Ezinegona sortu du Poloniako Gobernuak urrian onartutako migrazio estrategia berriak. Donald Tusk herrialdeko lehen ministroak aurreratu zuen estrategia horren gairik polemikoena, urriaren 12an egindako prentsaurreko batean: asilo eskubidea denbora batez bertan behera uzteko aukera. Hiru egun geroago aurkeztu zuten migrazio politiketarako oinarri izango den estrategia berria, Kontrola berreskuratu, segurtasuna bermatu izenekoa.
Nazioarteko zuzenbidearen arabera, estatuak behartuta daude asilo eskubidea bermatzera. Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak ere jasotzen du eskubide hori; hala dio 14. atalean: «Jazarpenik jasanez gero, pertsona orok du edozein herrialdetan babesa bilatu eta izateko eskubidea». Bada, Tuskek bertan behera utzi nahi du, argudiatuta «asilo eskubidea erabiltzen» ari direla nazioarteko babesaren beraren aurka.
Poloniako lehen ministroak Errusiako presidente Vladimir Putin eta Bielorrusiako Aleksandr Lukaxenko egin ditu nazioarteko babesaren erabilera okerraren erantzule. Urriaren 12an egindako hitzaldi hartan, «gerra hibridoa» egitea egotzi zien bi herrialde horiei; hau da, migranteak Europako Batasunera bideratzea bertan ezegonkortasuna eragiteko asmoz.
Magdalena Nazimek abokatua bat dator Tuskekin Errusia eta Bielorrusiaren asmoei dagokienez, baina ez du uste estrategia berriak bi herrialde horiei kalte egingo dienik: «Egia da Bielorrusiako mugako krisia Bielorrusiak berak antolatu duela, Errusiaren laguntzarekin. Baina estrategia berriak ez du horien aurka egiten, pertsonen aurka baizik».
Nazimekek Migrazio Partzuergoa erakundean egiten du lan; migrazio arloko bederatzi GKE gobernuz kanpoko erakunde biltzen ditu partzuergo horrek. Telefonoz azaldu du bere ustez Tusken estrategia berria migrazio kontuetatik harago doala: «Mugimendu politiko bat da». 2025ean presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Polonian, eta abokatuari iruditzen zaio horrekin lotuta dagoela estrategia berria.
«Egia da Bielorrusiako mugako krisia Bielorrusiak berak antolatu duela, Errusiaren laguntzarekin. Baina estrategia berriak ez du horien aurka egiten, pertsonen aurka baizik»
MAGDALENA NAZIMEKAbokatua eta Migrazio Partzuergoa erakundeko kidea
Poloniak kilometro gehiago ditu Ukrainarekiko mugan, Bielorrusiarekikoan baino. Hain zuzen, Ukrainakoak dira Poloniara iristen diren etorkin gehienak; bereziki, 2022an Errusiak Ukrainako inbasioa hasiz geroztik. Ez ukrainarrak bezainbeste, baina muga zeharkatzen duten bielorrusiarrak ere ugaritu egin dira azken urteetan. Nazimekek zehaztu duenez, 2020an Lukaxenkoren aurka egin ziren protesten ostean, nabarmen egin zuen gora kopuruak.
Horien atzetik, nazionalitate ugaritako etorkinak iristen dira Poloniara: «Gehienak, ekialdetik: Georgiatik, Moldaviatik, Armeniatik... Berriki, Hego Ameriketatik era hasi dira etortzen; Kolonbiatik, gehienbat. Eta nazioarteko babesa eskatuz, Siriatik, Eritreatik, Sudandik, Afganistandik eta Somaliatik ere iristen dira; oso gutxi dira ukrainarrekin edo bielorrusiarrekin alderatuta». Eta gehitu du: «Oso harrera ezberdina egiten zaie nazionalitatearen arabera». Abokatuaren hitzetan, poloniarrek harrera hobea egiten diete Ukrainako errefuxiatuei, Afrikakoei eta Ekialde Hurbilekoei baino.
«Beldurraren narratiba»
Poloniako gizartean «eztabaida» ugari eragin du immigrazioak, eta azkenaldian giroa «gaiztotu» egin dela jakinarazi du Nazimekek. Egoera hori herritarren babesa lortzeko abagune gisa ikusi du Poloniako Gobernuak, eta «beldur giroa» baliatu du migrazio estrategia berria onartzeko: «Segurtasuna bermatu beharra argudiatuta onartu dute estrategia, etorkinek gure segurtasuna mehatxatuko balute bezala».
Halere, abokatuak jakinarazi du estrategiak berak ez duela aldaketarik eragingo: «Dokumentu oso orokorra da, eta ez du informazio zehatzik ematen: Poloniak zer bideri jarraitu behar dion baino ez». Behin hori onartuta, gobernuak inplementazio plan bat zehaztu beharko duela iruditzen zaio Nazimeki; «horrek erakutsiko du zer aldatuko den eta zer ez».
Estrategia berria onartu eta hiru egunera, Poloniako 35 GKEk ohar bat argitaratu zuten Tusken asmoek eragin zieten kezka adieraziz. Nazimekek lan egiten duen Migrazio Partzuergoa izan zen sinatzaileetako bat. Estrategia berrian darabilten «beldurraren narratiba» gaitzetsi du: «Etorkinen kopurua kontrolatu eta mugatu beharraz mintzo dira».
Galdetuta estrategiako zer atalek eragiten dion kezkarik handiena, ez du zalantzarik: «Asilo eskubidea eteteak». Azaldu diete denbora jakin batez eta gune jakin batzuetan baino ezingo dela aplikatu, «aparteko konponbidea» izango dela. Abokatuak, ordea, argi du: «Eskubidea eteteko aukerak ez luke estrategian egon behar». Izan ere, jakinarazi du neurri horrek, besteak beste, Europako Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutuna eta Poloniako Konstituzioa urratzen dituela.
Integrazioaren dilema
Migrazio estrategiak integrazioa aipatzen du, eta haren garrantziaz mintzo da. Ez dute, ordea, modu berean ulertzen integrazio hitza Poloniako Gobernuak eta Nazimekek: «Etorkinek Poloniako gizartera egokitu behar dutela diote, eta bertakook ez daukagula ezer egin beharrik elkarren arteko komunitate bat eratzeko». Planteamendu hori erabat okerra da abokatuaren iritziz: «Hain justu, hori da integrazioa: elkarrekin lan egitea».
Gainera, Migrazio Partzuergoak jakinarazi du Varsoviak asmoa duela etorkinen sailkapen bat egiteko, Poloniako gizartera egokitzeko aukera duten edo ez kontuan hartuta. Abokatuak ez daki noiz eta nola aplikatuko duten neurri hori; bisa eskatzerakoan edo egonaldia luzatu behar denean izan daitekeela iruditzen zaio. Argi duena da prozedura «diskriminatzailea eta arrazista» dela: «Jaioterriaren araberako zerrenda bat egingo dute. Alde batetik, ustez integratzeko aukera dutenak egongo dira; bestetik, aukerarik ez dutenak».
«Jaioterriaren araberako zerrenda bat egingo dute: alde batetik, ustez integratzeko aukera dutenak egongo dira; bestetik, aukerarik ez dutenak»
MAGDALENA NAZIMEKAbokatua eta Migrazio Partzuergoa erakundeko kidea
Estrategiak aipatzen dituen neurriek kezkatzen duten moduan, agertzen ez direnek ere sortu diote ezinegona Nazimeki. Etorkin askok pairatzen duten lan gehiegikeriaren aurkako babes neurrien falta sumatu du: «Benetako arazo bat da; lehentasuna izan beharko luke, eta aipatu ere ez da egiten».
Europako Batasuneko zenbait estatu migrazio politikak gogortzen ari dira; Tusken gobernuaren erabakia, baina, urrunago doala iruditzen zaio abokatuari. Europako beste herrialde batzuek, Poloniak berak bezala, etorkinak kanporatu izan dituzte. Orain arte, ordea, Nazimeken hitzetan, inork ez du horren modu argian egin asilo eskubidearen aurka.