eta elkarrizketak bide horretatik doazela eman du aditzera Frantziako Ekonomiako ministro Bruno Le Mairek. EBko ikatz inportazioen erdia inguru Errusiatik egiten dute, eta, EBk 4.000 milioi euro ordaintzen dizkio urtean Moskuri, baina erregai horren kontsumoa murriztuz doa, urtez urte. Nola nahi ere, ikusteko dago ikatzaren enbargoa aste honetan gauza dezaketen.
Ikatzaz gain, Errusiako lau bankurekin egindako transakzioak, eta teknologia, egur, itsaski edo likoreen esportazioak bertan behera uztea, eta Errusiako itsasontziak eta Moskuk operatutako ontziak EBko portuetara sartzea eragoztea proposatu du Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek. «Baina hau ez da dena. Zigor gehigarriak ezartzen ari gara, baita petrolioaren inportazioei buruzkoak ere», zehaztu du.
Bestalde, Von der Leyen eta EBko diplomaziaburu Josep Borrell Kievera joatekoak dira aste honetan, Zelenskirekin batzartzeko. Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidentea joan den astean batzartu zen Ukrainako presidentearekin.
Errusiari ezarritako zigorrei erantzunez, berriz, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek nabarmendu du munduko ekonomiari gehiago eragiten diotela Errusiari berari baino. «Ukrainan faltsifikazio asko egin dira jada, eta gero babes mediatiko handia erabili dute».
Negoziazioak, aurrera
Moskuko eta Kieveko ordezkaritzek negoziazioetan jarraitzen dutela baieztatu dute, bideokonferentzia bidez. Hain zuzen ere, Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek Ukrainaren jarrera «errealistagoa» ikusi du Istanbulgo bileren ondotik. «Espero dut Kieveko ordezkaritzaren arduradunak beren herriaren interesen alde hasiko direla, urrutiko aholkulariei entzun beharrean». Zelenskik, berriz, herritarrei esan die bakea lortzeko modu bakarra Errusiarekin «hitz egitea» dela, nahiz eta baztertu duen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin biltzea.
Gerra frontean, Ukraina erasoaldi gogorrago baterako prestatzen ari da, batez ere herrialdearen hegoaldean eta ekialdean, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepublikak hartzeko xedez, Ukrainako armadako buruaren esanetan. Zelenskik aitortu du Ukrainak Mariupol hiria (Donetsk oblasta) galtzear duela. Reuters berri agentziaren arabera, Errusiako tropak hiriko kaleetatik hainbat gorpu erretiratzen ari dira; zibilak eta Ukrainako soldaduak, besteak beste.
Bien bitartean, ebakuazio planek aurrera segitzen dute. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek iragarri du beste zazpi korridore humanitario irekiko dituztela gehien erasanda dauden hirietatik zibilak ateratzeko. Horietako bat Mariupolen zabaldu dute, hango herritarrak Zaporizhiara eramateko. Verextxukek salatu du Errusiako armadak Nazioarteko Gurutze Gorriaren ordezkaritza bati ez diola Mariupolera sartzen utzi. «Negoziazioen ostean, atzo askatu zituzten, eta Zaporizhiara bidali», azaldu du Ukrainako lehen ministrordeak Telegram kontuan. Mariupolgoa ez ezik, Berdiansketik eta Tokmaketik Zaporizhiara, eta Severodonetsketik, Popasnatik, Gorsketik eta Lisitxansketik Bakhmutera (Donetsk oblasta) doazen korridoreak ere zabalduko dituzte.p>