«Klima aldaketak aurrera egin zuen 2022an ere». Hori nabarmendu zuen Munduko Meteorologia Erakundeak atzo, klimaren egoerari buruzko urteroko txostenaren aurkezpenean. Izan ere, aldagai guztiak aztertuta —batez besteko tenperaturaren igoera, ozeanoen berotzea, berotegi gasen metaketa, glaziarren masa galtzea...—, esan daiteke iaz ere areagotu zela klima larrialdia. «Lehorteek, uholdeek eta bero olatuek kontinente guztietako komunitateei eragin zieten, milaka milioi dolarren galerak eraginez». Eta NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak kaleratutako dokumentuko datu batek laburbiltzen du joera hori: XIX. mendearen erdialdean neurketak egiten hasi zirenetik, azkeneko zortzi urteak erregistratutako beroenak izan dira.
Iazkoa izan zen urterik beroenetan bosgarrena edo seigarrena—postua aldatu egiten da hainbat agentziaren erregistro historikoak erabiltzen dituztelako konparazioetan—, eta, industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta, 1,15 gradu altuagoa izan zen tenperatura. Aintzat hartu behar da 2015eko Parisko Hitzarmenean helburutzat ezarri zutela XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago, ondorio are katastrofikoagoak saiheste aldera.
2016a izan da orain arte erregistratutako urterik beroena —industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta, 1,28 gradu beroagoa izan zen tenperatura—, eta, hain zuzen, El Niño fenomenoaren eraginpean zegoen planeta, zeinak itsaslaster beroak sortzen dituen Ozeano Barean. Azken hiru urteetan, berriz, La Niña-ren eraginpean dago Lurra, eta hori, normalean, hozte bati lotuta egoten da; halere, aurreikusten dute 2024an zikloa aldatuko dela.
Berotze globalaren erantzule nagusietako bat dira gizakiek isurtzen dituzten berotegi gasak, zeintzuen iturri nagusia erregai fosilak diren. Atmosferan metatzen dira gas horiek, eta 2021eko datuak inoiz detektatutako altuenak izan zirela gogoratu du Munduko Meteorologia Erakundeak. NBEren agentziak ez ditu, oraindik, metatzeen iazko datu guztiak.
Bestalde, glaziarren urtze prozesua inoiz baino azkarragoa izan zen iaz. 2021eko urria eta 2022ko urria bitartean 1,3 metro murriztu zen horien lodiera. Eta horrek itsas mailari eragiten dio zuzenean. Txostenean ohartarazi dute itsas maila 4,62 milimetro igo dela urtero 2013-2022 epealdian; 1993-2002 epealdian, 2,27 milimetro igo zen urtero.
«Klimak aldatzen jarraitzen du, eta mundu guztiko komunitateei larriki eragiten diete fenomeno meteorologiko eta klimatiko muturrekoek», azpimarratu zuen txostena plazaratzeko agerraldian Petteri Taalasek, NBEren agentziako idazkari nagusiak. Fenomeno horien artean, aipatu zituzten Pakistanek nozitutako inoiz ez bezalako euriteak, Afrika ekialdeko lehorteak, eta Europako bero olatuak. Horiek 15.000 bat hildako eragin zituzten bost herrialdetan: Espainian, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Portugalen.
NBEk nabarmendu du iaz ere aurrera egin zuela klima aldaketak
Munduko Meteorologia Erakundearen urteroko txostenaren arabera, azkeneko zortzi urteak inoiz erregistratutako beroenak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu