NBEk dio munduak ezin duela onartu Libano beste Gaza bat bihurtzea

Ekialde Hurbileko egoerak protagonismo handia izan du NBEren Batzar Nagusiaren bilkurako lehen egunean.

Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia, gaur New Yorken. JUSTIN LANE / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko irailaren 24a
20:30
Entzun

Gaur hasi da NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkura New Yorken (AEB). Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia izan da hitza hartzen lehena; azken egunetan Israel Libanon egiten ari den erasoez hitz egin du: «Libanoko herritarrek, Israelgoek eta mundukoek ezin dute onartu Libano beste Gaza bat bihurtzea». Horrez gain, Gazako zerrendako egoera ere ez du ahaztu. Esan duenez, Hamasek joan den urriaren 7an egindakoa justifikatu ezin den moduan, ezerk ez du justifikatzen palestinarren aurkako «zigor kolektiboa».

Idazkari nagusiaren ostean, zenbait estatuburuk hartu dute hitza. Horien artean Joe Biden AEBetako presidentearen hitzaldiak sortu du ikusmin handiena. Izan ere, Bidenek NBEren Batzar Nagusian AEBtako presidente gisa jardungo duen azken aldia da. Bere hitzaldian Ukrainako gatazkaz aritu da, Ekialde Hurbileko egoeraz adierazpenak egin aurretik. AEBek Ekialde Hurbilean «bakea eta egonkortasuna» mantentzeko lan egingo duela gogorarazi du, eta gehitu du inori ez diola mesederik egiten «eskala handiko gatazka» batek. Horrez gain, iazko urriaren 7a aipatu du behin eta berriz. Gogoan izan ditu egun horretan Hamasek Israelen hildakoak; baita ordutik aurrera Israelek Gazan hil dituen «herritar errugabeak» ere. AEBtako presidentearen ustez, «konponbide diplomatikoa» posible da Libanon; eta esan du Gazan ere su etena adostu eta «gerrari amaiera emateko garaia» dela.

Bidenek ez bezala, beste herrialde batzuetako agintariek Israel egin dute Ekialde Hurbileko gatazka are eta gehiago gaiztotzearen errudun. Racep Tayip Erdogan Turkiako presidenteak esan ditu hitzik gogorrenak Tel Aviven aurka: Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu eta «haren hiltzaile sarea» geldiarazteko deia egin du, garai batean «gizateriak [Adolf] Hitler geldiarazi zuen bezalaxe». Gainera, Netanyahuren gobernua babesten duten herrialdeen jokamoldea ere gaitzetsi du: «Israel babesten duten herrialdeengatik jarraitzen du [Gazako] gerrak. Ustez su etenaren alde lanean ari direnek Israeli armak bidaltzen jarraitzen dute». Horregatik, NBEren Segurtasun Kontseiluari mintzatu zaio: «Zeren zain zaudete Gazako genozidioa geldiarazteko?».

Bestetik, Israelen ordezkari Danny Danonek baieztatu du Netanyahu NBEren Batzar Nagusian mintzatzekoa dela datorren ostiralean, baina hori Israelgo egoerak baldintzatu dezakeela. Eta Libano lurrez erasotzeko aukeraren inguruan, esan du nahiago dutela «konponbide diplomatiko» bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.