NBEk Irani egotzi dio «gizateriaren aurkako krimenak» egitea Aminiren hilketarekin lotutako protestetan

Erakundeak salatu du segurtasun indarrek eta paramilitarrek giza eskubideak urratu zituztela. NBEk eskatutako ikerketa independente batean egin dute salaketa.

Alemania - Iran protesta
Mahsa Aminiren eta Irango emakumeen eskubideen alde Berlinen 2022an egindako protesta. CLEMENS BILAN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 8a
16:05
Entzun

Irango Moralaren Poliziak Mahsa Amini gazte kurdua hil zuen 2022ko irailaren 13an, beloa «gaizki» eramateagatik. «Berriz hezteko klasera» eraman zuten, eta 26 minutuz jipoitu ostean hil zen. Ospitalera «garun heriotza» deritzon egoeran heldu zen, eta irailaren 16an hilda zegoela deklaratu zuten medikuek. Protestak hasi ziren egun hartan, eta Iran osoan hedatu ziren hurrengo egunetan, Emakumea, bizitza, askatasuna lelopean. Irango indar armatuek manifestarien aurka egin zuten bortizki; are gehiago, NBE Nazio Batuen Erakundeak iaz eskatutako ikerketa independentean gaur jakinarazi dutenez, «gizateriaren aurkako krimenak» egin zituzten.

Sara Houssain, Xaheen Sardar Ali eta Viviana Krsticevic legelariek egin dute ikerketa. Irani leporatu diote nazioarteko giza eskubideen legedia eta, oro har, nazioartekoa urratu zutela protesta horien aurka egin zuenean. «Giza eskubideen aurkako krimenak egin ditu Iranek», diote gaur argitara ateratako txostenean. Legelarien arabera, indar armatuek eta paramilitarrek «eraso sistematikoak» egin zituzten giza eskubideen alde mobilizatutako biztanleen aurka. Krimen horiek, gainera, emakumeei bereziki zuzenduta zeudela adierazi dute.

Zaila da jakitea zenbat manifestari hil zituzten, Teheranen «kolaboraziorik eza» salatu baitute ikerketa egiten ari ziren bitartean. Are gehiago: adierazi dutenez, «presioak eta mehatxuak» jasan dituzte txostenean kolaboratu dutenek, «nahiz eta jada Iranen ez bizi». Hala ere, eskuratu dituzten datuen arabera, protestak hasi eta iazko irailera arte, indar armatuek 551 lagun hil zituzten; gehienak Sistan eta Balutxistan probintzietan, eta Iranen menpeko Kurdistanen. Suzko armak, gomazko metraila, arma kimikoak eta ur kanoiak erabili zituzten manifestarien aurka, «segurtasun indarrek erailak edo larriki zaurituak izateko arriskurik ez zegoenean» —hori da, hain zuzen, nazioarteko zuzenbideak «arma hilgarriak» erabiltzea zilegitzen duen egoera bakarra—.

Manifestazioetan bertan egindako «legearen aurkako eta auzibidetik kanpoko» hilketez gain, giza eskubideen beste urraketa andana leporatzen dizkiote Teherani. Iranek ez zuen daturik argitaratu bere garaian, baina, GKE gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez, 60.000 atxiloketa inguru egon ziren. Gehienetan, «islamaren santutasuna iraintzeagatik» eta «ordena publikoa nahastea» ziren atxiloketen arrazoiak. 10 urteko umeak ere atxilotu zituzten protesten egunetan.

15

Atxilotuen batez besteko adina. Iranek ez du inoiz datu zehatzik eman, baina, Teheranek jakinarazi zuenez, atxilotu asko adingabeak ziren; batez besteko adina 15 urte zen.

Atxiloketak —asko «inoiz jakinarazi gabeak»—, askotan, torturak zekartzala salatu dute txostenean. Azpimarratu dute «abusu fisikoak zein psikologikoak» pairatzen zituztela atxilotuek. Irainak, jipoiak, erredurak, deskargak, substantziak injektatzea eta abar eta abar aipatzen dira txostenean. Baina era guztietatik bat azpimarratu dute legelariek bereziki: «Tortura sexuala». Emakumeak eta haurrak izan ziren tortura mota horren jopuntua. Bortxaketa aipatu dute, besteak beste.

Torturarik «ankerrenak» Inteligentzia Ministerioaren eta Irango Guardia Iraultzaile Islamikoaren menpe zeuden «gune ez-ofizialetan» egiten zituztela esan dute. Torturen ondorioz atxilotu andana hil zirela gaineratu dute txostenean; ohartarazi dute «ezinezkoa» dela kopuru zehatza jakitea.

Hijaba Aminiren ostean

Amini beloa «gaizki» eramateagatik hil zutela salatu izan dute manifestariek eta haren sendiak. «Genero berdintasuna eta emakumeen eskubideak» aldarrikatzeko atera ziren Iranen eta Kurdistango zenbait gunetan herritarrak kalera; halere, hijabaren gaineko presioa eta, hortaz, «askatasun erlijiosoaren eskubidearen» aurkako ekintzak ez dira baretu. Are gehiago: txostenean salatu dutenez, 2022ko abendutik «gero eta zorrotzagoak» dira legeak Iranen.

Lege berri horiek adierazpen askatasunaren, erlijio askatasunaren eta emakumeen autonomiaren eskubideen aurka egiten dutela azpimarratu dute txostenaren egileek. Gainera, argitu dute «gero eta murriztuagoa» dela emakumeen hezkuntzarako, osasunerako eta mantenurako sarbidea.

Neurri berri horien artean dago kamera eta droneak erabiltzea hijaba «gaizki» eramaten duten emakumeak lokalizatzeko. Iranek jakinarazi zuenez, iazko apirilaren 25etik ekainaren 14ra arte 999.176 «ohartarazpen mezu» bidali zizkieten gidatu bitartean hijaba «gaizki» zeramaten emakumeei. Hijaba gaizki eramateak, ordea, ez du soilik ohartarazpen mezu bat bakarrik ekartzen. Izan ere, nortasun agiria galdu edo hezkuntza eta osasun zerbitzuetan galerak pairatzea eragin dezake.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.