Urriaren 7tik hona, Hamasek eta Israelgo armadak nazioarteko zuzenbidea «urratu» dute, eta «gizateriaren aurkako krimenak» egin dituzte. Horixe ondorioztatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak, organismo horretako Palestinarako Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak egindako ikerketa batean oinarrituta. Gaur argitaratu dute Navi Pillay juristaren zuzendaritzapean egindako ikerketa, eta hilaren 18an aurkeztuko diote Giza Eskubideen Kontseiluari. Ikerketa horretan, urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia hasi zuenetik izandako gertaerak aztertu dituzte, eta biktimen testigantzen, auzi medikuen analisien, satelite bitartez lortutako irudien eta bestelako frogen bitartez osatu dute. Krimen horiek egin dituzten guztiek «behar bezalako zigorra» jaso beharko luketela uste du Pillayk.
NBEk nabarmen kritikatu du Israelen jarrera. Aztertzaileen arabera, herrialde horretako lehen ministro Benjamin Netanyahuk zibilei eraso egiteko baimena eman dio armadari; hots, «modu zabalean eta bereizketarik egin gabe». Gosea arma gisa erabiltzea ere leporatu diote Israeli, eta salatu dute Israelgo armadako soldaduek torturak, sexu abusuak eta ausazko atxiloketak ere egin dituztela.
Era berean, Israelek Gazari «erabateko setioa» ezarri diola salatu du organismoak. Baieztapen hori egiteko, froga gisa erabili dituzte urriaren 7tik hona Israelgo zenbait agintarik egindako adierazpenak, hala nola Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek esan zuen hau: «Animalien aurka ari gara borrokan, eta, beraz, horren araberako neurriak hartu behar ditugu». Hitz horien harira, hauxe idatzi du NBEk ikerketaren berri emateko zabaldutako dokumentuan: «[Israelgo agintariek palestinarren] Gabeziak arma gisa erabili nahi dituzte, Gazako biztanleak bahituz eta horiek helburu militarrak eta politikoak lortzeko erabiliz».
Testuan irakurri daitekeenez, Dahiya izeneko doktrinari dagokio Israelgo armadaren gerra estrategia. Doktrinak Israelek 2006an Beiruteko auzo bati egindako eraso baten harira hartzen du izen hori, eraso hartan ere zibilen aurka egin baitzuten Israelgo armadako soldaduek. NBEren argitalpenaren arabera, Gazari eraso egiten jarraitzeko erabiltzen dituzten irizpide berak hartu zituzten oinarri orduan ere; hau da, «motibazio militarrik gabeko erasoak» egin zituzten, eta tiro egin zieten zibilei, objektibo militarrik zehaztu gabe. Gisa horietako erasoen ondorioz, hain justu, 37.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelgo armadak urriaren 7az geroztik.
Hamas, ikerketapean
Organismoak zorrotz egin du Israelgo armadak eta Israelgo agintariek Gazaren aurkako gerran erabilitako estrategien aurka; edonola ere, gerra krimenak egitea leporatu die Hamasi eta haiekin batera borrokan ari diren Palestinako beste zenbait talde armaturi ere. Ikerketaren arabera, epe berean 1.200 pertsona inguru hil dituzte talde horietako kideek; eta horietatik guztietatik, 809 zibilak ziren.
Horiek hala, NBEk ziurtatu du «indarkeriaz beteriko ziklo baten ondorio» direla talde palestinarrek Nova jaialdiaren kontra egindako erasoa —urriaren 7koa— eta egun hartatik aurrera Israelek izan dituen erantzun militarrak. Ikerketaren amaieran, zenbait irtenbide proposatu dituzte Gazako eta, oro har, Palestinako egoera aldatu ahal izateko: «Nazioarteko legedia errespetatzea, Israel Palestinako lurralde okupatuetatik ateratzea, eta Palestinari autodeterminazio eskubidea bermatzea».