NBEk ohartarazi du emakumeen eskubideak arriskuan daudela

Azken 30 urteetan emakumeen giza eskubideei «larriki» erasotzen ari dira; gatazkekin lotutako sexu indarkeria kasuak, erraterako, %50 igo dira 2022tik.

Emakume batzuk elkar laguntzen, gaur, Kongon. MARION MOLINARI / EFE
Emakume batzuk elkar laguntzen, gaur, Kongon. MARION MOLINARI / EFE
Iratxe Muxika
2025eko martxoaren 6a
14:26
Entzun 00:00:0000:00:00

NBE Nazio Batuen Erakundeak txosten bat argitaratu du gaur. Txosten horretan salatu dute emakumeen eskubideak «urratu» egiten direla eta «eraso» egiten zaiela oraindik, eta genero bazterkeria «hagitz presente» dagoela munduan. Ohar batean gogorarazi du 1995ean Pekinen emakumeen eskubideen inguruko batzar bat egin zutela, eta 189 herrialdek 150 orrialdeko ekintza plataforma bat onartu zutela emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko. NBEren txostenaren arabera, baina, orduan hartutako erabakiak ez dira betetzen, eta 30 urte geroago emakumeen eskubideak arriskuan daude oraindik. 

Larunbatean izanen da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta horren harira argitaratu du NBEk emakumeen eskubideen eta genero berdintasunaren inguruko txostena. Txostenean zehaztu dutenez, joan den urtean munduko lau gobernutik batek jakinarazi zuen emakumeen eskubideetan atzerapausoak eman zirela. 

Emakumeen eskubideak arriskuan

Aurrerapauso batzuk eman diren arren —nesken hezkuntzan eta familia plangintzarako sarbidean, kasurako— NBEko Emakumeen Sailak adierazi du «larria» dela egoera. Azaldu dutenez, hamar minutuan behin emakume bat hiltzen du haren bikotekideak edo familiako kide batek, eta gatazkekin lotutako sexu indarkeria kasuak %50 igo dira 2022tik. Gainera, nabarmendu dute 87 herrialdetan bertzerik ez dagoela emakumerik agintean. 

Hala erran du Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak txostenean: «Mundu osoan ari dira emakumeen giza eskubideak urratzen». Orain 30 urte adostutako berdintasuna zabaldu beharrean, idazkariak salatu du «misoginia» dela zabaltzen ari dena. Horiek hala, «gizartea berrikusteko» premia dagoela ohartarazi du, eta herrialdeei eskatu die lanean jarraitu behar dutela ahalduntzea, giza eskubideak eta berdintasuna «leku guztietako errealitate» bihurtu daitezen. 

2030erako helburua

NBEko Emakumeen Sailak helburu bat jarri du 2030erako: genero berdintasuna lortzea. Helburu hori zehazten den bide orrian hainbat eskaera egin ditu sailak; bertzeak bertze, emakume guztiek teknologia eskuratzeko iraultza digitala egitea, babes sozialean inbertsioak bultzatzea, osasun arreta unibertsala hauspotzea, pobreziatik ateratzeko kalitatezko hezkuntza bermatzea eta gatazketan genero ikuspegia duen laguntza humanitarioa finantzatzea. 

Bide batez, lehendabiziko aldiz adierazi du NBEk txosten batean giza eskubideek barne hartzen dutela emakumeak bere sexualitateari dagozkion gaiei buruz erabakiak hartzeko eskubidea duela. «Sexu eta ugalketa osasuna barne, diskriminaziorik, derrigortzerik eta indarkeriarik gabe», azaldu du Guterresek. 

Halaber, txostenean dio herrialdeen %88 inguruk onartu dituztela emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko legeak, eta azken bortz urteetan biktimei laguntza eskaintzeko zerbitzuak ezarri dituztela. Ehuneko horretako herrialde gehienek «lantokiko diskriminazioa» debekatu dute, eta %44 emakumeen hezkuntza kalitatea hobetzeko lanean ari dira. 

NBEk aztertutako datuen arabera, emakumeek gizonen eskubide legalen %64 bertzerik ez dute, eta emakume legegileen proportzioa 1995ean zena halako bi bada ere, legegileen hiru laurdenak gizonak dira oraindik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.