«Afrikak oraindik ez du kide iraunkorrik [NBEren] Segurtasun Kontseiluan. Espero dugu gutxi barru hori aldatzea». NBE Nazio Batuen Erakundeko Idazkari nagusi Antonio Guterresen hitzak dira horiek, baina munduko hainbat eta hainbat agintarik esandakoak izan zitezkeen. Aspaldiko eskaria da Afrikako herrialderen bat NBEren Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor bihurtzea, horrek gaur egun organoak dituen arazoak konpontzeko bide eman dezakeelakoan. Ordea, Afrikako herrialde bat edo hamaika sartuta ere «arazoek bere horretan» jarraituko dutela iritzi dio Thomas G. Weissek.
Nazioarteko politikan adituak diren ikerlariak biltzen dituen Nazioarteko Ikasketen Elkarteko presidentea izan zen 2009tik 2010era, eta NBE ikerketagai izan du hainbatetan; are gehiago, Nazio Batuen Historia Intelektualari Buruzko Proiektuko zuzendaria izan zen 1999tik 2010era. Hark azaldu duenez, Afrikako herrialdeak gehitzea eta horiek zeintzuk izan beharko liratekeen erabakitzen hastea Segurtasun Kontseiluak behar duen erreformaren inguruko debatearen hasiera baino ez litzateke izango.
Segurtasun Kontseiluak arazo bat duela argi ikusten du Weissek. Organo horren helburua munduan «bakea eta segurtasuna mantentzea» da, organoa sortzerakoan ezarri zutenez. Azken hamarkadetan helburu hori betetzeko dituen zailtasunak azaleratu dira, eta azken urteetan are nabariagoa egin da ezintasun hori; besteak beste, Ukrainako gerragatik eta Israelek Gazaren aurka egindako sarraskiagatik. Ezintasun horren muinean arrazoi bera dagoela uste dute Weissek eta Hegoafrikako Pretoriako Unibertsitateko Nazioarteko Legearen irakasle Ntombizozuko Dyani-Mhangok: organo horretako kide iraunkorrek duten beto eskubidea.
«Egungo testuinguruan zaila da bost kide iraunkorrak ados jartzea erabaki baten inguruan»
THOMAS G. WEISSNazioarteko Ikasketen Elkarteko presidente ohia
Are gehiago, Weissek uste du herrialdeek energia gehiegi «galtzen» dutela Segurtasun Kontseiluko kide iraunkorren inguruan eztabaidatzen: «45 urte daramatzat esaten ez dela aldaketarik egongo Segurtasun Kontseiluan, eta beti asmatu dut. Eta ez dut uste aldaketak beharrezkoak ez direnik, baina proposatutako konponbide denek arazo gehiago eragiten dituzte». Afrikako herrialde batek kide iraunkor bihurtzea lortzen badu, ez du nahikoa edukiko «bigarren mailako» kide izatearekin, eta, beraz, beto eskubidea eskatuko du. «Gaur egungo kide iraunkorrek ez dute hori onartuko», adierazi du Weissek.
Gaur egun hamabost kidek osatzen dute Segurtasun Kontseilua; horietako bost dira kide iraunkorrak, eta beto eskubidea dute: AEB Ameriketako Estatu Batuak, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txina. 1945ean sortu zen organoa, Bigarren Mundu Gerra amaitzerakoan, eta beto eskubidea duten herrialdeak gerra irabazi zutenak dira. Beto eskubide horri esker, beste kideak ados egon arren, atzera bota dezakete erabaki bat. Bost herrialde horietan datza Segurtasun Kontseiluak egun duen arazorik handiena, Weissen iritziz: «Egungo testuinguruan zaila da bost herrialdeak ados jartzea erabaki baten inguruan».
«[NBEren] Segurtasun Kontseilua aldatu behar da beto eskubidea deuseztatuz»
NTOMBIZOZUKO DYANI-MHANGOPretoriako Unibertsitateko irakaslea
Segurtasun Kontseiluan betoek eragiten duten blokeoari —eta, beraz, nazioarteak, bere osotasunean, erantzun bat emateko ezintasunari— aurre egiteko aukera bat egon litekeela adierazi du Dyani-Mhangok: «Segurtasun Kontseilua aldatu behar da beto eskubidea deuseztatuz, edo [NBEren] Batzar Nagusiari gatazka armatuen inguruan erabakitzeko eskumena emanez». Irtenbide hori, ordea, «ezinezkoa» dela nabarmendu du irakasleak. Izan ere, Segurtasun Kontseiluaren eskumenak eta antolaketak bere baitan hartzen duten aldaketek organoaren oniritzia behar dute, eta, Weissek esan duenez, «oso zaila da irudikatzea herrialdeek botere horri ezetz esango diotela».
Beto bikoitza
«Betoa kentzea irtenbidea izan liteke, bai, baina ez da gertatuko», azpimarratu du Weissek. Gauzak horrela, urteetan zehar proposamen andana egin direla azaldu du ikerlariak; eta horietatik bat nabarmendu du, noizbait gauzatzeko aukera gehien dituena dela esanez: «Erabaki bat atzera botatzeko bi beto behar izatea proposatu izan da». Eman dezake horrek egungo egoera aldatuko duela, baina ez luke gauza handirik aldatuko. «Egun dauden bi blokeak are nabariago egingo lirateke: alde batetik, Frantzia, Erresuma Batua eta AEBak, batera betoa emanez; eta, bestetik, Txina eta Errusia, erabakiak atzera botatzeko ados jarriz», gaineratu du Weissek.
Segurtasun Kontseiluaren barruan dauden aliantza horiek argi ikus daitezke Israel Gazaren aurka egiten ari den erasoaldiari buruzko saioetan, Dyani-Mhangoren iritziz. Iragan martxoan AEBek proposatutako su etenari betoa jarri zioten Txinak eta Errusiak, argudiatuta ez zuela ezartzen behin betiko su eten bat.
Gaur egun dituen arazoen muinean ere badago Segurtasun Kontseiluak ez duela munduko testuingurua islatzen. «Multipolaritatea existitzen den argudio asko dauden arren, ez dut uste hori Segurtasun Kontseiluan islatzen denik», deitoratu du Dyani-Mhangok. Irakaslearen iritziz, aldaketak egon diren arren, funtsean bere horretan jarraitzen du 1945ean sortutako sistemak. Antolaketa horrek, gainera, gatazkez at dauden arazoak kontuan ez hartzera eramaten du Segurtasun Kontseilua: «Estatuen arteko desparekotasunak direla eta, herrialde boteretsuei zaila zaie bestelako alderdien arazo eta sentsibilitateak kontuan izatea».