NBE Nazio Batuen Erakundeak eskatuta, Nazioarteko Justizia Auzitegia gaur hasi da entzuten 40 bat herrialdek eta nazioarteko hainbat erakundek zer argudio dituzten, NBEren agentziekin, beste erakunde batzuekin eta beste estatu batzuekin batera, Palestinan okupatutako lurretan Israelek dituen obligazio juridikoei buruz. Besteak beste, NBEk berak ere eman ditu argudioak, eta erakundearen auzi juridikoetarako idazkariaren ondoko Elinor Hammarskjoldek azpimarratu du, Hagan bertan (Herbehereak), Israelek palestinarrekiko obligazioak dituela «potentzia okupatzailea» den neurrian, eta, horrenbestez, «onartu» behar duela hara laguntza humanitarioa bildatzea, baita hori «erraztea» ere. Ostiralera bitartean, besteak beste Errusiak, AEBek, Txinak, Frantziak, Arabiar Ligak eta Afrikako Batasunak plazaratuko dituzte beren argudioak NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusian.
Kontuan hartu behar da, batetik, Israelgo Parlamentuak onartu zuela, iazko urrian, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren jarduerak debekatzea Zisjordanian, Gazan eta Jerusalem Ekialdean; eta, bestetik, martxoaren 2az geroztik Gazan laguntza humanitarioa sartzea eragozten ari dela Israel. Tel Avivek esan du ez duela bertan behera utziko blokeo hori, harik eta Hamasek bahituta dauzkan israeldar guztiak askatu arte. «Potentzia okupatzaileak zuzenbide humanitarioa errespetatuz agindu behar du. Segurtasuna mantentzeko neurriek ezin dute eragotzi erakunde humanitario inpartzialek —NBEk—bere lana aurrera eramatea», nabarmendu du Hammarskjoldek.
Israelgo Atzerri ministro Gideo Saarrek, berriz, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren kontra egin du. Agerraldi batean, esan du «helburu antisemitak lortzeko» ari direla «erabiltzen» bai auzitegi hori eta bai Nazioarteko Zigor Auzitegia. «Sinesgarritasuna eta zilegitasuna galtzear dira. Nazioarteko Zigor Auzitegia iritsi da horretara, eta Nazioarteko Justizia Auzitegia bidean dago». Hain zuzen, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egitea egotzita, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindu zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiak iazko azaroan. Saarrek errepikatu du Hamas «infiltratuta» dagoela UNRWAn, eta esan NBE eta UNRWA bera epaitu beharko lituzketela.
NBEko Batzar Nagusiaren ebazpen baten ondorio da Hagari egindako eskaera. Batzar Nagusiko 193 herrialdeetatik 137k ebazpen bat onartu zuten joan den abenduan, zeinaren arabera Israeli eskatzen dioten bete ditzala palestinarrekin dituen obligazioak —Israelek hamarkadak daramatza NBEren ebazpenei ez ikusi egiten—. Israelek, AEBek eta beste hamar herrialdek kontra bozkatu zuten, eta hamar herrialde abstenitu egin ziren. Bide batez, Batzar Nagusiak horri buruzko iritzia eskatu zion Hagari. Nazioarteko Justizia Auzitegiak zenbait hilabete beharko ditu erantzun bat emateko; dena den, ez da loteslea izango.