KLIMA LARRIALDIA

NBE: CO2 isurketak murrizteko egungo konpromisoak ez dira nahikoa muga ez gainditzeko

Azterketa batek dioenez, herrialdeek klima larrialdiari aurre egiteko dituzten programak aintzat hartuta, 2010eko datuekin alderatuta CO2 isurketak %10,6 inguru handituko dira 2030ean.

Artzain bat bere bufaloekin, Irakeko Diyala ibaian. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 26a
13:41
Entzun

2015eko Parisko Hitzarmenak zehazten du XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago, industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta. 193 herrialdek sinatu zuten itun hori, baina, NBE Nazio Batuen Erakundeak gaur ohartarazi duenez, CO2 karbono dioxido isurketak gutxitzeko hartutako konpromisoak ez dira nahikoa berotze globalaren muga ez gainditzeko.

NBEren klimarako bulegoak zehaztu du aurreikusten duela 2,5 gradu igotzea tenperatura, aintzat hartuta 193 herrialdeek eremu nazionalean isurketak murrizteko dituzten planak. Bulegoaren arabera, egungo programak aintzat hartuta, CO2 isurketak %10,6 inguru handituko dira, 2010eko datuekin alderatuta; iaz aurreikusten zuen %13,7 handituko zirela. Nolanahi ere, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak nabarmendu izan du planeta berotzen duten gasen isurketa %45 inguru murriztu beharko litzatekeela hamarkadaren amaierarako.

«Oraindik ez gaude berotzea 1,5 gradukoa izango den egoerarako erritmoan», kritikatu du NBEren bulegoko zuzendari Simon Stiellek. «Helburu horri eusteko, gobernuek ekintza klimatikorako haien planak berrindartu beharko lituzkete, eta datozen zortzi urteetan ezarri». 1995az geroztik klima larrialdiari aurre egiteko NBEk antolatzen duen COP goi bileraren 27. aldia dira egitekoak Sharm El Sheikhen (Egipto), eta Stiellek azpimarratu du COP26az geroztik —iaz egin zuten, Glasgown (Eskozia)— 24 herrialdek «soilik» aurkeztu dituztela klima larrialdiari aurre egiteko plan berriak edo berrituak. «Gobernuen ekintzek eta erabakiek islatu behar dute zenbateko urgentzia maila dagoen eta zein denbora gutxi daukagun klima aldaketaren ondorio suntsitzaileak eragozteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.