Jada 25.000 baino gehiago dira joan den astelehenean Turkian, Kurdistanen eta Sirian gertatutako bi lurrikaren ondorioz hildakoak. Ankarak atzo jakinarazi zuenez, 21.800 bat dira bere menpeko lurretan hilak, eta France-Press berri agentziak eman zuen Sirian zendutakoei buruzko datua: 3.500 inguru. Nolanahi ere, NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazpen bat egin zuen: baliteke sismoek hilak orain halako bi izatea; hau da, 50.000tik gora.
«Zaila da kalkulua zehaztasunez egitea, hondakinen artean bilatzen segitu behar dugulako. Baina ziur nago kopurua [hildakoena] bikoiztu egingo dela, gutxienez», nabarmendu zuen atzo Martin Griffiths NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Gaietarako idazkariordeak eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaileak, Adanan (Turkia), biktimentzako arreta zentro batera joan eta gero. Gaineratu zuen, bide batez, sismoak gertatu ondorengo 72 orduetan egoten direla «aukera gehien» erreskatatutakoak bizirik ateratzeko. Griffithsen esanetan, astelehenekoa izan da eskualdean azkeneko 100 urteetan izandako «gertaera okerrena». Konparazio batera,1999ko abuztuan Izmit hirian (Turkia) gertatutako lurrikararengatik, 17.000 bat lagun hil ziren.
Eta Turkiako Poliziak hamabi pertsona atxilotu zituen atzo, Gaziantep eta Sanliurfa (Kurdistan) eskualdeetan lurrikaren ondorioz behera eroritako eraikinen harira. Hango komunikabideek argitaratutakoaren arabera, atxilotuen artean etxegileak daude. 6.000 bat eraikin erori ziren sismoengatik. Atxiloketa gehiago aurreikusten dira, zeren Diyarbakirreko Fiskaltzak (Kurdistan) 29 pertsona atxilotzeko agindu zuen atzo. Turkiako Justizia Ministerioak eskatu du lurrikarak hondatutako eskualdeetan ezar ditzatela sismoekin lotura duten delituak ikertzeko bulego bereziak.
Hondamendiak Kudeatzeko Turkiako Agentziako bozeramaile Sinem Koseoglu elkarrizketatu du Al Jazeera telebista kateak, eta, haren esanetan, iraupen luzekoak izan zirelako eragin zuten lurrikarek horrenbesteko txikizioa. Richter eskalako 7,8 gradukoa izan zen aurreneko dardara, eta 65 segundo iraun zuen. Bigarrena ordu batzuk geroago gertatu zen —Richter eskalako 7,5 gradukoa —, eta 45 segundo iraun zuen. «Bi minututik gorako iraupenaz hitz egiten ari gara. Horregatik izan da hondamendia hainbesterainokoa 110 kilometro koadroko eremu batean». 13,5 milioi biztanle bizi ziren han.
Bestalde, Alemaniako Gobernuaren menpeko bi erakundek atzo jakinarazi zutenez, bertan behera utzi dituzte Turkian egiten ari diren erreskate lanak, argudiatuta arazoak dituztela beren lana modu seguruan aurrera eramateko, «taldeen arteko borrokak eta tiroketak» direla eta. «Turkiako Gobernuak babesa eman bezain laster helduko diogu berriro lanari». Hala kaleratu zuen Reuters berri agentziak.
NBE: Ekialde Hurbileko sismoek hilak orain halako bi izango dira
Jada 25.000 baino gehiago dira Turkia, Siria eta Kurdistango sismoetan hildakoak. Turkiako Poliziak hamabi pertsona atxilotu ditu behera eroritako eraikinen harira; horietako batzuk etxegileak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu