Nazioarteko agintarien topaleku bihurtuko da Frantzisko aita santuaren hileta ekitaldia

Larunbateko hileta ekitaldian izango dira, besteak beste, Guterres, Von der Leyen, Trump, Macron, Starmer, Meloni eta Zelenski. Jorge Mario Bergoglioren gorpua Vatikanoko Done Petri basilikara eraman dute, jarraitzaileek azken agurra eman diezaioten.

Frantzisko aita santuaren hilkutxa Vatikanoko Done Petri basilikako sarreran, gaur. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Frantzisko aita santuaren hilkutxa Vatikanoko Done Petri basilikako sarreran, gaur. RICCARDO ANTIMIANI / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 23a
12:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohikoa izaten da hileta ekitaldietara hildakoarekin gaizki moldatzen zen jendea ere bertaratzea. Bada, halako zerbait gertatuko da Frantzisko aita santuaren hileta ekitaldian. Jorge Mario Bergogliok migratzaileen inguruan zuen ikuspegiak, esaterako, bete-betean egiten zuen talka Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen politikekin, baita Giorgia Meloni Italiako lehen ministroarenekin ere. Hain zuzen, Etxe Zuriak eta Erromak abiarazitako deportazioak gaitzetsi izan zituen aita santuak. Halere, Trump eta Meloni Vatikanoan izango dira larunbatean, Bergoglioren hileta elizkizunean.

Frantziskoren ideietatik hurbilagokoak batzuk, aldenduagoak beste batzuk, baina munduko agintari ugari elkartuko dira larunbatean Vatikanoan. Estatuz gaindiko erakundeei dagokienez, aita santuaren hileta ekitaldian egongo dira NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterres, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, Europako Kontseiluko presidente Antonio Costa eta Europako Parlamentuko presidente Roberta Metsola. Horietaz gainera, mundu osoko estatuburu eta gobernuburuak ere bertaratuko dira, hala nola Frantziako presidente Emmanuel Macron, Erresuma Batuko lehen ministro Keir Starmer, Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, Argentinako presidente Javier Milei eta Brasilgo presidente Luiz Inazio da Silva Lula. Daniel Noboa ere bertan izango da, Ekuadorko presidentetzarako bozak irabazi berri dituen honetan, baita Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra ere, zeina agintaldia amaitzear den. Espainiako presidente Pedro Sanchez, aldiz, ez da ekitaldian izango.

Aita santuaren gorpua gaur eraman dute haren bizilekutik, hau da, Santa Marta etxetik Vatikanoko Done Petri basilikara. Hilkutxa han egongo da datozen hiru egunetan, eta, hala, jarraitzaileek azken egurra eman ahal izango diote Bergogliori.

Bergoglio herenegun hil zen, 88 urterekin, Vatikano Hirian. Azken hilabeteetan osasun arazoak izan zituen Frantziskok: hilabete pasatxo igaro zuen ospitalean pneumoniagatik, martxoaren 23ra arte. Pazko igandean, jendaurreko agerraldi bat egin zuen Vatikanoko Done Petri plazan, urbi et orbi bedeinkazioa emateko. Aurretik, J. D. Vance AEBetako presidenteordeari harrera egin zion Santa Marta etxean; hura izan zen Frantzisko aita santuarekin bildu zen azken politikaria.

Aurrekoekin alderatuta, progresista

Bilkuraren inguruko xehetasun handirik ez zuten eman, baina jakina da aita santuak desadostasunak zituela zenbait kontutan Trumpen administrazioarekin. Esaterako, otsailean, Bergogliok gutun bat bidali zien AEBetako apezpikuei, eta, hartan, Etxe Zuriak abiarazitako deportazioak kritikatu zituen. Aita santuaren arabera, pobreziatik, jazarpenetik eta ingurumenaren hondatzetik ihesean ari diren milaka pertsonaren duintasunaren aurkakoak dira Washingtonek hartutako neurri horiek. Gainera, kapitalismo globalaren gehiegikerien kontra ere mintzatu zen behin baino gehiagotan, ingurumena babestea garrantzizkotzat jotzen zuen, NATOk Errusia probokatzea kritikatu zuen, eta palestinar herriaren alde agertu izan zen.

Eliza katolikoaren moldeen barruan progresistatzat jo izan bada ere, zenbait arlotan albo batera utzi izan ditu hasierako asmo erreformistak. Adibidez, emakumeak apaiz izatearen kontra agertu zen, eta abortuaren eta eutanasiaren kontra mintzatu. Bestalde, zenbait gobernu homosexualei jazartzea gaitzetsi bazuen ere, esan zuen homosexualitatea bekatua dela. Aurreko aita santuekin alderatuz berrikuntzak egin baditu ere, Bergogliok bere hartan eutsi dio Elizaren egitura instituzionalari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.