Sudango gerrako bi aldeak «neurri batean» ari dira betetzen 72 orduko su etena, eta hori errealitate baten erakusgarri da, NBE Nazio Batuen Erakundearen herrialde horretarako misioaren buru Volker Perthesen arabera: «Bi aldeetako inor ez dago prest serioski negoziatzeko». Ez Sudango armadak, ezta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak ere; biek ala biek uste baitute batak bestea garaitu dezakeela. Hori da, behintzat, Perthesek atzo NBEren Segurtasun Kontseiluari jakinarazi ziona, orduko «zantzuak eta iradokizunak» kontuan hartu ondoren.
Menia herenegun sartu zen indarrean, eta, NBEren ordezkariaren arabera, «leku batzuetan erabakiari eusten ari zaie», baina oraindik ere borrokan ari dira beste batzuetan, batez ere «funtsezkoak diren eremuetan» —hiriburuan, kasurako—, nahiz eta albiste agentziak «baretasun urduri» gisa deskribatu duten egoera; atzo eguerdian, armadak eta RSFk komunikatu bana argitaratu zuten, eta elkarri leporatu zioten menia urratzea. OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi du bi aldeek 460 bat lagun hil eta 4.100 inguru zauritu dituztela hilaren 15ean gerra hasi zenetik, eta, horrekin batera, «hondamendi humanitario bat» eragin dutela.
Eta, orain arte ikusitakoa aintzat hartuta, Perthesek iradoki zuen oraindik ere asko falta dela armada eta RSF mahai beraren inguruan esertzeko, «sufrimendu» hori amaituko lukeen bakea negoziatze aldera: «Gerrako bi aldeak borrokan aritu dira legeak kontuan hartu gabe, jendez beteriko eremuei eraso egiten, eta zibilei, ospitaleei eta gaixoak eta zaurituak daramatzaten ibilgailuei begirunerik izan gabe».
Gatazka horretaz mintzatu zen bilkura berean, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusia ere, eta ohartarazi zuen gerrak arriskuan jar dezakeela eskualdea. Afrikako herrialderik handienen artean hirugarrena da Sudan, eta muga egiten du beste zazpi estaturekin; Guterresek azaldu duenez, horiek guztiek «gatazka bat edo istilu zibil bat» izan dute azken hamarkadan, eta hori, haren iritziz, kontuan hartzeko moduko errealitate bat da. «Sudango botere borrokak kolokan jarri du herrialdearen etorkizuna, eta metxa bat pizten ari da, mugez gaindi eztanda egin dezakeena».
Horregatik, NBEko idazkari nagusiak zera uste du: «Gatazkari ez zaio irtenbidea eman behar gudu zelaian». Besteak beste, jada «sufrimendu ikaragarria» eragin duelako. ICRC Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ere antzeko mezua bidali zuen atzo, eta adierazi su etenak «bidea eman» dezakeela Sudango zibilak salbatzeko. «Nazioarteko komunitateari dei egiten diogu irtenbide politiko iraunkor bat bilatzen laguntzeko, odol isurtzea amaitu nahian», esan zuen ICRC Afrikako eskualde zuzendari Patrick Youssefek, ohar baten bidez.
Al-Baxirren kokapena
Militarrek estatu kolpe bat eman zuten 2019an Omar al-Baxir presidentea boteretik kentzeko, eta, harrezkeroztik, Sudan trantsizio prozesu batean murgilduta zegoen. Tarte horretan, Al-Baxir hiriburuko kartzela batean egon zen, gobernuko kide izandako batzuekin batera; bada, horietako batzuk espetxetik atera dira, RSF hor sartu zela baliatuta, eta ez dago argi Al-Baxir bera non dagoen.
Armadak atzo esan zuen ospitale batean dagoela, eta lekualdaketa hori gerra hasi aurretik egin zutela; Reuters berri agentziak informazio bera argitaratu zuen, baina ez Al-Baxir eta ez haren ingurukoak ez dira horretaz mintzatu oraingoz. Ihesaldia baieztatu du, aldiz, Ahmed Harunek, orain arte preso egon den Afera Humanitarioetarako ministro ohiak (2006-2009); hura eta presidente ohia atxilotzeko agindua emana du Nazioarteko Zigor Auzitegiak, Darfurren gerra krimenak egin izana leporatuta.
RSFren eta armadaren arteko gerrak agerian utzi du ziurgabea dela Sudanen geroa; azken urteetan gertaturikoa begiratzea besterik ez dago. Kasurako, Al-Baxir kargugabetu ostean, trantsizioa bideratzeko aurreneko saiakerak porrot egin zuen, duela urte eta erdi. 2021eko urrian, beste estatu kolpe bat eman zuten militarrek, eta Abdalla Hamdok lehen ministroa buru zuen trantsizioko gobernu zibila indargabetu zuten.
Urtebete pasa geroago, iazko abenduan, sektore zibilek eta militarrek akordio bat sinatu zuten, zeinak zehazten duen zer pausoeman behar diren bai trantsiziorako eta bai zibilek militarrak ordezkatzeko gidaritzan.
Horretarako, behin betiko ituna sinatzekoak ziren auzian inplikatutako aldeak hilaren 1ean, baina bi aldiz atzeratu zuten, adostasunik ez baita paramilitarrak armadan integratzeko moduaz. Al-Burhanek martxo amaieran adierazi zuen konponbidea «luzea eta zaila» izango zela. Eta egoerak okerrera egin zuen apirilaren 6an; paramilitarrek beren unitateak hedatu zituzten Khartumen, armadari baimenik eskatu gabe.
NBE: «Sudango gerrako bi aldeetako inor ez dago prest serioski negoziatzeko»
Erakundeak azaldu du 72 orduko su etena «neurri batean» ari direla betetzen. Guterresek ohartarazi du gatazkak arriskuan jar dezakeela eskualdea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu