Gazaren aurkako oldarraldiak zazpi hilabete bete berri dituen honetan, zerrenda hegoaldea du jopuntuan Israelek; Rafah ekialdea ebakuatzeko agindua eman zuen herenegun, eta horrek kezka areagotu du eremuaren aurkako lehorreko ofentsiba hasiko ote den. Ordutik, ehunka palestinar ari dira eremutik ihes egiten, baina, zerrenda osoa setiatuta dagoenez eta hari eraso egin diotenez, ez dute aterpe hartzeko leku segururik. Horiek horrela, Israelen agindua gerra krimentzat jo daitekeela ohartarazi du bart NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako Bulegoak.
Antzera mintzatu dira nazioarteko zenbait herrialde eta erakunde ere; azken egunotan Israeli eskatzen ari baitira bertan behera utz dezala Rafahren aurkako ofentsiba militarra, argudiatuta gisa horretako erasoek «ondorio larriak» izango lituzketela han babes hartzen duten 1,4 milioi pasatxo gazatarrentzat. Besteak beste, Qatarrek nazioarteari eskatu dio esku hartu dezala Rafahn «genozidio bat» eragozteko.
Emandako aginduaren harira sortutako harrabotsa baretze aldera, Israelgo Gobernuak esan zion atzo Washingtoni Rafahren aurka hasitako operazioaren tamaina «mugatua» dela, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Etxe Zuriko Segurtasun Kontseiluko bozeramaile John Kirbyk esan zuenez. Hain zuzen, hango iturriak aipatuz Hareetz hedabideak kaleratu duenez, soldadu israeldarrak Rafahko pasabidean daude oraingoz, eta haien aurka borrokan ari dira Hamaseko, Palestinako Jihad Islamikoko eta al-Fatahko milizianoak.
AEBek birritan esan dute ez luketela babestuko Rafahren aurkako «erabateko ofentsiba militar bat». Eta horren erakusle litzateke, hain justu, herrialde horretako gobernuko funtzionario batek —AEBetako Defentsa Idazkari Lloyd Austinek informazioa baieztatu du— iragarritakoa. Haren arabera, Washingtonek Israelera egindako arma bidalketa bat eten zuen joan den astean, Tel Avivek laguntza militar hori Rafahri eraso egiteko erabiliko zuelakoan. Denera, 907 kilogramoko 1.800 bonba eta 226 kilogramoko 1.700 bonba ziren bidaltzekoak. Edonola ere, Israelekiko konpromiso «irmoari» eutsiko diotela berretsi zuen atzo iluntzean AEBetako presidente Joe Bidenek.
Urriaren 7az geroztik, Israelek apenas egin die jaramon nazioarteko abisuei. Gaur goizean, ordea, iragarri du berriro ere irekita dagoela Gaza iparraldeko Kerem Xalom pasabidea —gau aldera itxi dute berriz, Hamasen eraso bat argudiatuta—; igandean itxi zuten, Hamasi pasabidean zeuden soldadu israeldar batzuk hiltzea leporatu ondoren. Rafahko erasoa hasi ondoren, itxita geratu da Rafahko pasabidea ere, eta, horren ondorioz, zerrenda erabat bakartuta egon da bi egunez.
Kairon, sokari tiraka
Ziurtasunik eza eta tentsioa dira nagusi, baina bitartekariek —Egipto, Qatar eta AEBak— eta gerran borrokan ari diren bi aldeek —Israel eta Hamas— atzo berrekin zien su etenerako negoziazioei. Kairon (Egipto) bildu ziren, eta eztabaidarekin jarraituko dute gaur ere. Bestalde, AEBetako CIA Inteligentzia Agentzia Zentraleko buru William Burnsekin biltzekoa da gaur Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu.
Erakunde islamistak herenegun eman zion baiezkoa Israelek iragan astean proposatutako meniari; Tel Avivek esan zuen, ordea, zenbait baldintza «arindu» zituela Hamasek, eta, hortaz, ez zutela onartuko su etenerako proposamen hori. Reuters berri agentziak negoziazioetan parte hartzen ari diren iturriak aipatuz kaleratu duenez, alde guztiek «jarrera positiboa» dute, eta uste dute gauza izango direla «laster» akordio batera heltzeko.
Baina bai Israelek bai Hamasek egindako azken adierazpenei erreparatuz gero, irudi du uste baino urrutiago dagoela menia bat hitzartzeko aukera. Atzo iluntzean Beiruten (Libano) egindako prentsaurreko batean, Hamaseko bozeramaile Osama Hamdanek esan zuen ez dela su etenerako akordiorik izango Israelek Rafahren aurkako operazio militarrarekin aurrera egiten badu. «Netanyahuren esku dago menia hitzartu edo ez».
Itxi dute Rafahko ospitalerik handiena
MAP Medical Aid for Palestine GKE gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi du al-Najjar ospitalea, Rafahko handiena, itxi egin dutela, «langile denak ebakuatu dituztelako». Zerrendan hiru ospitale geratzen dira, eta ez dira Al-Najjat bezalako ospitaleak, baizik eta berezituak eta txikiak. «Jadanik baliabide gutxi eta eskari gehiegi du Rafahko osasun sistemak, eta beste batzuen menpe geratu da: Kuwaiteko ospitalea [hamasei ohe ditu soilik], zeinak traumatologia zerbitzuak soilik eskaintzen baititu; behin-behineko Marwani ospitalea; eta Al-Emaireti ama etxea», adierazi du MAPek.