«Gerra krimentzat jo daitezkeen giza eskubide urraketak salatu dituzte Ukrainan, hala nola hilketak, bortxaketak eta desagerpenak». Hala ohartarazi du Matilde Bognerrek, NBE Nazio Batuen Erakundeak Ukrainan duen Giza Eskubideak Behatzeko Misioko buruak. Errusiako armadak martxo amaiera arte okupatuak zituen Kiev eta Txernihiv oblastetako hamalau hiri bisitatu zituzten iragan astean, eta hiri horietan jazotako nazioarteko zuzenbide humanitarioaren eta giza eskubideen urraketen informazioa jasotzen aritu ziren. Atzo eman zuten txostenean bildutako xehetasunen berri.
Bognerrek salatu zuenez, oro har, «emakumeak eta neskatoak» dira Ukrainako gerraren «biktimarik handienak». Testigantza «gordinak» jaso zituzten, «gehienak» Errusiako tropen aurkakoak; adibidez, hau: «Herri batean, ustez soldadu errusiar batek emakume bat bortxatu eta hil zuen. Jarraian, soldadu bera haren auzokidea bortxatzen saiatu zen. Emakumearen senarra tartean sartu zen, baina militarrak tiro egin zion, eta handik gutxira hil zen».
Butxa herriko «sarraskiei» dagokienez, berriz, NBEko taldeak hirurehun gizon, emakume eta haur baino gehiagoren gorpuak topatu ditu. Hildakoak ez ezik, 204 desagertze —169 gizon, 34 emakume eta mutiko bat— ere jaso ditu. Errusiak duela bi hilabete pasa Ukrainaren inbasioa abiatu zuenetik, guztira 7.061 zibil izan dira gerraren biktimak; horietatik 3.381 lagun hil dituzte bi aldeen borroken ondorioz, nazioarteko erakundearen arabera. Hori bai, Bognerrek zehaztu zuen hildakoen «egiazko kopurua askoz ere handiagoa» dela: «Milaka gehiago daude».
Bestalde, Ukrainako armadak Errusiako soldaduei egindako torturei, tratu txarrei, inkomunikazioei eta umiliazioei buruzko informazio «sinesgarria» jaso dutela azpimarratu zuen NBEk Ukrainan duen Giza Eskubideei Behatzeko Misioko buruak. Datu horiek guztiak kontuan hartuta, Bognerrek «berehalako» eskaera bat egin zien Errusiari eta Ukrainari: «Azkar eta eraginkortasunez ikertu behar dituzte salaketa horiek, eta beren tropei jarraibideak eman behar dizkiete, urraketa gehiago egin ez ditzaten».
Elikagai hornidura, kolokan
Errusiako armadak setiatutako Mariupol hiriko (Donetsk oblasta) Azovstal altzairutegian, ehun zibil inguru, Ukrainako mila bat soldadu eta Azov batailoi paramilitarreko kideak —eskuin muturreko talde armatu bat da— daude oraindik gotortuta, Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxuken esanetan. «Euren egoera egunetik egunera okertzen ari da. Ehunka zauritu daude». Kieven arabera, Errusia «gogor» erasotzen ari zaio altzairutegiari.
Baita Odesa hiriari ere; Errusiak Ukrainari Itsaso Beltzerako sarbidea blokeatzeko helburua baitu. Bada, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo ohartarazi zuen Errusiaren blokeoak munduko elikagai hornidura «arriskuan» jar dezakeela.
Bestalde, Leonid Kravtxuk Ukrainako presidente ohia hil zen atzo, 88 urterekin. 1991n Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari amaiera eman zion agintarietako bat izan zen, Errusiako Boris Jeltsinekin eta Bielorrusiako Leonid Makarovitxekin batera.
Gerra Ukrainan
NBEren esanetan, «era guztietako» giza eskubideak urratu dira Ukrainan
Nazioarteko erakundeak jasotako salaketa «gehienak» Errusiako tropen aurkakoak dira, «gerra krimentzat jo daitezkeenak». Kievek esan du Mariupolgo altzairutegiko egoera «okertzen» ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu