Sei hilabeteko epean Israelek gutxienez 24 aldiz erabili du fosforo zuria Gazan, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur txosten baten bitartez salatu duenez. Fosforo zuriak su hartzen du, eta horrek herritarrei «zauri lazgarriak eta mingarriak» eragiten dizkiela adierazi du NBEren agentzia horrek. Gaur argitaratutako txostenean, ikergai izan ditu Israelgo armadak zerrendan iazko azarotik aurtengo apirilera arte egindako erasoak, eta aztertu du eraso horiek gerra krimenak ote diren. Txostenarekin batera argitaratutako oharrean, OHCHRk Israelen jokaera gaitzetsi du, eta Tel Avivek «nazioarteko legea urratu» duela baieztatu.
Epe horretan, esaterako, Israelgo armadak sei aldiz eraso zion Gaza hiriari fosforo zuria arma gisa erabiliz. Aztertutako denbora tarte horretan, gainera, Khan Yunisen ere hiru aldiz erabili zuten, OHCHRk jakinarazi duenez. Are gehiago, txostenean dio eraso horietako zenbait barne desplazatuen esparruen aurka egin zirela.
Fosforo zuria ez da arma kimikotzat jotzen. Hala ere, eta nazioarteko hainbat akordiotan oinarrituta, OHCHRk adierazi du arma horrek legez kanpokoa izan beharko lukeela, baita hura erabiltzea debekatu beharko litzatekeela ere: «Fosforo zuriak, bereizi gabe eragiten ditu ondorioak, eta beharrezkoak ez diren zauriak eta sufrimendua dakartza». Hau da, agentziak salatu du fosforo zuria erabiltzen denean ez dela soilik armada edo talde jakin baten aurka egiten, baizik eta herritar guztien aurka.
Txostenean, Israelgo Gobernuaren eta armadaren beste ekintza batzuk ere gaitzesten ditu. Gatazka «Gaza erabat suntsitzean eta palestinarren exodoa gertatzean» amaituko dela dioten Israelgo iturri ofizialen hamaika adierazpen bildu dituzte dokumentuan. Horien artean, palestinarren aurkako «diskriminazioa, etsaitasuna eta indarkeria» babesten dituzten mezuak.
OHCHRko buru Volker Tuerkek, txostenean bildutakoa kontuan hartuz, Israeli gogorarazi dio «krimen basatiak» eragozteko betebeharra duela. Ohar bidez helarazitako adierazpenetan, ekintza horiek epaitzearen garrantzia azpimarratu du Tuerkek: «Funtsezkoa da nazioarteko zuzenbidearen urraketa larrien salaketak behar bezala kontuan hartzea, organo judizial sinesgarri eta inpartzialen bidez. Horretarako, nahitaezkoa da informazio eta froga garrantzitsu guztiak biltzea eta gordetzea».
Halaber, Israeli eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiaren lana eta ebazpenak babesteko eta errespetatzeko. Tel Avivek, baina, azken hilabeteetan entzungor egin die auzitegi horren eskariei. Maiatzean, esaterako, auzitegiak kautelazko neurriak eskatu zizkion Israeli, Rafahko erasoaldia zela eta; Tel Avivek, baina, ez du ezarri halakorik.
Emakumeak eta haurrak
Israelek «nazioarteko zuzenbide humanitarioaren oinarriak sistematikoki hautsi» dituela erakusten duten beste adibide batzuk ere plazaratu ditu OHCHRk. Horien artean, agentziak nabarmendu du aztertutako gatazkaren aurreneko sei hilabeteetan Israelek Gazan hildako palestinarren %70 emakumeak eta haurrak zirela. Kopurua, hala ere, ezberdina izango da egun, ziurrenik. Izan ere, txostenean 8.119 hildako aztertu dituzte, eta, iazko urriaren 7tik gaur arte, 43.000 lagun baino gehiago hil ditu Israelgo armadak zerrendan, Gazako Osasun Ministerioaren datuen arabera.
Adin tarteei erreparatuz gero, txostenean jaso dute 5 eta 9 urte artekoak direla hil dituztenen arteko multzorik handiena; hildakoen %44 adin txikikoak ziren. Gainera, erasoen %88tan bost lagun baino gehiago hil zituen Israelgo armadak. Horiek horrela, txostenean baieztatu dute Israelek ez dituela kontuan izan «proportzionaltasun eta bereizketa» printzipioak erasoetan, eta horiek nazioarteko legearen oinarriak direla.