Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) gaur argitaratutako txosten baten arabera, berotegi efektuko gasen emisioak murriztea ez da nahikoa lurraren berotzea gelditzeko. NBIPk adierazi duenez, Lurraren tenperaturaren igoera 1,5 gradutik beherakoa izateko, «naturan oinarritutako konponbideak» erabili beharko dira. Hortaz, bai gobernuek, bai sektore pribatuak hamar bilioi euro baino gehiago inbertitu beharko lituzkete 2050 bitarte.
Ikusi gehiago: Lurraren %30 babestu behar litzateke naturaren onurei eusteko
Aipatutako neurri horien artean daude basoberritzea, eguzki energia erabiltzea edo laborantza jasangarria egitea. Politika horiek, bertzeak bertze, ekosistemak babesten dituzte, emisioak murrizten dituzte, eta biodibertsitatea ez galtzea ahalbidetzen dute. «2050ean zero isuri izateko trantsizioa egin ahala, giza jarduera guztia ere birbideratu behar dugu, denok bizi garen mundu naturalaren gaineko presioa arintzeko», azaldu du Inger Andersen NBIPeko zuzendariak.
Andersenek gobernuei, enpresei eta finantza sektoreari dei egin die, naturan oinarritutako konponbideak gauzatzera bideratuta dauden funtsak «zorrozki» igotzeko. Hala ere, NBIPk nabarmendu du gobernuek «nekez» igoko dituztela inbertsioak, orain haien inbertsioak totalaren %83 baitira. Hortaz, erakundeak dio sektore pribatuaren inbertsioek izan behar dutela «nabarmen handitu» beharrekoak.
NBIPk azaldu du naturarendako negatiboak diren neurrietan egiten diren inbertsioak positiboetan egiten direnak baino hiru eta zazpi aldiz handiagoak direla. Inbertsio «kaltegarri» horien artean daude, adibidez, arrantzaren sektoreari, laborantzari eta erregai fosilen sektoreari ematen zaizkien laguntzak.
Biodibertsitatea mintzagai
Nazio Batuen Aniztasun Biologikoari buruzko Hitzarmena (CBD) Montrealen (Quebec) elkartuko da hemendik aste batzuetara, eta biodibertsitatearen kontserbazioari, leheneratzeari eta kudeaketari buruz mintzatuko dira bertan. Txostena bilkura horren harira argitaratu da. Izan ere, eztabaidatsuak diren gaiak izanen dituzte solasgai: Lurraren %30 eremu babestu izendatzea, eta txostenean «kaltegarri» izendatzen dituzten laguntzak desagertzea edo murriztea, besteak beste.