Gaur sartu beharko luke indarrean Hego Sudango Atzerri Ministerioak iragarritako zazpi eguneko su etenak —bitartekari izan da—. Orain arte iragarri dituzten meniek, ordea, ordu gutxi batzuk soilik iraun dute, eta ez dute balio izan gatazkan harrapatutako herritarrei giza laguntza banatzeko. Jubak, baina, beste urrats bat egin zuen herenegun, eta aurreratu zuen Sudango armada eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarra prest agertu zirela ordezkaritza bana izendatzeko, eta aurrerago «elkarrizketak hasteko». Aldeek, baina, ez dute akordioa berretsi, ez eta ezer adierazi ere astebete iraun beharko lukeen su etenaren inguruan. Era batera edo bestera, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du borrokak eten ezean ezingo dutela giza laguntzarik banatu herritarren artean. Erakundeak atzo jakinarazi zuenez, Darfurrera laguntza zeramaten sei kamioiri eraso zieten, eta janaria eta materiala lapurtu zituzten.
Ikusi gehiago:Herritarren ebakuazio deia
Apirilaren 15ean piztu ziren borrokak Abdel Fattah al-Burhan armadaburuaren indarren eta RSFko buru Mohamed Hamdan Dagaloren talde armatuaren artean. Orain arte behin-behineko gobernuko presidente eta presidenteorde zirenek elkarri egozten diote herrialdean gobernu zibil bat osatzeko prozesua oztopatzea. Al-Burhanek, gainera, talde armatua «desegiteko» agindu du, eta Dagalok ohartarazi du ez dela geldituko boterea militarren eskuetatik «berreskuratu» arte. Horiek hala, ia hasieratik Khartum hiriburuan izan dira borrokarik gogorrenak, eta azken egunetan presidentetzaren jauregia eskuratu nahian aritu dira bi aldeak —bi buruzagiak ezkutuan daude borrokak hasi zirenetik—. Lekukoen arabera, atzo leherketa gogorrak entzun ziren estatuburuaren egoitzaren inguruetan, eta kea ikusten zen eraikinetik irteten. Bonbardaketak ere ia etengabeak izan ziren hiriburuan.
Iheslariak, harrapatuta
NBEren giza laguntzarako arduradun Martin Griffiths atzo heldu zen ekialdeko Port Sudan hirira. Herrialdetik irteteko zain dauden milioika sudandarrei laguntzea da bidaiaren helburua, baina Griffithsek nabarmendu zuen ezinezkoa dela hori «oinarrizko segurtasun neurriak» bermatu ezean. «Goi mailako akordio publikoak behar ditugu, sudandarren segurtasuna bermatzea ahalbidetuko duten konpromisoak».
Hitzemandako meniak betetzeko aldeen borondaterik ezak kritika ugari eragin ditu nazioartean. «Bi jeneralek, su etenak onartzen dituzten arren, borrokan eta hiria bonbardatzen jarraitzen dute. Horrek zaildu egiten du gatazkari irtenbide politiko bat ematea, baita krisi humanitarioari irtenbide bat aurkitzea ere», salatu zuen atzo Afrika Ekialdeko Garapenerako Gobernuarteko Aginteko Ismail Waisek. Mendebaldeak ere gaitzetsi egin du bi agintarien jarrera, eta hainbat herrialdek atera egin dituzte Sudanen zituzten herritarrak. Gauza bera egin dute giza laguntza banatzeaz arduratzen ziren NBEren agentziek ere.
«Tentsioa handia da; beraz, konpromisoa behar dugu. Ez gara ilargia eskatzen ari; eskatzen ari gara giza laguntzaren banaketa errazteko eta jendeari borroka guneetatik ateratzea ahalbidetzeko. Herrialde askotan egin izan dugu horixe bera, baita su etenik gabe ere», adierazi zuen Griffithsek. Sudanen borrokak hasi baino lehen ere herritarren herenak bizi ziren nazioarteko giza laguntzaren menpe. Azken asteetan, gainera, behin eta berriz eten dituzte argindarra eta ura, batez ere hiriburuan, eta gero eta zailagoa da oinarrizko baliabideak eskuratzea. Ospitale gehienak ere itxita daude, eta botikak falta dira.
Darfur eskualdera ere iritsi dira borrokak. Han duela hogei urte hasitako gerra zibilaren ondorioak bizi dituzte oraindik. Sudango Osasun Ministerioaren datuen arabera, azken egunetan gutxienez 99 pertsona hil dira borroketan. Horrez gain, Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, Sudango 330.000 barne desplazatuetatik %70 Darfur mendebaldetik eta hegoaldetik joandakoak dira. Orain, adituek ohartarazi dute borrokak Darfur osora zabaltzeko arriskua dagoela, eta horrek kolokan jar ditzakeela, ez soilik Sudan, baita inguruko estatuak ere.
Sudan
NBEk ohartarazi du borrokak eten ezean ezingo dela laguntza banatu Sudanen
Gaur sartu beharko luke indarrean zazpi eguneko meniak. Liskarrak gogortu egin dira Khartumen, presidentearen jauregiaren inguruetan. Milaka lagunek egin dute ihes
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu