NBEk ohartarazi du gosetea iristear dela Gaza iparraldera

Gaur eta maiatza bitartean zerrendako iparraldean gosetea hasiko da, erakunde horren txosten baten arabera. Borrellek gosea «gerrarako arma gisa» erabiltzea leporatu dio Israeli.

Gazako biztanleak laguntza humanitarioa jaso nahian, Rafhn. HAITHAM IMAD / EFE
Gazako biztanleak laguntza humanitarioa jaso nahian, Rafhn. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 18a
15:00
Entzun

Gazako iparraldean gosetea hasiko da gaur eta maiatza bitartean, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak ohartarazi duenez. Egoerak hobera egin eta laguntza humanitarioa iritsi ezean, zerrendako gainontzeko lurraldeak ere arrisku berean leudeke, Elikadura Segurtasunaren Faseen Sailkapen Integratua egitasmoak gaur argitaratuko txostenaren arabera.

Elikadura segurtasuna —nutrizio beharrak asetzeko eta bizimodu osasuntsua mantentzeko adina elikagai izatea une oro— ez daukate bermatuta Gazan. Txostena egin duen talde horrek bost mailatan neurtzen du elikadura segurtasunaren gabezia. Egun, Gazako herritar guztiak hirugarren mailatik gora daude; hots, «krisi», «larrialdi» edota «katastrofe» egoeran. Gainera, biztanle horien erdiak —1,11 milioi pertsona— bosgarren mailan egon litezke uda iristerako; hau da, «katastrofe» mailan. Iragan abenduan jakinarazi zuten gosetea gerta zitekeela; gaur, berriz, gosetea «berehalakoa» dela baieztatu du Beth Bechdol FAOko zuzendariaren ondokoak: «Dagoeneko gosetea egon liteke».

Zerrendako etxe gehienetan ez dituzte eguneko otordu guztiak egiten, eta gurasoek gutxiago jaten dute, seme-alaben elikadura bermatzeko. Txostenak argitara atera dituen datuak dira horiek. Are eta gordinagoak dira Gaza iparraldeko datuak: azken hilabetean, hamar egun oso jan gabe igaro dituzte familia gehienek; eta bi urtetik beherako haurren herenek malnutrizioa pairatzen dute.

«Hondamendi hau gertatzeko arrazoirik ez zegoen. 2023ko urriaren aurretik, Gazan bazegoen bertako biztanleria elikatzeko adina janari».

TEDROS ADHANOM GHEBREYESUSOMEko zuzendari nagusia

Txostenak oihartzuna izan du, eta nazioarteko erakunde ugarik salatu dute egoera. Besteak beste, Bruselan gai honekin hasi dute Europako Foro Humanitarioa. Jardunaldi horretan, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak «gosetea eragitea» leporatu dio Israeli: «Gosea gerrarako arma gisa erabilia izaten ari da. Esan eginen dugu. Ez da horniketa falta kontu bat». Jakinarazi duenez, Egipto eta Gaza arteko mugan «ehunka kamioi» daude «sartzeko zain», baina ez dute baimenik jasotzen.

Laguntza humanitarioa ez iristea da, gerrarekin batera, gosetearen eragile nagusia. Horregatik, ekuazioaren konponbidea begi bistakoa da zenbaitentzat: laguntza iristea bermatuko lukeen su etena eskatu dute nazioarteko gobernuz kanpoko erakunde eta bestelako erakunde ugarik. OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendari Tedros Adhanom Ghebreyesusentzat ere «bakea» da gosetea eragozteko bidea, eta, haren ustez, gerra da egoeraren entzule: «Hondamendi hau gertatzeko arrazoirik ez zegoen. 2023ko urriaren aurretik, Gazan bazegoen bertako biztanleria elikatzeko adina janari».

Israel, baina, ez da gatazka gelditzearen alde agertu; Tel Avivek azaldu du laguntza sarbide «zabala» ahalbidetzen dutela airetik, itsasotik zein lurretik. Gainera, Benjamin Netanyahu lehen ministroak azkenaldian behin eta berriz errepikatu du ez duela amore emango nazioarteko presioen aurrean, eta erasoekin jarraituko duela.

Halere, oraingoan Israelek ordezkaritza bat bidali du Hamasekin negoziatzera —azkeneko elkarrizketetan ez zuten parte hartu—. Gaur hasi da elkarrizketa saioa Qatarren, eta, gutxienez, pare bat aste irautea espero dute. Reuters berri agentziak jakinarazi duenez, Tel Avivek sei asteko su etena onartuko luke Hamasek berrogei bahitu askatuko balitu.

Israelgo armada, Al-Xifa ospitalean

Bitartean, erasoek ez dute etenik Gazan. Al-Xifa ospitalean sartu da bart Israelgo armada. Bertan hildakoak eta zaurituak izan direla jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak, baina ez dute zenbatekorik eman. Laugarren aldia da erietxean operazio militarrak egiten dituztena joan den urritik. Hamaseko kideen aurkako erasoa izan dela azaldu du Israelek; eta, gutxienez, laurogei pertsona hartu dituzte atxilo, «terroristak» diren susmoan.

Al-Jazeera hedabideak azaldutakoaren arabera, soldadu talde bat «zibilez jantzita» sartu da ospitalean, eta gero iritsi dira ibilgailu militarrak, tankeak, droneak eta helikopteroak. Salatu dute atxilotuen artean hedabideko kazetari bat dagoela, eta militarrek suntsitu egin dituztela Al-Jazeeraren ibilgailua, kamerak eta ekipo guztia. Kazetarien atxiloketak «intimidazio» neurriak direla salatu dute.

Al-Xifan sartuta nazioarteko zuzenbidea «nabarmen» urratu izana leporatu dio zerrendako Osasun Ministerioak Israeli, eta ohartarazi diete beren erantzukizuna dela erietxeko gaixoei, langileei eta bertan babesa hartu duten errefuxiatuei gertatzen zaiena. Eraso horrekin Israelek Gazako osasun sistema «suntsitzen» jarraitu nahi duela salatu dute, baita bere narratibarekin «mundua engainatzen eta erasoa justifikatzen» ari dela ere.

Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagarik «zehaztasun handiko operazio» gisa definitu zuen esku hartzea berau gauzatu aurretik. X sare sozialean argitaratutako adierazpenetan, lehenik, operazioa justifikatu zuen: «Badakigu Hamaseko kideak daudela ospitalean, eta hura erabiltzen dutela Israelen aurkako erasoak zuzentzeko». Ostera, segurtasuna eta ospitalearen jarduera bermatu nahi zituztela ere azaldu zuen; horretarako, militarrekin batera arabiera hitz egiten duen jendea, medikuak eta laguntza humanitarioa eramanez. Arrazoi beragatik, jakinarazi zuen ez zela beharrezkoa izango erietxea ebakuatzea; inguruko auzotarrei, ordea, berean etxeak uztea gomendatu zieten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.