ARRAZAKERIA

NBA, etenda Wisconsingo hilketa arrazisten aurkako protestan

Jacob Blake afro-amerikarrari tiro egin zion polizia identifikatu dute. Presidenteorde izateko hautagaitza onartzeko ekitaldian, «legea eta ordena» ezarriko dituztela agindu du Mike Pencek.

Kissimmeeko AdventHealth Arenan zen jokatzekoa Milwaukee Bucks-en eta Orlando Magics-en arteko partida. JOHN G. MABANGLO / EFE
2020ko abuztuaren 27a
08:55
Entzun

Igande arratsaldean, polizia batek zazpi alditan egin zion tiro bizkarrean Jacob Blake gizon afro-amerikarrari, eta larri zauritu zuen. Erasoa salatzeko atera dira ordutik Kenoshako kaleetara. Astelehenean, etxeratze agindua ezarri zuen Kenoshako Polizia Departamentuak; iluntzeko zortzietatik aurrera ezin dira kalera atera. Dena den, protestak areagotu egin dira, kalean nahiz beste esparru batzuetan. Astearte goizaldean, gazte batek tiroz hil zituen protestan ari ziren bi lagun.

Besteak beste, oihartzuna izan du Milwaukee Bucks saskibaloi taldeak bart gauean Orlando Magics-en aurka jokatu behar zuen partida boikotatu izana. Jokalariek beroketa lanak egin zituzten, baina, partida hasi baino minutu batzuk lehenago, aldageletara joan eta ez ziren kantxara irten. Taldeak berak argitaratu zuen oharra, jokalarien izenean: nabarmendu dute, Blakeren eta protestetan hildako bi pertsonen aurkako tiroketak direla-eta, euren arreta ezin dela saskibaloian egon, eta justizia eskatu dute Blakerentzat, bai eta justizia sistema erreformatzeko ere. Jokalariak eurak atera ziren azalpenak ematera: «Nekatuta gaude hilketez eta injustiziaz», adierazi zuen George Hill jokalariak.

Partida hori bertan behera geratu ostean, atzo egitekoak ziren kanporaketako beste bi partida ere bertan behera utzi zituen NBA Ameriketako Estatu Batuetako saskibaloi ligak: Oklahoma City Thunder eta Houston Rockets taldeen artekoa, eta Los Angeles Lakers eta Portland Trade Blazers taldeen artekoa.

Pence, «legea eta ordena»

Kaleko protestek, ordea, ez dute etenik izan Kenoshan, eta gai horretaz hitz egin du bart gauean Mike Pence AEBetako presidenteordeak. Bart egin du kargu horretan jarraitzeko hautagaitza onartzeko ekitaldia, eta esan du indarkeria gelditu beharra dagoela: «Argia izango naiz: indarkeria geratu beharra dago, Mineapolisen, Portlanden eta Kenoshan. Legea eta ordena izango dugu AEBetako kaleetan».

Bestalde, Josh Kaul Wisconsingo fiskalak identifikatu egin du Blakeri tiro egin zion polizia: Rusten Sheskey da, eta zazpi urte daramatza polizia lanean. Kaulek berretsi du zazpi aldiz egin ziola tiro, eta jakinarazi Sheskey eta harekin zeuden gainerako poliziak kargugabetu dituztela. Horrez gainera, Kenoshako Poliziak herenegun eginiko agerraldian jakinarazi zuen 17 urteko susmagarri bat atxilotu zuela, Poliziaren indarkeriaren aurkako manifestazioetan tiroka ekin ziona delakoan —bi lagun hil zituen—. Hilketa delitua egotzi diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.