NBE etsita agertu da Myanmarrek giza laguntzari jarritako oztopoekin

Hondamena gertatu eta sei egunera utzi dute laguntza sartzen; 100.000tik gora izan daitezke hildakoak

arantxa elizegi egilegor
2008ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Informazioa tantaka heltzen da Myanmartik. Junta Militarrak, zein agintean dagoen, ez du nahi egoera kontrolpetik joan zaiela onartzerik, eta nazioartearen esku-hartzea mugatu nahi dute. Baina ezin diote bakarrik aurre egin Nargis zikloiak eragindako sarraskiari, eta, ondorioz, NBE Nazio Batuen Erakundeak bidalitako hegazkinetako lauri herrialdean lurreratzeko baimena eman zieten atzo. Hala ere, sei egun behar izan dituzte nazioarteak luzatutako eskua onartzeko. Horiek hala, Juntaren jarrerarekin etsita agertu da NBE, egoera gero eta larriagoa izanik, giza laguntzari trabak jartzen jarraitzen dutelako. «Agerian geratu da Juntak ez duela gaitasunik izan hondamena kudeatzeko; haren ahalmena mugatua da», nabarmendu du AEBek NBEn duten ordezkari Zalmay Khalilzad.

NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek galdeketa atzeratzeko eta giza laguntzaren banaketari lehentasuna emateko eskatu zion atzo Gobernu militarrari. Konstituzio berriari buruzko galdeketa dute egitekoa bihar, baina agintariek iragarri dute eskualde kaltetuenetan bakarrik atzeratuko dutela.

Datozen egunetan NBEren hainbat hegazkin dira iristekoak, baina beste askok mugaz bestaldean zain jarraitzen dute; tartean AEBek bidalitakoak. NBEko Garapenerako ordezkari Douglas Alexanderren esanetan, ordea, politika alde batera utzi behar da halako egoeretan. «Tamaina honetako hondamendiak herrialderik garatuena ere beldurtuko luke, eta garrantzitsua da Birmaniako [Myanmar] agintariek onartzea nazioarteak egindako laguntza eskaintza oro». Antzeko aholkua eman dio Txinako Atzerri Ministerioko eledun Qin Gangek ere beren gobernuaren aliatu denari, eta eskatu dio elkarlanean aritzeko nazioartearekin. Txinak 4,3 milioi dolarreko giza laguntza bidaliko duela iragarri du. Bestetik, baimenik gabe ere Myanmarren aire eremuan sartu eta airekoetatik laguntza jaurtitzea aztertzen ari zen atzo Washington.



OZTOPOAK NAGUSI. Laguntza daramaten hegazkinak heltzen hasi badira ere, ez da gauza bera gertatzen NBEk bidalitako adituekin. Erakundeak hondamendien kudeaketan adituak diren ehun lagun bidali ditu herrialdera, baina horietatik gutxi batzuek soilik lortu dute sartzeko baimena. Junta Militarrak, berriz, sartu nahi dutenen zerrenda eskatu dio NBEri, ez baitu nahi oposizioko kiderik herrialdean ezkutuan sartzea. «Junta hasi da mugitzen, baina geldoegi ari da. Gure taldeak ezinean dabiltza», salatu du NBEko eledun Elizabeth Byrsek.

Izan ere, hildakoak 23.000 inguru direla esan arren buruzagi militarrek, badira 100.000tik gora direla diotenak ere. Kaltetuak, berriz, 1,5 milioi inguru dira. Zikloiak eragindako hondamenaren adibide dira Labutta eta Rangun.

Labutta barrutian, iturri ez-ofizialen arabera, 80.000 lagun inguru hil dira; eskualdeko herritarren herenak, alegia. Rangunen, berriz --garai batean Myanmarko hiriburua zen-- , hildakoen berri zehatzik eman ez duten arren, etxeen %95 suntsituta daude. Oposizioko buruzagi eta Bakearen Nobel saridun Aung San Suu Kyirena da kaltetutako etxeetako bat. Lekukoen esanetan, teilatua behera erori zaio eraikinari, eta oposizioko buruak bost egun daramatza argindarrik eta edateko urik gabe. Suu Kyik hamabi urte daramatza etxean atxilotuta.



GOSEA, BELDURRA ETA HASERREA. Myanmarren bizi diren 53 milioi herritar inguruetatik erdiak muturreko pobrezian bizi ziren zikloia heldu baino lehen ere. Kontuan hartuta suntsitutako eremuak direla jende gehien bizi diren lekuak, ez da harritzekoa jendea haserre egotea. Horiek hala, gobernuz kanpoko erakundeek jada ohartarazi dute kalte gehien izan den eremuetan borrokak eta lapurretak hasi direla. Aldiz, Junta Militarrak ukatu egin ditu salaketak, eta eskatu die herritarrei inor halako zurrumurruak zabaltzen entzuten badute segurtasun indarrei jakinarazteko. «Ez da egia lapurretak izan direla, eskrupulurik gabeko jendea zurrumurruak zabaltzen ari da».

Hori nahikoa ez eta adituek iragarri dute natur hondamendiak lehendik murritza zen arroz uzta erabat suntsitu duela. Ondorioz, herritarrek murrizketa horren eraginak jasan beharko dituzte datozen bi urteetan. Horretaz gain, oinarrizko elikagaiak gutxitzearekin batera, horien prezioa bikoiztu egin da hainbat kasutan.



«Agerian geratu da Juntak ez duela gaitasunik izan hondamena kudeatzeko; haren ahalmena mugatua da»

zalmay Khalilzad
AEB-en ordezkaria Nazio Batuen Erakundean
«Garrantzitsua da Birmaniako agintariek onartzea nazioarteak eskainitako laguntza oro»

douglas alexander
NBE-ko garapenerako ordezkaria


DaTua

Saihets zitekeen hondamendia. Miamiko Urakanen Zentroko (AEB) kide Lixion Avilaren esanetan, lau egun lehenago jakina zen Nargis zikloia indar handiarekin helduko zela Myanmarrera: «Halakoetan herrialde bakoitzari dagokio beharrezko neurriak hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.