OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera, datorren urtea «beltza» izango da alor humanitarioari dagokionez. Krisien kopurua eta eskala handitzen ari dira, eta 2024ko testuinguruak, lehen zantzuen arabera, ez du hobera egiteko itxurarik; gatazkak, klima larrialdia eta egoera ekonomikoek okerrera egitea dira, besteak beste, laguntzarako beharra eragiten duten faktoreetako batzuk, eta, beharrezko tresnarik eta baliabiderik gabe, OCHAk ezingo du laguntza bermatu. Horregatik, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Gaietarako idazkariorde nagusi eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaile Martin Griffithsek 43.000 milioi euro eskatu dizkio nazioarteari: «Humanitarioek bizitzak salbatu eta sufrimendua arindu dezakete modu egokian finantzatuta daudenean».
Datorren urtean 299,4 milioi lagunek beharko dute laguntza humanitarioa; batez ere, Ekialde Hurbilean —Palestinan eta Sirian, esaterako—, Ukrainan eta Sudanen. Eta gerrak eta gatazkak handitzen ari diren honetan, laguntza sistemak geroz eta erronka gehiago ditu, eta, horrekin lotuta, finantzaketa krisi handi bati aurre egin behar dio erakundeak. Ideia horretan jarri du arreta Griffithsek, aurten gertaturikoa adibide gisa hartuta: beharrezkoa zuten ia 53 mila milioi euroko funtsaren herena baino pixka bat gehiago besterik ez dute jaso. Hau da, 2010az geroztik lehen aldiz, 2023an txikitu egingo da laguntza humanitarioa, aurreko urtekoarekin konparatuz gero.
Today’s Global Humanitarian Overview is a wake-up call.
— Martin Griffiths (@UNReliefChief) December 11, 2023
Humanitarians can save lives and alleviate suffering when properly funded.
We are urgently appealing to donors to dig deep to fully fund the US$46Billion 2024 global appeal.#InvestInHumanity
«Laburpen Humanitario Globala [txostena] abisu bat da», ohartarazi du NBEren Giza Gaietarako idazkariorde nagusi eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaileak. Horren erakusle da erakundeak berrikusi behar izan duela datorren urterako eskatu duen funtsa, premiarik handiena dutenengan arreta jartzeko —180,5 milioi pertsona, 72 herrialdetan—; hau da, berez, diru kopuru horrek handiagoa izan beharko luke. «Zaila» izan da hori egitea, baina Griffithsek esan du ziurtatu egin behar dutela laguntza agentziak «errealistak» izan behar direla beharrei erantzuteko orduan.
Eta 2024rako funtserako dei hori egitean, NBEren Giza Gaietarako idazkariorde nagusi eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaileak aitortu du eskaturiko kopurua «masiboa» dela, eta badakiela ziurrenik ez dutela diru hori guztia bilduko; besteak beste, herrialde emaileetako batzuek zailtasun ekonomikoak dituztelako. Edonola ere, zera ohartarazi du Griffithsek: «Ezin badugu laguntza hori eman, jendeak bere bizitzarekin ordainduko du».
Aurten, iaz baino gutxiago
Ekintzarik eza da OCHAren kezka nagusia, eta hori, «batez ere», nahi baino finantzaketa gutxiago izatearekin lotuta dago, Laburpen Humanitario Globalean jasotakoaren arabera. Horrek ondorio zuzenak ditu: aurreikusitako pertsonen %62 lagundu dituzte aurten; %79 izan ziren iaz.
Datuak herrialdeka aztertuz gero, hamabi hilabeteotan Afganistanen —20,6 milioi lagun—, Etiopian —16,9 milioi—, Ukrainan —10,8 milioi—, Yemenen —8,7 milioi— eta Kongoko Errepublika Demokratikoan —7,2 milioi— egin du lan gehien NBEren erakunde horrek. Hain justu, horietan guztietan gatazkak edota horien ondorioak jasaten ari dira, eta ezin izan dituzte nahi bezala lagundu.
Hilabeteotan Afganistanen, Etiopian, Ukrainan, Yemenen eta Kongoko Errepublika Demokratikoan egin du lan gehien OCHAk
Adibidez, elikagai laguntzetan murrizketak izan dira, eta milaka lagun gosete arriskuan geratu dira —Afganistanen eta Sirian, batez ere—; aterpeetarako funtsik ezak eragin du, gainera, milaka pertsona «baldintza desegokietan» bizitzea Haitin eta Myanmarren, esaterako; eta ur edangarria eta garbitasuna bermatzeko baliabide gutxi izateak berekin ekarri du gaixotzeko arriskua handitzea —kasurako, Yemenen—.
Hori bai, txosten horrek albiste on batzuk ere ematen ditu. Krisi humanitarioak jasan dituzten zenbait herrialde beren egoera hobetzen ari dira, eta aurten jada ez daude laguntza programen zerrendan; horien adibide dira Kenya, Pakistan eta Malawi. Eta beste estatu batzuen kasuan, larrialdia geroz eta txikiagoa da; Somalian, esaterako, pixkanaka ari dira lehorteari aurre egiten, eta Yemenen, nazioartean aitorturiko gobernuaren eta matxino huthien arteko gerra nahiko lasaitu da, eta horrek eragin du erregai gehiago sartzea eta merkataritza sustatzea.