Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministro ohia atxilotzeko agindua eman du gaur Nazioarteko Zigor Auzitegiak. Gazan gerra krimenak eta gizateriaren aurkakoak egin izana egotzi die biei. 2023ko urriaren 8an hasi eta, gutxienez, aurtengo maiatzaren 20ra arte gauzatu zituzten krimen horiek, Hagako auzitegiak zabaldu duen oharraren arabera. Krimen berak egotzi dizkio Hamaseko buruzagi militar bati, Mohamed Deifi. Israelek esana du hura eraso batean hil zuela ekainean, baina Hamasek ez du halakorik baieztatu.
Epaileek Netanyahu eta Gallant egin dituzte Israelgo armadak Gazan gauzatutako krimenen erantzule. Epaileek ebatzi dute Tel Avivek, besteak beste, gosea arma gisa erabili duela, eta Gazara laguntza humanitarioa iristea oztopatu duela. Are gehiago, Hagako auzitegiaren ustez, arrazoizko argudioak daude pentsatzeko bi buruzagiek herritarren aurkako erasoak «nahita» egin zituztela: «Leporatutako krimenak Gazako zibilen aurkako eraso orokor eta sistematiko baten parte dira». Israel ez da Nazioarteko Zigor Auzitegiaren parte, eta, beraz, ez ditu haren ebazpenak bete behar. Palestina, ordea, 2015ean bihurtu zen organo horren kide. Gaur emandako atxilotze agindua dela eta, Netanyahu, Gallant edo Deif auzitegiaren kide den edozein herrialdetan egonez gero, hango poliziek atxilotu egin beharko lituzkete.
Ebazpena argitaratu eta gutxira, hori gaitzetsi du Netanyahuk: «Zentzugabea eta faltsua da». Israelgo lehen ministroaren bulegoak kaleratu duen ohar batean adierazi duenez, «Israel Gazan egiten ari den gerra baino bidezkoagorik ez dago». Nazioarteko Zigor Auzitegia organo «antisemita» bat dela gaineratu du Netanyahuk. Antzera mintzatu da Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroa, X sare sozialaren bidez argitaratutako mezu batean. Erantzun gisa Palestina «kolonizatu» behar dela esan du: «Ebazpenari erantzun behar diogu lurralde osoa kolonizatuz eta erakunde terroristekin ditugun harreman guztiak hautsiz».
Iragan maiatzaren 20an Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak egindako eskaeratik dator ebazpena: Karim Khan fiskalak Netanyahu, Gallant eta Hamaseko hiru buruzagi atxilotzeko agindua emateko eskatu zuen. Eskaera horretan emandako informazioari erreparatuta, auzitegiak uste du froga daitekeela Israelek gosea, besteak beste, arma gisa erabili duela. Laguntza humanitarioaren eta nahitaezko ondasunen «gabeziazko tarte luzeak» eta Netanyahuk horiek gerra helburutzat hartu izanak eraman ditu epaileak hori ebaztera. «Nahita eta momentu oro zer gertatzen ari zen jakinik, bizirik irauteko ezinbestekoak ziren objektuak kendu zizkieten [Netanyahuk eta Gallantek] Gazako zibilei», dio ebazpenak.
Laguntza humanitarioa oztopatzea nazioarteko lege humanitarioaren aurkako ekintza bat dela azpimarratu dute epaileek, eta ikertutako denbora tartean Israelek hori behin baino gehiagotan egin duela iritzi diote; batez ere laguntza humanitarioa emateaz arduratzen diren erakundeen lanari trabak jarriz. Are gehiago, laguntza hori zerrendara sartzeko modua eman duenean ez da izan «nazioarteko legearekin duten betebeharrengatik», baizik eta nazioarteak egindako presioa dela eta; «batez ere Ameriketako Estatu Batuek eskatu diotelako», gaitzetsi dute epaileek. Gainera, azpimarratu dute baimendutako laguntza hori ez dela inoiz nahikoa izan.
Gauzak horrela, epaileek iritzi diote Gazako herritarrak hiltzea eragiten duten baldintzak nahita sortu dituela Tel Avivek zerrendan. Hala ere, nabarmendu dute salaketak jasotzen dituen frogak ez direla nahikoa baieztatzeko «deuseztatze krimena» egon denik.
«Justizia gure alde dago»
Hamas talde islamistak gobernatzen du Gazan, eta ebazpena txalotu du: «Justizia gure alde dago». Taldeko buruzagi politiko Izzat al-Rixqek, ohar bidez, esan du Israelen «benetako aurpegia» azaleratzen duela ebazpenak: «Israelek kontraesanean jartzen du justiziaren kontzeptua, eta talka egiten du giza balioekin». Deif Hamaseko buruzagi militarraren aurkako atxilotze aginduari buruz, ordea, ez du adierazpenik egin.
Netanyahuren eta Gallanten aurkako atxiloketa agindua emateaz gain, paraleloki Deifen aurkako atxilotze agindua ere eman dute Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaileek. Khan fiskalak iragan maiatzean ez zuen soilik Deifen aurkako atxilotze agindua eskatu; Hamaseko buruzagiak ziren Ismail Haniyehren eta Yahya Sinwarren aurkakoak ere eskatu zituen. Azken bi horiek, baina, Israelgo armadak hil zituen; hori dela eta, Hagako auzitegiak erabaki zuen eskariak bertan behera uztea. Deifen kasuan, ordea, ezin izan dutenez frogatu hilda dagoenik, aurrera egitea erabaki dute. Israelek iragan uztailean Hamaseko buruzagia hil izana aldarrikatu zuen.
Iazko urriaren 7an milizia palestinarrek Israelen egindako erasoetan 1.139 lagun hil zituzten. «Palestinako Estatuan eta Israelgo Estatuan» egindako ekintza horiengatik Hamaseko buruzagi militarrari zazpi gerra krimen egotzi dizkio auzitegiak; «zibilei nahita eraso egitea», besteak beste. Hilketa horiek «hainbat lekutan» eta «zibilen aurkako sarraskia» izan zirenez, epaileek uste dute froga nahikoa dagoela «deuseztatze» krimena egon zela baieztatzeko; gizateriaren aurkako krimen bat da hori.
Urriaren 7ko operazio horretan egindako krimenez gain, hurrengo hilabeteetan bahituen aurka egindako zenbait krimen leporatzen dizkiote epaileek Deifi. Horien artean daude, besteak beste, tortura, indarkeria sexuala eta norbanakoen duintasunaren aurkako krimenak.
Armen salmenta blokeatzearen kontra egin du AEB-etako senatuak
AEBek Israeli saldutako armei blokeoa ezartzearen aurka egin zuen AEBetako Senatuak atzo gauean. Arma jakin batzuen —morteroentzako eta tankeentzako munizioa— salmenta debekatzeko eskatuz, Bernie Sanders senatari independenteak ebazpen bat proposatu zuen. AEBetako Kongresuko goi ganberako 79 senatarik, baina, kontra bozkatu zuten; hau da, gehiengo handi batek, 100 kide baititu.
Orduan, nahiz eta azken urtean Alderdi Demokratako kide batzuek egotzi dioten Israeli ez dela behar beste ahalegin egiten ari zibilak babesteko, herenegungo bozketan agerian geratu zen Israelek babes zabala duela Kapitolioan, izan demokratak, izan errepublikanoak. Ebazpena defendatze aldera, Sandersek argudiatu zuen proposatutako murrizketek ez ziotela «Israelen defendatzeko gaitasunari eragingo».