Palestinako gatazka

Gazan genozidioa eragozteko neurriak hartzeko eskatu dio Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israeli

Laguntza humanitarioa zerrendara iristeko erabakiak hartzeko galdegin dio auzitegiak Tel Avivi. NBEren organo judizial nagusiarentzat, «nahikoa ebidentzia» daude kasua ikertzeko.

ISRAEL. NAZIOARTEKO JUSTIZIA AUZITEGIA.
Nazioarteko Justizia Auzitegiko epaile batzuk, Hagan, hilaren 12an. EFE
Igor Susaeta.
2024ko urtarrilaren 26a
09:45
Entzun

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez dio esan Israeli, Hegoafrikak bere salaketan eskatu bezala, joan den urriaren 7tik Gazan egiten ari den erasoaldia eten dezala. Baina NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiak nabarmendu du, gaur, badaudela «nahikoa ebidentzia juridiko» zerrendakoa genozidio kasu bat den ikertzeko —halakorik egiten ari diren inguruan «eztabaida» dagoelako—, eta, orduan, Israeli eskatu dio har ditzala genozidioa eragozteko neurriak. Eta beste eskaera bat ere egin dio Tel Avivi: laguntza humanitarioa Gazara iristea ahalbitzeko erabakiak hartzeko. Hilabeteko epea eman dio jakinarazteko zein pauso eman dituen eskaera horiek betetzeko bidean.

Hagako (Herbehereak) bere egoitzan eman du erabakiaren berri, Joan Donoghue presidentearen ahotik —auzitegiak hamazazpi magistratu ditu—. Auzitegi horren ebazpenak lotesleak dira, nahiz eta ez duen horiek betearazteko gaitasunik. Israelek zazpi hamarkada baino gehiago daramatza NBEren erabakiei kasurik ez egiten, baina areagotu egin da harekiko eta haren aliatu nagusi AEBekiko presioa. Iragarpenaren ondoren, hainbatek eskatu baitiote Tel Avivi bete ditzala auzitegiak agindutako neurriak, hala nola Belgikak eta Qatarrek; AEBek, berriz, uste dute salaketa «oinarririk gabea» dela.

Hori bai, auzitegiak epaia kaleratu eta gutxira, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak azpimarratu du, bideo batean, Israelek segituko duela «bere burua defendatzen», nazioarteko zuzenbideak eskatzen duenari «jarraiki». Are muturrekoagoa izan da Segurtasun ministro Itamar Ben-Gviren erantzuna: «Jarraitu dezakete nire ipurdian bilatzen nazioarteko legea beteko duen norbait. Legeak guretzat ez du ezer balio».

Bestalde, Hamasen lider batek nabarmendu du, Reuters AEBetako berri agentziak jasotzen duenez, Israeli «behartu» behar zaiola eskatzen zaiona betetzera. Ildo beretik jo du Hegoafrikako Atzerri ministro Naledi Pandorrek. Haren arabera, su eten bat indarrean jartzea «ezinbestekoa da» Nazioarteko Justizia Auzitegiak agindutako kautelazko neurriak martxan jarri ahal izateko. PAN Palestinako Aginte Nazionalak txalotu egin du Hagan hartutako erabakia, hango Atzerri ministro Riyad al-Malikiren esanetan, horrek frogatu du «estaturik ez dagoela legearen gainetik».

Afrikako herrialdeak zera egozten dio Israeli, «genozidio kalkulatu bat» egitea zerrendan, eta horregatik eseri da Israel, aurrenekoz, auzitegi horren aurrean. Horren harira, auzitegiak zehaztu du, 1948ko NBEren Genozidioaren Konbentzioa oinarritzat hartuta, ahalmena duela kasuari buruz ebazteko. «Hegoafrikak ez dauka genozidio bat gertatu dela erakusteko beharrik», nabarmendu du Donoghuek. Adierazi du, hori bai, Hegoafrikak Israelen kontra egindako «akusazioetako batzuk» sar daitezkeela konbentzioak jasotzen duenaren barruan, eta ez duela, Tel Avivek eskatu moduan, kasua artxibatuko. Prozedurak hilabeteak iraun ditzake, are urteak, eta Israelek bere posizioa defendatzeko aukera edukiko du. Joan den urriaren 7az geroztik 26.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan.

Auzitegiko presidentea 40 bat minutuz aritu da azalpenak ematen eta hartutako erabakiak arrazoitzen. Hainbat aldiz egin dio erreferentzia konbentzioaren 2. artikuluari, zeinak aipatzen duen ekintza bat genozidiotzat hartu behar dela, helburu duenean talde etniko, erlijioso edo nazional bat guztiz txikitzea. Lau kasu hauetan aplikatzen da: talde bateko kideen hilketa; talde bateko kideak fisikoki edo mentalki larriki lesionatzea; giza talde bati bizi baldintza jakin batzuk ezartzea nahita, hura fisikoki suntsitzeko, guztiz edo partez; talde batek haurrak beste talde batera lekualdatzea, indarrez. Donoghueren esanetan, aitortzen diote Palestinari genozidio ekintzetatik babesteko duen eskubidea.

Auziaren bueltako azken hiru hilabeteetako gertakari nagusiak zerrendatu ditu, eta adierazi Gazan gertatzen ari den «tragedia humanoaren tamainaren» jakitun direla auzitegian. Horren harira, NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Gaietarako idazkariorde nagusi eta Larrialdi Laguntzako koordinatzaile Martin Griffithsen hitzak ekarri ditu: «Heriotz eta desesperazio leku bat bilakatuko da Gaza».

Hegoafrikako ordezkariek hilaren 11n aurkeztu zituzten beren argudioak 1948ko Genozidioaren Konbentzioan oinarrituta, eta, aldi berean, nabarmendu zuten «palestinarren kontrako indarkeria» ez zela urrian hasi, baizik eta 76 urte daramatzatela Israelen «indarkeria eta errepresio sistematikoa» jasaten —1948an sortu zuten Israelgo Estatua—.

Israelen defentsak, baina, azken hilabeteetan Gazan egiten ari den erasoaldia justifikatu egin zuen Hagan hilaren 12an, eta nabarmendu «ekintza genozidak» —egin izatekotan ere— Hamasek egin zituela urriaren 7an, Israelen sartu eta 1.200 pertsona hil eta 200dik gora bahitu baitzituen. Gainera, Gazako gerraren «irudi desitxuratua» ematea leporatu zion Hegoafrikari.

Nazioartea, oro har, gero eta ozenago ari zaio esaten Israeli erasoaldia eten dezala. AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenen esanetan, baina, Hegoafrikaren salaketa «distrakzio bat» da. Hain zuzen, Pentagonoko iturriek jakinarazi dutenez, Hegoafrikako bere homologo Naledi Pandorrekin hitz egin zuen Blinkenek atzo, telefonoz, eta biek azpimarratu zuten beharrezkoa dela zibilen bizitzak babestea. Hori bai, AEBetako Estatu idazkariak adierazi zion Israelek eskubidea duela «bermatzeko» urriaren 7koen moduko erasoak ez direla berriro inoiz gertatuko.

Aurrekari bat

Eta bada aurrekari bat, duela ez hainbestekoa gainera, Hagara eramandako genozidio salaketa batena. Ukrainako Gobernuak Errusiakoa salatu zuen 2022ko otsailean, inbasioa hasi eta gutxira, 1948ko Genozidioaren Konbentzioak jasotzen duenari helduta. Auzitegiak, behin-behineko neurri gisa, inbasioa eteteko eskatu zion Errusiari, baina Kremlinek esan zuen ez zuela kontuan hartuko, «ezin» zuela hori egin.

Bestalde, Israelek berriro eskatu du, gaur, Khan Yunis errefuxiatu gunea ebakuatzeko. Azken asteetan Israelen erasoen helburu nagusietako bat bihurtu da Gaza hegoaldeko eremu hori, argudiatuta Hamas talde islamistako buruzagi batzuk han ezkutatuta daudela. Armadaren bozeramaile batek eskatu du, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, «segurtasunagatik» mendebalderantz «berehala» lekualdatzeko, Al-Mawasira, leku «segurua» dela azpimarratuz. Hala eta guztiz ere, Israelek hiri hori ere bonbardatu izan du. 500.000 bat pertsona daude Khan Yunisen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.