Ekialde Hurbila

Nazioarteko Zigor Auzitegiak atea ireki dio Israel gerra krimenengatik ikertzeari

Epaiketa Aurreko Ganberak ebatzi behar zuen auzitegiak eskumenik ba ote duen Palestinako lurretan nazioarteko krimenak ikertzeko, eta jurisdikzioa duela erabaki du, Palestina erakundeko estatu kide delako.

Nazioarteko Zigor Auzitegiaren egoitza, Hagan, Herbeheretan. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 5a
22:00
Entzun

Fatou Bensouda NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalak atariko ikerketa abiatu zuen Israelek Palestinan gerra eta gizateriaren aurkako krimenik egin ote zuen argitzeko, eta hura amaitutzat eman zuen2019ko abenduan. Ondorioztatu zuenez, «arrazoizko oinarria» dago Israelen kontrako ikerketa formal bat hasteko, baina ez zuen halakorik egin. Aurretik, argibide eskari bat egin zion NZAko Epaiketa Aurreko Ganberari, hark argitu zezan NZAren jurisdikzioak Gaza eta Zisjordania hartzen dituela, ekialdeko Jerusalem barne. Ganberak gaur eman du erabakiaren berri: auzitegiak badu horretarako eskumena, Palestina erakundeko estatu kidea delako. Erabakiak aldeko bi boto izan ditu eta kontrako bat.

Palestina 2015ean bihurtu zen NZAko estatu kide, Erromako Estatutua izenpetu ostean, eta handik aste gutxira aurkeztu zuen Israelen kontrako salaketa. Palestinak estatutua sinatzeko aukera izan zuen, NBE Nazio Batuen Erakundeak bere barruko estatu begirale gisa aitortu zuelako aurretik.

Tel Avivek, ordea, ez dio zilegitasunik aitortzen auzitegiari, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak ganberaren erabakia salatu du. «Gaur, beste behin ere, auzitegiak baieztatu du erakunde politiko bat dela, eta ez erakunde judizial bat». Haren esanetan, NZAk ezikusiarena egiten du «egiazko gerra krimenen aurrean», eta Israel «jazartzen» du, «zuzenbide estatua defendatzen duen herrialde demokratiko bat».

Ez du iritzi bera Michael Kearneyk, Al-Haq giza eskubideen aldeko Palestinako elkarteko zuzenbide ikertzaile nagusiak. BERRIAk hari eginiko elkarrizketa argitaratu zuen iazko abenduan, eta bertan adierazi zuenez, «Israelen krimenen gaineko ikerketa ez hastea zigorgabetasun sentsazioa eta zigorgabetasunaren errealitatea indartzea» litzateke. «Zigorgabetasunari esker, Israelen okupazioa errotzen ari da Palestinako lurretan. AEBen babesa duten anexiorako politiken bidez, gerra krimenak eta gizadiaren kontrako krimenak gertatzen ari dira etengabe zuzenbide estaturik ez den ingurune batean. Apartheid erregimen bat ezarri du Israelek».

Auzitegiak Palestinan gertatu diren krimenen gaineko eskumenik duen erabaki baino lehen, aldeen argudioak biltzeko epe bat ezarri zuen Epaiketa Aurreko Ganberak. Israelen estatu aliatuek adierazi zuten Palestina ezin dela auzitegiko estatu kidetzat hartu. Jarrera horrekin egin dute bat Alemaniak, Australiak, Hungariak eta Txekiar Errepublikak. Epaileen iritziz, baina, ganberak ez du modurik estatu kideek Palestina erakundean onartzeko erabili zuten prozeduraren aurka egiteko, eta gaineratu du Erromako Estatutura gehitzeko egin zituen urratsak «zuzenak eta ohikoak» izan zirela.

Ganberaren erabakiarekin, fiskalak auzitegiaren babesa jaso du ikerketa formal bat hasteko. Dena den, ikusi beharko da Israelen kontrako akusazio batek zein ondorio eraginkor ekar ditzakeen. Izan ere, NZAk ez du hartzen dituen neurriak betearazteko Poliziarik, eta estatu kideen esku uzten du horiek gauzatzeko ardura. Beraz, auzitegiak Israelgo agintariren bat gerra edo gizateriaren kontrako krimenen arduradun dela ebatziko balu ere, ez dago batere argi inork hura NZAaren aurrera eramango duen.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.