Nazioarteko agendan eragiten jarraitzen du AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpek. Urtarrilaren 20an presidente kargua hartu zuenetik, harrabotsa eragin dute dekretuz hartu dituen hainbat neurrik. Euskal Herrian goizaldea zenean hartu du azkena: Nazioarteko Zigor Auzitegiaren aurkako neurriak hartu ditu. «Legez kontrako» organo bat dela argudiatu du, eta AEBen eta «herrialdearen aliatuen» aurkako prozesuetan lan egiten duten langileei eta haien familiei zigor ekonomikoak jarri dizkie, baita AEBetara sartzea debekatu ere.
Nazioarteko hedabideek zabaldu dutenez, Etxe Zuriak barne ohar bat kaleratu zuen bart. Ohar horretan, auzitegiak «AEBen eta Israel aliatuaren aurkako oinarririk gabeko neurriak» hartu dituela salatu du Etxe Zuriak. Are gehiago, iritzi dio «lotsagarria» dela auzitegi horrek Hamas eta Israel «parekotzat» hartzea. Washingtonek auzitegi horri leporatu dio Israelek «bere burua defendatzeko duen eskubidea» zalantzan jarri izana eta bitartean Iranen eta Israelen aurkako taldeen mehatxuei «ez ikusiarena egiten aritzea». Netanyahu atxilotzeko aginduarekin batera, Hamasen buruzagi militar Mohamed Deif ere atxilotzeko agindua eman zuen auzitegiak.
Hagan (Herbehereak) egoitza duen auzitegiak azkenaldian hartu dituen neurriek «aurrekari arriskutsu bat» ezartzen dutela dio dekretuak: «AEBetako herritarrak arriskuan jartzen dituzte, jazarpena, abusuak eta atxiloketak eraginez». Gainera, Trumpek dekretuan zehaztu duenaren arabera, Nazioarteko Zigor Auzitegiaren ebazpenek «kolokan» jartzen dituzte AEBetako segurtasuna eta herrialdearen atzerri politikak.
Dekretuak Israelekin harreman zuzena izatea ez da ausazko erabaki bat. Izan ere, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin bildu eta bi egunera sinatu du hura Trumpek. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Netanyahu atxilotzeko agindua eman zuen iazko azaroaren 21ean, gizateriaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzita Gazan egindako sarraskiagatik. Israelek ukatu egin ditu hasieratik akusazio horiek, eta Trumpen dekretuak ere gaitzetsi ditu: «Bi herrialdeen [AEBen eta Israelen] armadek zorrozki betetzen dituzte gerrako legeak».
Gauzak horrela, Israelgo gobernuburuak Trumpen erabakia txalotu du. Sare sozialetan idatzi duen mezu batean, eskerrak eman dizkio bi herrialdeen «subiranotasuna» babesteagatik. «[Dekretuak] AEBak eta Israel defendatuko ditu Amerikaren kontrakoa eta antisemita den auzitegi ustel horren aurka. Gainera, ez du ez eskumenik ez oinarririk gure aurkako prozesu judizial bat hasteko», adierazi du Netanyahuk.
Lanean jarraitu
AEBen neurriari erantzun dio Nazioarteko Zigor Auzitegiak, ohar baten bidez, eta esan du Trumpen erabakiak ez duela bere lana galaraziko: «Mundu osoan justiziaren eta itxaropenaren alde lanean jarraituko dugu». Auzitegiak salatu duenez, dekretuaren xedea da justiziaren independentzia eta inpartzialtasuna galaraztea; Trumpi ohartarazi dio ez duela lortuko helburua, eta gaineratu du «milioika errugaberen» alde lan egiten jarraituko duela.
Auzitegia bera ez da neurria gaitzetsi duen bakarra. Nazioarteko hamaika agintari Trumpek ezarritako zigorren aurka agertu dira. Herbehereetako Atzerri ministro Caspar Veldkampek, esaterako, sare sozialak erabili ditu erabakia salatzeko: «Auzitegiaren lana funtsezkoa da inpunitatearen aurkako borrokan». Europar Kontseiluko presidente Antonio Costa ere auzitegiaren alde agertu da. Sare sozialetan argitaratu duen mezu batean esan du Nazioarteko Zigor Auzitegia zigortzeak «nazioarteko justizia sistema osoari» egiten diola kalte.
«Mundu osoan justiziaren eta itxaropenaren alde lanean jarraituko dugu»
NAZIOARTEKO ZIGOR AUZITEGIA
Nazioarteko Zigor Auzitegia 1998an sortu zuten, Erromako Estatutuaren ondorioz, eta haren helburua da genozidioa, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak ikertu eta epaitzea. 120 herrialde dira auzitegiaren parte; AEBak eta Israel, baina, ez dira kideak, eta, hortaz, ez dituzte bete behar hango epaileek hartzen dituzten neurriak.
Ildo beretik
Trumpen erabakiak, baina, are kalte handiagoa egin diezaioke auzitegiari. Beste herrialde batzuetako agintariek ohartarazi dute balitekeela Etxe Zuriko maizterraren bide beretik jotzea. Horietako bat da Hungariako lehen ministro Viktor Orban. Sare sozialetan esan duenez, aldaketak izango dira aurki nazioartean, eta Hungariak erabaki beharko du zer rol hartu: «Aztertzeko garaia da AEBen zigorren menpe dagoen nazioarteko erakunde batean egon behar dugun edo ez!».
Goizaldean sinatu duen dekretua, hala ere, ez da Trumpek Nazioarteko Auzitegiaren aurka hartu duen aurreneko neurria. Bere aurreneko agintaldian (2017-2021), AEBetako armadak Afganistanen gerra krimenak egin ote zituen ikertzen ari zirenen aurkako zigor ekonomikoak ezarri zituen. Hala ere, Trump ez da auzitegi horren aurkako jarrera hartu duen lehena. Joe Biden AEBetako presidente ohiak ere (2021-2025) kritikatu izan du Netanyahu atxilotzeko agindua, eta, iragan urtarrilean, Ordezkarien Ganberak lege proiektu bat onartu zuen Nazioarteko Zigor Auzitegiari zigorrak ezartzeko. Senatuak, baina, atzera bota zuen.