Parisko Akordiotik bost urte beteberritan, klima larrialdiari buruzko goi bilera egin zuten atzo NBE Nazio Batuen Erakundeko estatu kideek, Londresek, Parisek eta nazioarteko erakundeak berak bultzatuta. Pandemiaren ondorioz goi bilera birtuala izan zen arren, nazioarteko hainbat buruzagik parte hartu zuten bertan. Horiei guztiei klima larrialdia ezartzeko eskatu zien NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek, modu horretan tenperaturaren gorakada saihesteko: «Bada inor oraindik uka dezakeenik larrialdian gaudela? Horregatik eskatzen dizuet klima larrialdia ezartzeko zuen herrialdeetan, karbono neutraltasuna lortzen dugun artean».
NBEko idazkari nagusiaren esanetan, COVID-19aren pandemiak eragindako krisitik ateratzeko onartutako diru laguntzek «karbono gutxiko etorkizun bat» eraikitzeko balio behar dute; «arazoa da, ordea, neurriak behar baino motelago ari direla heltzen». Hala, G20koen taldeari zuzendu zitzaion Guterres, eta kritikatu suspertze funtsaren erdia baino gehiago erregai fosiletara eta kontsumora bideratu dutela, isuriak murrizteko neurrietara beharrean. «Onartezina da.COVID-19aren krisitik irteteko behar ditugun milaka milioiak hurrengo belaunaldiek utzi dizkigute. Ezin dugu diru hori erabili zor erraldoia eragin eta planeta suntsituko duten politikak bultzatzeko», esan zuen.
AEBetako presidente hautatua, Joe Biden, izan zen Guterresen erronkari erantzuten lehena. Bidenek iragarri zuen karguaren zina egin eta hurrengo egunean itzuliko dela herrialdea Parisko Akordiora presidentetzarako bozak egin eta biharamunean utzi zuten AEBek akordioa, Donald Trump presidentearen erabakiz. Horrez gain, datorren urtearen erdian klimari buruzko goi bilera bat antolatzeko prest ere agertu zen buruzagi demokrata. Buruzagi estatubatuarrak, ordea, ez zuen zehaztu zer helburu jarriko dizkion herrialdeak bere buruari administrazio berria lanean hasten denean.
Konpromisoak
Indiako lehen ministro Narendra Modik jakinarazi zuen herrialdeak bikoiztu egin duela energia garbiaren erabilera, eta 2015eko Parisko Akordioan zehaztutako isurietara heltzear dela. India da karbono gehien isurtzen duten herrialdeetako bat, eta 2030erako 450 gigawatt energia berriztagarrietatik lortzea jarri du helburu. Antzeko xedea iragarri zuen Txinak ere, zeinak irailean jakinarazi zuen 2060rako karbono neutraltasuna lortuko zuela. Pekinen asmoa da 2030erako 1.300 gigawatt sortzea energia berriztagarrien bidez, egun ekoizten duenaren bikoitza.
Argentinak ere handitu egin zituen bere konpromisoak, eta iragarri zuen hamar urteko epean isuriak %25,7ra murriztuko dituela, 2050erako karbono neutraltasuna lortzeko asmoz. Baina, aldi berean, herrialde aberatsei «konpromiso handiagoa» eskatu zien Alberto Fernandez presidenteak.
Erresuma Batuan egingo dute datorren urtean aurten Glasgown (Eskozia) egitekoa zuten goi bilera, eta pandemiagatik atzeratu behar izan dutena. Hala, Boris Johnson lehen ministroak estatuburuei eskatu zien eteteko erregai fosilekiko menpekotasuna eta aldatzeko nekazaritza politikak. Hain zuzen ere, goi bilera hasi aurretik, Londresek iragarri zuen utzi egingo ziola erregai fosilarekin lotutako atzerriko proiektuak babesteari. Azken lau urteetan, Erresuma Batuak 23.000 milioi euro bideratu ditu alor horietan aritzen diren enpresei laguntzera.
NBEk klima larrialdia ezartzeko eskatu die mundu osoko buruzagiei
Erresuma Batuak iragarri du utzi egingo diola atzerrian erregai fosilekin lotutako enpresei laguntzeari. Bidenek berretsi du AEBak Parisko Akordiora itzuliko direla berak kargua hartu eta biharamunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu