NBE Nazio Batuen Erakundeak belarritik tira egin dio beste behin Israeli. Gaur kaleratutako txosten batean, erakunde horretako Palestinako lurralde okupatuetarako Nazioarteko Ikerketa Batzorde Independenteak salatu du Israelgo armadak sexu indarkeria erabili duela Gazako palestinarren aurka egiteko, «hainbat modutan eta sistematikoki», 2023ko urriaren 7az geroztik. Txostenaren arabera, eraso horietako batzuk «gerra krimen», «gizateriaren aurkako krimen» eta «ekintza genozida» gisa ikertu beharko lirateke; besteak beste, atxilotutakoen aurkako bortxaketak eta atxilotze zentroetan dauden palestinarrei egindako «tratu umiliagarriak», hala nola biluztera derrigortzea eta hala daudela argazkiak eta bideoak egitea.
«Jasotako frogek erakusten dute sexu eta genero indarkerian sekulako gorakada izan dela», adierazi du txostenaren egile eta batzorde horretako presidente Navi Pillayk. Dokumentuak 50 orri inguru ditu, eta, zehaztu dutenez, emakumeak eta neska adingabeak dira eraso horiek pairatu dituzten gehienak. «Eraso mota horiek palestinar herria suntsitzeko eta menpean hartzeko gerra estrategia gisa baliatzen ditu Israelek», nabarmendu du Pillayk. Ikerketaren egileen aburuz, gerra estrategia horren parte da, halaber, emakumeentzako osasun zentroak bonbardatzea eta suntsitzea, argudiatuta horren helburua litzatekeela palestinar haurren jaiotzak murriztea.
Pillayk salatu duenez, Israelek «erabateko inpunitatez» egin ditu eraso horiek guztiak, eta uste du Nazioarteko Zigor Auzitegiak zenbait ikerketa jarri beharko lituzkeela abian horiek aztertzeko. Are, gogoratu du ekintza horiek egin bitartean Tel Avivek blokeatu egin duela maiz Gazarako laguntza humanitarioa, eta horren ondorioz «nabarmen» egin duela okerrera gazatarren osasunak. Txostenaren arabera, Israelek zerrendaren aurka egindako erasoek haurdun egon zitezkeen 540.000 emakumeri eragin diete, eta jakinarazi dute 2023ko urriaren 7az geroztik lau halakotu egin direla emakume palestinarren abortuak.
Horrez gain, Israelgo armadako tiratzaileek emakume zibilen eta haurren aurka egin dutela ere salatu dute ikerketan. Adibide bat ere jaso dute txostenean: Israelgo soldadu batek emakume haurdun bati tiro egin zion 2023ko abenduan, zerrenda iparraldeko Al-Awda ospitalera bidean zihoala; hil eta hogei egun igaro arte ez zuten aurkitu haren gorpua.
Israelek ezetz dio
NBEk txostena zabaldu eta berehala erantzun du Israelek. Hango lehen ministro Benjamin Netanyahuk komunikatu bat kaleratu du, eta erakundeari leporatu dio beren aurka «akusazio faltsuak» egitea. Are, NBEri egotzi dio «organismo antisemita, ustel, terrorista eta garrantzirik gabekoa» izatea, eta joan den hilean hartutako erabakia goraipatu du: NBEko Giza Eskubideen Batzordetik ateratzekoa, alegia.
Kontrara, Hamasek txalotu egin du NBEko batzorde horrek landutako eta argitaratutako txostena. «NBEren ikerketak baieztatu egiten du gure begien aurrean gertatu den guztia: genozidioa eta giza eskubide guztien urraketak», esan du Palestinako erakunde islamista horretako bozeramaile Hazem Qassamek.
ISRAELEK palestinako jihad islamikoaren eraikin bat bonbardatu du DAMASKON
Israelek eraso egin dio gaur goizean Damaskoko ipar-mendebaldeko Dummar auzoari, Sirian. Israelgo armadak gero ohar baten bidez jakinarazi duenez, Palestinako Jihad Islamikoak han duen egoitza bat zuen helburu bonbardaketak, argudiatuta eraikin hori Israelen aurkako «ekintza terroristak prestatzeko eta zuzentzeko» erabiltzen dutela. Siriako telebista kate Syria TVren arabera, hainbat lagun zauritu dira eraso horretan; Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak —Londresen du egoitza— esan du gutxienez pertsona bat hil dela bonbardaketaren ondorioz.
Israelgo armadak oharra zabaldu eta gutxira, beste komunikatu bat kaleratu du Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek: «Terrorismo islamikoak ez dauka tokirik ez Damaskon, ez beste inon». Are, gaineratu du ez dutela «onartuko» Siria Israelentzat «mehatxu bat» bihurtzea, eta Siriako behin-behineko lehen ministro Ahmed al-Xaraari mintzatu zaio: «Israelen aurkako ekintza terroristak antolatzen diren lekuan, Israelgo armadako hegazkin militarrak ikusiko dituzte».
Palestinako Jihad Islamikoak ere hitz egin du erasoaren inguruan. Erakundeko bozeramaile Muhamad al-Hajj Musak esan du, Telegramen idatzitako ohar batean, Israelek «hutsik» zegoen «etxebizitza bat» bonbardatu duela, eta hori ez zela taldearen egoitzetako bat.
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak emandako datuen arabera, urte hasieratik Israelek 27 aldiz egin dio eraso Siriari, eta eraso horietan gutxienez sei pertsona hil dituzte, eta dozenaka zauritu.
10.000Laguntza humanitarioko zenbat pakete bidali dizkien Israelek Siriako drusoei. Israelek laguntza humanitarioa daramaten 10.000 pakete eman dizkio Siriako drusoen komunitateari, Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek gaur jakinarazi duenez. Azken astean borrokak areagotu egin dira drusoak bizi diren komunitateen inguruan, Siriako gobernu berriaren eta aurrekoaren jarraitzaileen artean.