Nazioarteko egoera edozein dela ere, Txinak Iranekiko adiskidetasunari eutsiko dio

Raisi Xirekin elkartu da, eta esan du Pekin «bazkide estrategiko zintzo bat» dela. Bien arteko lankidetza handitzeko itunak sinatuko dituzte

Ebrahim Raisi Irango presidentea eta Xi Jinping Txinakoa, atzo, Pekinen. YAN YAN / EFE.
ander perez zala
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Nazioarteko eta eskualdeko egoera» kontuan hartu gabe, hau da, abagunea edozein dela ere, Txinak Iranekin duen adiskidetasuna eta lankidetza mantenduko ditu «modu hautsezinean». Xi Jinping Txinako presidenteak Ebrahim Raisi Irangoari atzo esandakoak agerian utzi du bi herrialde horiek elkarrekiko harremana handitu eta sakondu nahi dutela AEB Ameriketako Estatu Batuen aurrean, eta, batez ere, Errusiaren Ukrainako inbasioak eragindako aldaketak munduan sumatzen ari diren honetan.

Raisik atzo abiatu zuen, Pekinen, hiru eguneko bisita bat. Horren garrantziaren erakusle da harekin batera joan direla Txinara Irango Banku Zentraleko gobernadorea, eta gobernuko sei ministro; tartean, Atzerrikoa, Petroliokoa, Ekonomiakoa eta Merkataritzakoa. Islamiar errepublikako presidenteak atzo aitortu modura, Txina «bazkide estrategiko zintzo bat» da, eta «elkarrekiko konfiantza» izateko moduko aliatu bat ere bai.

Bi estatuburuen bilkuraren bezperan jakinarazi zutenez, agintariek hainbat «lankidetza dokumentu» sinatuko dituzte egunotan, bi herrialdeen arteko kooperazioa indartzeko. Zehazki, Xik Raisirekin izan duen bileraren ondoren adierazi zuenez, Pekinek eta Teheranek merkataritzan —Txina da Iranen bazkide komertzialik handiena—, nekazaritzan, industrian eta azpiegituretan handituko dute elkarlana. Eta, horrekin lotuta, Irango presidenteak esan zuen 2021ean sinaturiko Lankidetza Estrategikorako Hitzarmenaren edukiaz ere arituko direla —25 urteko iraupena du, eta xehetasunak ez dituzte argitara atera—.

Azken urtean, Pekinek eta Teheranek Mendebaldeko agintarien presioa jasan dute Errusiaren Ukrainako inbasioaren inguruan duten jarreragatik. Islamiar errepublika, gainera, AEBek agindutako zigor ekonomikoak jasaten ari da, eta Washingtonek Irani leporatu dio Errusiari droneak ematea Ukraina bonbardatzeko —Teheranek ukatu egin du akusazio hori—; Pekin, aldiz, jarrera neutro bat izaten saiatu da Europako gerra horren aferan. Hori bai, Txina eta Iran dira Errusiak nazioartean dituen aliatu garrantzitsuenak.

Akordio nuklearra eta irlak

Urteotan Pekin izan da Irango akordio nuklearra (2015) berriz negoziatu eta adostearen alde agertu diren potentzietako bat, eta, Teheranek bidalitako ordezkaritza ikusirik, badirudi afera horretaz ere arituko direla egunotan, Ali Bagheri Kani islamiar errepublikaren negoziatzailea ere Txinan baita. AEBak itun horretatik atera ziren 2018an, eta, harrezkeroztik, Pekin hitzarmena berriz egitearen alde agertu da; baita Errusia ere, baina, egun, gai hori ez du lehentasunetako bat.

Irango Gobernuak, gainera, kexak helarazi dizkio Txinari hilabeteotan, Arabiar Emirerri Batuekin duen gatazka diplomatiko baten harira. Teheranek Abu Musa irlaren eta Ormuzko itsasarteko uharte batzuen kontrola bereganatu zuen 1971n, baina Abu Dhabik dio bere lurraldearen parte dela. Testuinguru horretan, Pekinek esana du irtenbideak negoziatua izan behar duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.