GERRA UKRAINAN

NBEk Ukrainari eta Errusiari egotzi die gerra gatibuak torturatzea

OHCHRk esan du bi aldeetako armadek abusu psikologikoak egin eta shock elektrikoak erabili dituztela, esaterako. Zelenskik hamar puntuko dokumentu bat aurkeztu die G20ko kideei, bakea lortzeko; Lavrovek erantzun du proposamen hori ez dela «errealista».

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, atzo, Kherson eskualdera egindako bisitan. OLEG PETRASYUK / EFE
Mikel O. Iribar - Ander Perez Zala
2022ko azaroaren 15a
11:12
Entzun

NBE Nazio Batuen Erakundeak Ukrainako eta Errusiako armadei leporatu die gerra gatibuak torturatzea. Giza eskubideen behatzaileen misio batek 334 lagun elkarrizketatu ditu, eta, horiek entzun ostean, ondorioztatu du Errusiako armadaren tortura «sistematikoa» dela; Ukrainakoarena, aldiz, ez, baina zehaztu du «salaketa sinesgarriak» jaso dituela ziurtatzeko ukrainarrek ere oinaze fisiko eta psikologiko larriak eragin dituztela.

OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariko kide eta Ukrainan izan den misioaren arduradun Matilda Bognerrek eman du ondorioen berri, eta adierazi du, besteak beste, armadek abusu psikologikoak egin eta shock elektrikoak erabili dituztela gerra gatibuen kontra. Hori bai, Bognerrek Errusiako armadan jarri du arretarik handiena, esan baitu elkarrizketaturiko «gehienek» adierazi dutela tortura sufritu dutela; hala nola zakurren erasoak, sexu indarkeria eta taser pistolen erabilera aipatu dituzte.

Ukrainakoei dagokienez, misioaren arduradunak azaldu du torturak «noizean behingoak» izan direla: kasurako, Errusiako soldaduen aurkako «ongietorri jipoiak» deiturikoak egitea, atxilotze guneetara iristen zirenean, eta atxilotuak toki batetik bestera biluzik garraiatzea.

Afera horretaz, Errusiak esana du ez dituela torturatzen edo gaizki tratatzen gerran atxilotuak, eta Ukrainak adierazi izan du «informazio guztiak aztertzen» dituela; hau da, urraketa oro ikertzen duela, gero, beharrezkoa balitz, justiziara jotzeko. Bognerrek gaineratu du, ohartarazpen gisa, tortura etatratu txarrak «erabat» debekatuta daudela, baita «gatazka armatuetan» ere.

Arlo politikoan, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik bideokonferentzia bidez parte hartu du gaur G20 taldeak Balin (Indonesia) hasi duen goi bileran, eta esan du «ziur» dagoela «Errusiaren erasoaldi suntsitzailea gelditzeko garaia dela eta geldi daitekeela». Ukraina G20ko kidea ez izan arren, Zelenskik aurrez aurre parte hartzeko gonbidapena jaso zuen, baina, azkenean, modu telematikoan esku hartu du goi bileraren hasieran, Ukrainako gerrak arretarik handiena bereganatuko duen batzarrean. Zelenskik bilera hori baliatu du, hain zuzen, Ukrainan bakea lortzeko helburu duen hamar puntuko dokumentu bat aurkezteko G20ko kideei.

Proposamenen artean daude, besteak beste, «Errusiaren mehatxuen aurrean eta Errusiak bonbardatutako Zaporizhiako zentral nuklearraren esparruan lehergailu erradioaktiboa geldiaraztea». Era berean, «munduko pertsona orok elikadurarako duen eskubidea» bermatzeko neurriak eskatu ditu. Hain justu, akordio horretara heldu ziren Mosku eta Kiev joan den uztailean, Ukrainako zerealen esportazioari bide emateko; hitzarmena larunbatean amaituko da.

«Segurtasun energetikoa» bermatzeko beharraz ere mintzatu da Ukrainako presidentea, Errusiak «hotza milioika pertsonaren aurkako arma gisa» erabiltzen duelako, eta, era berean, Moskuri «krisi energetikoari eustea» interesatzen zaiolako. Horrez gain, Zelenskik galdegin du preso eta deportatu guztiak askatzeko, Nazio Batuen Gutuna ezartzeko, Ukrainako lurralde osotasuna berrezartzeko eta Errusiako armada erretiratzeko. Ukrainako presidentearen esanetan, «hori da gerraren amaiera baieztatuko duen bidea».

Hitzaldian, Ukrainako presidenteak G20 taldea osatzen duten herrialdeei adierazi die Ukrainak ez diola utziko «Errusiari arnasa hartzen, ezta bere indarrak berreraikitzen ere». Hain justu, Zelenskik Kherson eskualdea bisitatu ondoren hitz egin du: joan den larunbatetik, Ukrainako indarrek probintzia horretako hirurogei kokaleku baino gehiagoren kontrola berreskuratu dute, Errusiako armada erretiratu ostean.

«Kherson da Errusiak otsailaren 24tik okupatua izan duen eskualde bakarra. Orain, Kherson aske dago», nabarmendu du Zelenskik. Halere, Ukrainako estatuburuak aurreratu du «oraindik denbora batez Errusiaren aurka borrokan jarraitu behar dutela», Errusiak kontrolpean dituen «lurralde guztiak askatzeko»: «Garaipena geurea izango da».

Zelenskiri erantzunez, Kremlinek gaur adierazi du Ukrainako presidenteak G20ko goi bileran egindako agerraldiak berretsi duela Kievek ez duela Moskurekin bakea negoziatu nahi. «Erabat baieztatu du», zehaztu du Errusiako Gobernuko eledun Dmitri Peskovek. Gisa horretara, bozeramaileak nabarmendu du Zelenskik «ezintasuna» duela Minsk III izango litzatekeen akordioa lortzeko, su eten hitzarmen bat, Minskeko Akordioaren eta Minsk II itunaren gisakoa; 2014an eta 2015ean Moskuk eta Kievek erdietsitakoak dira, hurrenez hurren, Donbass eskualdeko borrokak amaitzeko.

Gerora mintzatu da Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, eta adierazi du Ukrainako presidenteak hizpidera ekarritako baldintzak ez direla «errealistak»; eta, hortaz, iradoki du oraingoz ez daudela nahikoa baldintza beteta Moskuren eta Kieven arteko bake elkarrizketak hasteko.

Gerraren gaitzespena

Bitartean, G20ko kide diren herrialdeen «gehiengoak» gaitzetsi egin du Ukrainako gerra, eta giza ondorio suntsitzaileak eta ekonomia globalarentzat dituen ondoriok nabarmendu ditu, Baliko goi bileran onartzeko aurreikusita dagoen adierazpen bateratuaren zirriborroaren arabera.

Reuters albiste agentziak esan duenez, «giza sufrimendu izugarriaren, energia horniduraren, elikadura segurtasunaren eta finantza ezegonkortasunaren arriskuei dagokienez dakartzan arazoak» jasotzen ditu dokumentuak, besteak beste. Adierazpen bateratuak, gainera, dio «beste jarrera batzuk» egon direla eztabaidan Ukrainako egoerari buruz, eta erantsi du G20ko goi bilera ez dela «fororik egokiena gisa horretako segurtasun arazoak konpontzeko».

G20 taldea osatzen duten herrialdeetako buruzagiek gaurko eta biharko bilkuretan adostu behar duten komunikatua bat dator EB Europako Batasuneko eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako ordezkariek aurreratu zutenarekin —Errusiaren inbasioaren gaitzespen argia azaldu zuten—. Horrekin lotuta, Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek gaur adierazi du G20ko kideak lantzen ari diren behin betiko testua «norabide egokian» doala Errusiak Ukraina inbaditu izana gaitzesteko, nahiz eta kideen artean «jarrera ezberdinak egon».

Errusiak otsail amaieran Ukraina inbaditu zuenetik, G20ko goi bilera bakar batek ere ez du lortu gatazkari buruzko dokumentu adostu bat argitaratzea, kideen artean askotariko jarrerak daude eta. Kremlinek Ukrainaren inbasioa «operazio militar berezi» gisa aipatzen du ofizialki, eta horrek zaildu egiten du Ukrainan «gerra» dagoela aipatzea adierazpen bateratuan.

Hori dela eta, G20ko kide batzuek «alternatiba anbiguoagoak» jarri dituzte mahai gainean, hala nola «gatazka armatua» erabiltzea. Herrialde gehienek, ostera, errefusatu egin dituzte aukera horiek, Mendebaldeko iturri diplomatikoek adierazi dutenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.