Itsaso Beltzerako su etena adostu dute Errusiak eta Ukrainak

Energia azpiegituretarako menia ere berrezarriko dute bi aldeek, eta bermeak galdegin dituzte. Moskuk atea ireki dio beste eragile batzuek elkarrizketetan parte hartzeari.

Volodimir Zelenski Ukrainaren eta AEBen negoziazioen berri emateko prentsaurrekoan, atzo, Kieven. STRINGER/EFE
Volodimir Zelenski Ukrainaren eta AEBen negoziazioen berri emateko prentsaurrekoan, atzo, Kieven. STRINGER/EFE
Mikel Garcia Martikorena - Julen Otaegi Leonet
2025eko martxoaren 25a
16:45
Entzun 00:00:0000:00:00

AEB Ameriketako Estatu Batuetako eta Errusiako ordezkaritzak bildu ziren atzo Riaden, Ukrainarako menia zabalago batez hitz egiteko, eta, TASS agentziaren arabera, adierazpen bateratu bat egitekoak ziren arren, Washingtonek gaur arte itxaron du negoziazioen berri emateko, Kieveko ordezkariekin bildu ostean: Errusiak eta Ukrainak Itsaso Beltzean «nabigazio segurua» bermatzea adostu dute, baita erasoak bertan behera uztea eta merkataritzarako ontziak helburu militarrekin erabiltzea eragoztea ere.

Ukrainako Defentsa Ministerioak, arratsaldean kaleratu duen oharrean, adierazi du Errusiako gerraontziak Itsaso Beltzeko ekialdetik kanpo aritzea «akordioaren espirituaren eta nabigazio askatasunaren urraketatzat» hartuko dutela, eta «mehatxua» izango dela herrialdearen segurtasunarentzat. «Hala eginez gero, Ukrainak eskubide osoa izango du bere burua defendatzeko», erantsi du ministerioak.

Kremlinek, berriz, baldintza bat ezarri du Itsaso Beltzerako menia berresteko: nekazaritza alorreko zigor ekonomikoak bertan behera uztea. 2022ko uztailean adostu zuten Ukrainak eta Errusiak blokeoa kentzea Itsaso Beltzetik esportatutako laboreei; bertan erasorik ez egitea zekarren akordioak. 2023ko uztailean, Moskuk ez zuen hura berritu nahi izan, argudiatuta Mendebaldeak ez zituela arindu Errusiaren laboreei ezarritako zigor ekonomikoak.

Errusiarekin izandako bileren gaineko oharrean, Etxe Zuriak adierazi du AEBek Errusiari lagunduko diotela laboreak eta ongarriak esportatzeko bideak berreskuratzen eta portuetarako sarbidea handitzen.

Channel One telebista katean emandako elkarrizketa batean, Sergei Lavrov Errusiako Defentsa ministroa prest agertu da laboreen akordioa berrezartzeko: «Guztiontzako modu onargarriagoan, dena den». Erantsi du Itsaso Beltzeko akordioak mesede egin ziola Ukrainari, eta kalte Errusiari; Errusiako ordezkariek hori «kontuan» izateko eskatu zieten estatubatuarrei Riadeko bilkuretan. Oraingoan, ez dute nahi «anbiguotasunik»: «Inork ez gaitzala behartu zerealen eta ongarrien merkatuari uko egitera».

Halaber, Etxe Zuriak jakinarazi du bi aldeek bertan behera utziko dituztela energia azpiegituren aurkako erasoak. Duela astebete adostu zuten Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Donald Trump AEBetakoak energia instalazioetarako su eten partziala, nahiz eta Errusiak eta Ukrainak berehala egotzi zioten elkarri hori urratzea. Kremlinek erasoko ez dien azpiegituren zerrenda kaleratu du: petrolio findegiak, petrolio biltegiak eta zentral nuklearrak.

Hori bai: bermeak eskatu dituzte bi herrialdeek. Kieven emandako prentsaurreko batean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak berretsi du Itsaso Beltzerako eta energia azpiegituretarako meniak berehala sartuko direla indarrean, eta ohartarazi Errusiak horiek urratzen baditu Ukrainak «zigorrak» eta «armak» galdegingo dituela. «Goizegi da funtzionatuko duela esateko, baina bilera egokiak dira hauek, erabaki egokiak, urrats egokiak», gehitu du. Lavrovek dio ez dela fio Zelenskiren hitzez, eta Ukrainak su etenak errespetatzea «Washingtonen agindu baten ondorio» besterik ezin dela izan.

%77

 

Zenbat ukrainar dauden AEBen proposamenaren alde Ukrainako herritarren %77k begi onez ikusten dute AEB Ameriketako Estatu Batuek proposatutako 30 eguneko su eten osoa. Kieveko Nazioarteko Soziologia Institutuak egin du ikerketa. Kievek menia proposamena onartu zuen, baina Moskuk ezezkoa eman zion, argudiatuta hura  sinatuko duela baldin eta 30 egun horietan Ukrainak laguntza militarrik jasotzen ez badu.

Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero egiten dituen adierazpenetan, esan du Moskuk atea ireki diola beste eragile batzuek negoziazioetan parte hartzeari, izan herrialdeak, izan erakundeak. Horiek horrela, Kremlinek ez du baztertu NBE Nazio Batuen Erakundea negoziazio horietan aritzea, TASS Errusiako berri agentziak Grigori Karasin Errusiako ordezkaritzako kidearen adierazpenak aipatuz bart kaleratu duenez.

Trump urtarrilean Etxe Zurira heldu zenean, eta alde bakarrez Errusiarekiko negoziazioak abiatu zituenean, haietan parte hartzeko eskatu zuten zenbait herrialdek: Ukrainak eta Europako Batasuneko kideek, bereziki. Bada, Karasinek baieztatu du NBE eta beste herrialde batzuk gonbidatzeko prest daudela.

Ukrainak 30 soldadu errusiar hil ditu Kursken

Kievek eta Moskuk borrokan jarraitzen dute Errusiako Kursk eskualdean. Ukrainako Estatu Nagusiak gaur ohar bidez jakinarazi duenez, Errusiako 30 soldadu hil dituzte eskualde horretan egin duten erasoan. Kursk Ukrainako mugatik gertu dagoen eskualde bat da, eta iaz erasoaldi bat abiarazi zuen Kievek, hainbat eremu hartzeraino. Aurten, baina, Errusiako armada lur horiek berreskuratzen ari da.

Bestalde, gauean Errusiak Ukrainari eraso egin diola adierazi du Ukrainako armadak. Ohar batean jakinarazi duenez, Moskuk 139 drone eta misil bat jaurti ditu. Horietako 78 leherrarazi dituela adierazi du Kievek, baina ez du ezer esan beste droneek eta misilak eragindako kalteez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.